Alaia Sierra

Esther Ferrerren ‘Números primos’ mosaikoa Artiumeko barruko plazan berpiztu da

Errestaurazio lan luzearen ondoren Esther Ferrer artistaren ‘Números primos’ (zenbaki lehenak) lana Gasteizko Artium museoaren barruko plazan jarri dute behin betiko. 2003an Prado parkean jarri zen lan honek matematika eta artearen arteko harremana erakutsi nahi du, modu pedagogikoan.

Ezkerretik eskuinera, Herraez, Diaz de Corcuera, Ferrer eta Del Val, obraren gainean.
Ezkerretik eskuinera, Herraez, Diaz de Corcuera, Ferrer eta Del Val, obraren gainean. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Matematika eta artea bereizezinak direla» erakusten duen ‘Números primos’ (zenbaki lehenak) Esther Ferrerren artelana Gasteizko Prado parketik berreskuratu eta Artium museoaren barruko plazan ipini dute, jolas- eta hezkuntza-esparru izaten jarrai dezan.

Lurrean instalatutako gresezko zeramikazko 10.000 lauza karratuk osatzen duten lanak 2003an ikus zuen lehenengoz argia, parkeko lurrean, horretarako bereiziki sortua izan baitzenartistaren lehenengo instalazio iraunkor hau. Hala ere, erabilera handiko toki bat zenez, kontserbazioa zaila zen eta hondatu egin zen.

Zazpi hilabeteko lanaren ondoren, ostegun honetan aurkeztu dute berritutako obra. Esther Ferrer bera bertan izan da, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariarekin, Ana del Val Artium Fundazioaren Batzorde Betearazleko presidentearekin eta Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziarekin batera.

Ferrerrek «esker on bikoitza» helarazi du, oraingoan egindako lanagatik eta, duela 20 urte, «inori interesatzen ez zitzaion zerbaitetan interesatzeagatik». Gainera, askotan bere obrak egiteko erabili dituen zenbaki lehenen garrantzia nabarmendu du: «Matematika eta artea banaezinak dira eta ez dakigu zenbat gauza dauden zenbaki lehenetan oinarrituta».

200 metro koadro, erabilgarri

‘Números primos’ lanak 200 metro koadro inguruko azalera du eta zeramikazko 10.000 lauzak osatzen dute. Horietatik 4.556k diagonal gorri bat dute, 4.222k diagonal urdin bat eta 1221ek zenbaki lehen bat dute inprimatuta, 41etik 10.039ra, biak barne.

Beatriz Herraezek azpimarratu duenez, kokapen berriarekin obra «egunerokotasunaren eta paisaiaren parte izango da». Gainera, museoaren inguruan kokatutako emakume artista baten lehen lana da, Chillidaren, Oteizaren, Serraren eta Basterretxearen lanekin.

‘Números primos’ gaizki kontserbatzen zen Prado parkean. (Gasteizko Udala)

Kontserbazio egokia bermatzeaz gain, museoaren bisitarien topaketarako eta parte-hartzeko gune bezala ere erabili nahi da. Asmoa bertan performance praktikei lotutako programa artistikoak egitea eta proposamen pedagogikoak garatzea da.

Esther Ferrerren lan esanguratsuenetarikoa den hau, izan ere, erabilia izateko sortu zen, haurrek bertan jolas zezaten, esate baterako, artearen zentzu pedagogikoaren adibide gisa. Horregatik, artearen, pedagogiaren eta formakuntzaren arteko biltzean, hain zuzen, Ferrer «aitzindaria da artea eraldatzeko tresna izan dadin», Artiumeko zuzendariaren hitzetan.

Garrantzia nazioartean

Esther Ferrer (Donostia, 1937) artistak 1960ko hamarkadatik interbentzioak banaka edo ZAJ taldeko kide gisa egin ditu. Zehazki hamarkada horren hasieran sortu zuen, Jose Antonio Sistiaga margolariarekin batera, adierazpen libreko lehen tailerra, beste hainbat jarduera pedagogiko paraleloren hazi bihurtu zena, besteak beste, Elorrioko Eskola Esperimentala.

1999an, Manolo Valdesekin batera, Veneziako Bienaleko Estatu espainoleko pabiloian parte hartu zuen, 2008an Arte Plastikoen Sari Nazional espainola jaso zuen, 2012an Gure Artea saria eman zioten bere ibilbidea aitortzeko eta 2014an Velazquez saria. Bere ibilbide luzean, mundu osoko erakusketa eta jaialditan izan da.