NAIZ

Etxalde Emakumeak eta EHNE Bizkaiak Bilbon egindako azokan greba orokor feministara deitu dute

Bilboko Areatzan «merkatu gardena» egin dute Etxalde Emakumeak eta EHNE Bizkaia eragileek. Bertan, azaroaren 30erako greba orokor feministara dei egin duten, eta nekazarien ikuspegitik egindako ekarpenak plazaratu dituzte: kolektibizazioa, profesionalizazioa eta zaintza emantzipatzaileak.

Ostegun goizean Bilbon egin duten merkatu gardena.
Ostegun goizean Bilbon egin duten merkatu gardena. (Marisol Ramirez | FOKU)

Bilboko Areatzan «merkatu gardena» egin dute ostegun goizean Etxalde Emakumeak taldeak eta EHNE Bizkaiak, azokan zehar greba orokor feministara egin dute dei, eta 400 poltsa saldu dituzte esneki, ogi eta denboraldiko barazkiekin. Azaroaren 30ari begira, bi aldarri nagusi plazaratu dituzte: «Batetik, elikadura osasuntsuak zaintza sisteman integratuta egon behar du; eta bigarrenik, zaintzak ez du pertsonei begirakoa soilik izan behar: lurrik gabe, hazirik gabe, urik gabe, abererik gabe, ez dago bizitza posiblerik».

Jendetsua izan da ostegun goizeko azoka, grebara dei egiten zuten poltsa moreek koloreztatu dute Areatzako gunea. Bi eragileek grebara dei egiteaz gain, beren eremutik egindako hausnarketak plazaratu dituzte. «Zaintza, pertsonen zaintza baino gehiago da», nabarmendu dute eta ikuspegi «holistikoa» bermatu behar dela aipatu dute: «Zaintza elikaduratik ere badator, eta ezin dugu zaintza sistema bat antolatu lehenago ez badago elikadura osasuntsua erdigunean jarriko duen sistema bat antolatuta».

Gaineratu dute kapitalaren eta agroindustriaren aurkako borroka oso handia dela, eta emakume baserritarrak gutxi direnez, «bidelagunak» behar dituztela. Sistemari osotasunean eta batera begiratzeko dei egin dute: «Elikadura sistema ez da produkziora edota transformaziora soilik mugatzen, kontsumoa, erosketa publikoak eta etxeak barne hartzen dituen sistema oso bat da; egunero elikatzen gara eta gaia ikuspegi global eta holistiko batetik tratatu behar dugu».

Hiru ardatz nagusi

Nekazarien ikuspegitik zaintzaren eremuari begiratzeko hiru ardatz nagusi daudela azaldu dute: kolektibizazioa, profesionalizazioa eta zaintza emantzipatzaileen ereduak garatzea.

Lehendabizikoari dagokionez, baserriaren eta hiriaren arteko zubiak eraiki behar direla uste dute, herri txikietara egokitutako zerbitzu publikoak sortzea auzolanean bizi ahal izateko baldintzak sortuz; eta horrela, baserrien erritmoak kontutan hartuko dituzten espazioak eraikiz.

Profesionalizazioari begiratuz, 1.400 euroko soldata duinak aldarrikatu dituzte. «Sektore estrategikoa denez, zaintza eta baserriko lanak egiteagatik ordainsari publikoa jasotzea proposatzen dugu; baserritarren lanari balioa ematea, bukolismotik ihesi; elikaduraren gizarte-segurantza ezartzea, gizarteko eremu zaurgarrienetatik hasita, gizarte osoaren elikadura bermatzeko», azaldu dute.

Eta azkenik, zaintza emantzipatzailerako eredu gisa, bidea agroekologian dagoela uste dute, helburua elikadura burujabetza izanik: «Beharrezkoa da baserrietako eredu komunitarioa berreskuratzea, elikadura merkatuaren logikatik atera behar dugu, eta beharrezkoa da elikadura kate globalekin amaitzea, baita lurren espekulazioekin bukatu eta lur publikoen sare bat osatzea ere».