Urriaren 20an amaitu zen Beskoitzeko ikastolaren gurasoek eta Seaskako ordezkariek Herriko Etxeari emandako epea erantzun bat emateko.
Izan ere, 2014an sortu zen ikastolako haurrei harrera duina bermatzeko ikastetxe horren arduradunek ezinbestekotzat jotzen duten eraikin handiagoa altxatzeko eskaerari tokiko erakundeak isiltasunarekin erantzun diola ikusita mobilizazioa egiteko hautua egin dute.
Heldu den azaroaren 18an, goizeko 11.00etan, Lapurdiko herrian antolaturiko mobilizaziora joateko deia zabaldu dute gaurko agerraldian ikastolako gurasoek. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariaren eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko buru den Nekane Artolaren sostengua jaso dute.
Peio Jorajuriak Beskoitzeko Herriko Etxea kudeatzen duten arduradunen jokabidea joan zen mendeko 70. hamarkadan hainbat hautetsik agertzen zutenarekin alderatu du.
«Garai hartan hautetsiek euskararen alde zirela zioten baina egitateetan arrunt kontrakoa egiten zuten», azaldu du.
Ikastola herri eskola dela oroitarazi die, ondoren, Beskoitzeko gurasoen nahikeriari traba jartzen dioten hautetsiei.
«Ikastola kanpoko espaziorik gabe nahi izateak esan nahi du ikastola ito nahi dutela, euskara ito nahi dutela», gaineratu du Seaskako lehendakariak.
Euskararen eta herriaren garapenarentzat traba
Euskararen gainbehera iragartzen duen azkeneko inkesta soziolinguistikoa aipatuz, Jorajuriak aldarrikatu du «gaur egun ikastola tresna ezinbestekoa dela euskararen eta bere kulturaren bermatzeko», ildo beretik «ikastolaren garapena oztopatzea euskararen garapena eta herri honen oztopatzea dela» agerian jarrita.
Aurrera baino atzera egiteko jokamolde horiek salatzeko, «mobilizazio handi batetarat» deitu ditu azaroaren 18an, larunbatean, hizkuntzari atxikiak diren herritar guztiak.
«Ikastola herri eskola, aterabide bat Beskoitzeko ikastolarentzat» izanen da goizeko 11.00etan hasiko den mobilizazio horren leloa.
Beskoitzekoa 114 ikastoka biltzen dituen Euskal Herriko Ikastolen Federazioko kidea dela oroitarazi du, bere aldetik, Nekane Artolak.
Europako kooperatiba gisara jarduten duen elkartearen buru gisa mezu argia zabaldu du: «Euskarak ezin du gehiago horrelako ekintzarik onartu hautetsi arduragabeen aldetik».
Finean, «euskararen etorkizuna Beskoitzen ere jokatzen dela» aldarrikatuz, azaroaren 18an Lapurdiko herrian deituriko mobilizazioarekin bat egiteko deia babestu du Artolak.