«Ekialde Hurbileko eta Ertaineko egoeraren larritasuna eta Euskadin bereziki dagoen sentsibilizazioa mahai hau sortzeko bezainbesteko pisua duten arrazoi bi dira». Hitz horiekin mintzatu da Iñigo Urkullu Lehendakaritzan, Hamasen erasoaren ondotik Israelek Gaza zigortzeko martxan jarri zuen mendeku operazioaren ondorioak aztertzeko helburuarekin Lakuak sortu duen sailen arteko foroan.
Eratu berri den foro honen aurrean egin duen hitzartzean, Urkulluk azaldu du Lakuak abian jarri dituela jada Unrwari (Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa) 500.000 euroko ekarpena helarazteko izapideak eta, horrela, 100 milioi euroko funtsak lortzeko agentziak egin duen «hasierako larrialdi deialdiari» erantzuna emate aldera.
Urkulluk adierazi duenez, hiru zutabe nagusi daude mahai honen sorreran: «Bortizkeria, terrorismo eta biztanle zibilen aurkako ekintza ororen gaitzespena; Nazioarteko Eskubideekin eta Nazio Batuekin bat egitea; eta Nazioarteko bitartekaritzaren eta konponbide adostuen deialdia».
Une honetan, «lehentasunik presazkoena —nabarmendu duenez— oxigeno humanitarioko eta liskarrik gabeko guneak sortzea da; Gaza barnealderaino korridore humanitarioak finkatzea; bahituak askatzea; eta biztanle zibilen aurkako eraso guztiak amaitzea».
Eta arlo humanitarioko presazko eskakizunekin batera, «beharrezkoa eta presazkoa da diplomaziak esku hartzea eta nazioarteko bitartekaritza, su-etena eta krisiaren irteera adostua lortzeko».
Era berean, Urkulluk esan du Lakua «etenik gabe» harremanetan dagoela espainiar Gobernuarekin, Europako erakundeekin, Nazio Batuen agentziarekin, Unrwarekin eta lurraldean finkatuta dauden euskal GKE-ekin.
Aipatu mahaia sailburuordetzen arabera osatu da. Lehendakaritzaren bilera honetara honako hauek bertaratu dira: Rodrigo Gartzia, Segurtasun sailburuordea, Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordea; Jorge Arevalo, Lanbide Heziketako sailburuordea; José Luis Quintas, Osasun sailburuordea; Alfonso Gurpegui, Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordea; Mikel Amundarain, Industria sailburuordea; Pedro Jauregui, Etxebizitza sailburuordea; Itziar Agirre, Ogasuneko sailburuordea; Paul Ortega, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria; Marian Elorza, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia; Jonan Fernandez, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia; eta Manu Castilla, Koordinazio eta Gizarte-komunikazioko idazkari nagusia.