NAIZ

Palestinako herriaren erresistentziaren aldeko manifestazioa deitu dute Bilbon larunbaterako

Israelek 75 urtez indarrean izan duen kolonializazioaren aurrean Palestinako herriak erresistentziarako eskubidea duela aldarrikatuko dute larunbatean Bilbon, hainbat taldek deituriko manifestazio nazionalean.

Mobilizazioaren berri emateko gaur Bilbon egin duten agerraldia.
Mobilizazioaren berri emateko gaur Bilbon egin duten agerraldia. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Palestinako herriak erresistentziarako duen eskubidearen aldeko manifestazio nazionala deitu dute heldu den larunbaterako Bilbon (Jesusen Bihotza, 18.00). Deitzaileak Euskal Herriko hainbat eragile dira, baina zerrenda ez da momentuz jakitera eman. Manifestazioaren leloa ‘Gora palestinar erresistentzia. Sionismoa genozida da’.

Bilbon astelehen honetan egin duten agerraldian nabarmendu dutenez, «egun hauetan Palestinan gertatzen ari dena Estatu sionistaren 75 urteko kolonialismo, apartheid eta Gazako Zerrendaren aurkako blokeoaren testuinguruan soilik uler daiteke».

«Ez gaude ‘Hamasen aurkako gerra’ baten aurrean, herri baten genozidioaren eta elkartasun adierazpenen jazarpen eta errepresioaren aurrean baizik», nabarmendu dute.

«Mendebaldeko gobernuen, enpresen eta alderdi politikoen konplizitateak eta lankidetzak Israelgo Estatua legitimatzen dutela salatu nahi dugu. Bai eta Bakean izenean bi aldeetan indarkeria amaitzea deitzen duten diskurtsoak ere, zapalduak eta zapaltzaileak parekatuz», salatu dute.

«Palestinar herriak bere okupatzailearen aurkako erresistentziarako eskubidea du. Forma eta adierazpen guztietan. Ezin da parekatu edo kriminalizatu herri baten autodefentsa-erresistentzia erakunde militar kolonial inperialista batekin», azpimarratu dute.

«Estatu genozidari boikota, desinbertsioak eta zigorrak ezartzeko unea da. Ezin ditugu normaltzat jo gure kaleetan gero eta presenteago dauden adierazpen sionistak, ezta sionismoarekin harreman ekonomiko, politiko eta instituzionalak ematea ere», aldarrikatu dute.

«Dei egiten diogu Euskal Herriari Palestinarekiko elkartasun aktiboa adierazten jarrai dezan, palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea defendatzen jarrai dezan Euskal Herrian inongo espresio sionistarik normalizatzen utzi», erantsi dute.

Ikasle Sindikatuak grebara deitu du

Bestalde, Ikasle Sindikatuak ikasle greba deitu du ostegunerako Palestinako herriarekin elkartasuna adierazteko. Honekin batera, mobilizazioak deitu dituzte egun horrretarako 12.00etan Bilboko Arriaga plazan eta Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan.

«Ikasle Sindikatua Palestinako herriaren lubakian gaude, bertako emakume, gizon eta haurren ondoan. Euren eskubideak defendatuko ditugu zapalkuntzari gabeko bizitza izateko, benetako independentzia eskuratzeko, okupazioarekin amaitu eta esklabotza inperialistarik gabeko justizia soziala izatekoak alegia», aldarrikatu dute.