Peli Lekuona - Naiz Irratia
Elkarrizketa
Lander Martinez
Sumarreko diputatua Kongresu espainiarrean

«Kostatzen da PSOEri tira egitea, Sumarren agenda anbiziotsuagoa da»

Ase da Lander Martinez euskal diputatua Sumarrek eta PSOEk Gobernu espainiarreko datorren legegintzaldirako sinatutako akordioarekin. Sumarreko Bizkaiko ordezkariaren ustez, uztailaren 23ko hauteskundeen mandatua agenda aurrerakoiarekin jarraitzea zen, eta horretarako bermea jarri da.

Audio_placeholder

«Kostatzen da PSOEri tira egitea, Sumarren agenda anbiziotsuagoa da»

Loading player...

PSOEk eta Sumarrek gobernu akordioa sinatu dute ‘España Avanza’ leloarekin. 48 orrialdetan laburbilduriko dokumentua plazaratu dute jada, ekonomia, lan eskubideak, jasangarritasuna, etxebizitza, ongizate eta garraio eskubideak, feminismoa, ogasuna, kultura eta nazioarteko politiken ingurukoa. Hamaika neurri jaso dira itun horretan, eta horietan sakontzeko Naiz Irratian izan da Lander Martinez Sumarreko Bizkaiko diputatua.

«Akordio ona» sinatu dutela baieztatu du. «Beharrezkoa zen, uste dugu jendeak hori eskatu zuela uztailaren 23an bozkatu zuenean, berriro agenda aurrerakoi indartsu bat izatea. Nahiz eta askotan PSOErekin zaila den eta bultza egin behar zaion, lortu dugu horretarako bermea jartzea».

Puntuz puntu errepasoa eginez, momentu batean filtratu zen astean lau eguneko gehieneko jardunaldia bertan behera gelditu da. Horren ordez, 37,5 orduko gehieneko jarduna jasotzen du akordioak. «Geure tirabirak izan ditugu, argi dago Sumarren agenda PSOErena baino anbiziotsuagoa dela, urrunago joatea bilatzen duela. Halere lortu ditugu sartu nahi ez zituen gauzak».

37,5 orduko lan jarduna

Martinezek kontatu duenez, PSOEk 40 ordutan utzi nahi zuen gehienezko lan jarduna, baina Sumarrentzat «hori marra gorri bat zen. Mundua guztiz aldatu da azken mendean eta ezin da lanean berdin jarraitu».

Hego Euskal Herrian batez bestekoa 41,1 ordukoa da,nahiz eta badauden hainbat lan eremu non dagoeneko 37,5 ordu egiten dituzten, administrazio publikoan adibidez. Aldiz, enpresa pribatuetan ari diren ia langile guztiek kasik zortzi orduko jardunak egiten dituzte egunero eta Sumarrentzat funtsezkoa da hori aldatzea.

Defendatu duenez, ez dago frogarik esaten duena lanorduak gutxitzeak produktibitatea gutxitzen duela. Gainera, bere iritziz, ez da ekoizpena jarri behar erdigunean, baizik eta langileak hobeki bizitzea. «Hiritarren eskubideak eta bizitzak hobetzea da kontua. Ez dugu nahi egunero bizitzaren zati handiegi bat okupatzea eta erretzea».

Lanbide arteko gutxieneko soldata

Sumar eta PSOEren itunaren beste neurri bat lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera da. «Urtero saiatzen gara gutxieneko soldata eguneratzen, prezioak urtero igotzen direlako. Oraindik bidea geratzen zaigu, atzera geratu ginelako Europako batez besteko soldata minimotik».

Ingurumen arloko proposamen bat ere bada dokumentuan: prozesu bat hastea zentral nuklearrak ixteko. Gasteizen jaio eta Bilbon bizi den diputatuak argi du energia lortzeko modu honek amaitu beharko duela eta energia garbiak garatzen lan egin behar dela, klimaren eta energiaren krisien kontra, sortzen dituzten arazoak desagertzeko.

Oroitu duenez, bere momentuan ikatzarekin egin zen eraldaketa bat. Orain energia nuklearrari tokatzen zaio. Bestetik, «etorkizunera begira estatuak baditu baliabideak eta badago garapen inbertsio bat energia berriztagarriak izateko hainbat eratan. Badaude baliabide naturalak geure beharrak asetzeko eta bide horretan aurrera joan behar dugu, ez dugu atzerapausorik ematerik», aldarrikatu du.

Mozal legea

Hiritarren Segurtasunerako Legea edo Mozal legea moldatu eta hainbat puntu ezabatuko dira. Honetan zehazki konfiantza handia du Sumarrek. Joan den legealdian akordiorik lortu ez bazen ere, besteak beste hauteskundeetara begira egin zelako eztabaida, «badago oinarrizko akordio sakon bat legearen aldaketen inguruan, beraz, geratzen diren puntuak lantzea baino ez da egin behar akordio osoa lortzeko».

Justizia errestauratiboa ere sustatuko da. Ez dute euskal gatazka aipatu. Euskal diputatu bezala, Martinezek uste du euskal gatazkarekin lotuta aurrera begiratzeko eman behar diren pausoak hemen erabaki behar ditugula. «Gure erakunde, gizarte eta alderdiei dagokien elkarrizketa bat da».

Horretaz aparte, justizia errestauratiboa beharrezko ikusten du gizarte moderno bat izan nahi badugu. «Ezin gara bizi gizarte batean non justiziaren bidea zigorrean oinarritua dagoen. Beste modu batzuk daude eguneratuagoak hiritarren eskubideen inguruan lan egiten dutenak».

Oinarria

Sumarreko diputaturen batek akordioa errespetatuko ez ote duen beldur al den galdetuta, hala erantzun du Lander Martinezek: «Momentu honetan inork ez du dudarik Sumarren gobernu aurrerakoi bat martxan jartzeko. Koalizioa jaiotzeko oinarria hori izan zen; hauteskundeetan lortu genuen eta orain inbestiduran lortu beharko dugu. Horretan ez dugu kezkarik».

«Eztabaidak izango ditugula ildo politikoetan zortzi alderdik osatutako talde parlamentarioa garelako? Seguru; eztabaida batzuk lasaiagoak izango dira, besteak gogorragoak, baina argi dugu alderdiek talde parlamentario honetan parte hartu nahi dutela».

«Alderdi guztiok ulertzen dugu akordio honek bermeak ematen dizkigula hurrengo lau urteetan lan politikoa egiteko», azpimarratu du Bilbon bizi den gasteiztarrak.