Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Aingeru De la Fuente
Aspeko pilotaria

«Debutatzeko deia klasean jaso nuen eta hasieran ez nuen hartu»

Asperekin aurrekontratua sinatu eta sei urtera, 21 baino ez dituela oraindik, Eugiko aurrelariari profesionaletarako jauzi egiteko aukera heldu zaio. Denbora tarte hau ez omen zaio luze egin, hasieratik burua hotz izaten saiatu omen da, salto egitea obsesio bihurtu gabe.

Aingeru De la Fuente.
Aingeru De la Fuente. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nork esango zion 15 urterekin profesionalekin lehen entrenamendua egin zuen Aingeru De la Fuente gazte hari, gaur arratsaldean lehen saio horretan izandako bi lagun, Elezkano eta Martija, bere debutean aurkari izango zituenik gaur Elizondon. Jose Javier Zabaletak zainduko dizkio bizakarrak egun berezi honetan.

Nola zaude debutaren atari honetan?

Ba gaur –atzo– arte oso lasai. Nik uste ez nintzela kontziente zetorrenarekin eta, debuta hain hurbil ikusita, hasi naiz sabelean tximeletak sentitzen, baina gogoz.

Oso gazterik, 15 urterekin, sinatu zenuen aurrekontratua Asperekin, nola izan da prozesu hau?

Ia haur bat nintzen sinatu nuenean. Asperekin entrenamenduren bat egiten hasi nintzen noizbehinka, baina ez nuen imajinatzen honaino helduko nintzenik. Entrenatzen nuen, baina uste nuen hori nirekin harreman pixka bat izateko zela, gutxi gehiago. Baina egun batean Errandonea eta Vidarte ikusi nituen harmailan, eta gero deitu zidaten aurrekontratu hori sinatzeko. Hor ikusten hasi nintzen debutatzea posible dela.

Oroitzen duzu lehen entrenamendu hori norekin egin zenuen?

Bai, Elezkanorekin, Martijarekin eta Oier Etxebarriarekin izan zela uste dut.

Eta zer sentitzen du halako gaztetxo batek profesionalekin entrenatzen?

Gogoan dut sekulako ilusioarekin joaten nintzela entrenatzera. Niretzat oso gauza handia zen haiekin entrenatzea. Telebistan partida asko ikusten ditut, eta gero beraiekin entrenatzea plazer bat da.

Sei urte hauek luze egin zaizkizu?

Nik uste lasai hartu dudala, ez zait batere luze egin. Sinatu nuenean, ez nintzen batere obsesionatu debutatzearekin, banekien burua oso hotz izan behar nuela eta edozer gauza gerta zitekeela. Ongi hartu nuen, ilusioz, lana egiteko gogoarekin, baina beste pilotari  afizionatu normal bat nintzen, tarteka Asperekin entrenatzen zuena. Baina kontua ez zen gehiegi aldatzen.

«Sakearekin bakarrik ez da profesionaletan debutatzen. Hori da nitaz gehien nabarmentzen dutena, baina gero baditut beste gauza batzuk ere»

Azkenaldian beste aurrelari batzuk debutatzen ikusi eta kezkarik sortu zizun, zure txanda pasatuko ote zen?

Ez, presarik ez dut izan inoiz. Bai ikusi dudala honek nire urtea izan behar zuela, sentitzen  nuen nire aukerak aurten izan behar zuela. Ongi aurkitu naiz kantxan, sentsazio oso onekin ibili naiz urte osoan zehar. Uste dut txapelketetan ematea kostatzen zitzaidan aurrerapausoa eman dudala.  Eta beldurra... bai da egia, azken biek, Expositok eta Matak, debutatu zutenean, ez zela niretzat berri ona. Baina azkenean aukera eman didate, eta pozik.

Nola jaso zenuen debutatuko zenuenaren berria?

[Barrez] Klasean nintzen, eta nire gelakideak esan zidan nire telefonoa joka ari zela. Ni ez nintzen konturatu ere egin. Ikusi nuen Errandonea zela, eta ez nion momentuan hartu, klasean nintzelako. Etxera bazkaltzera itzuli nintzenean deitu nion, eta orduan esan zidan haien ideia Elizondon debutatzekoa zela. Niretzat ezusteko handia izan zen, baina oso polita.

Sakeaz harago, nolako pilotaria zarela esango zenuke?

Beti saiatzen naiz sakearekin min handia egiten, beti esten didate hori dela nire armarik arriskutsuena, sake espeziala dudala. Baina gero saiatzen naiz pilotari abiadura ematen. Erritmoa jartzea gustatzen zait niri. Gero, hanka nahiko bizkorrak ditut. Eta defentsan ere ongi moldatzen naiz, eta errematea ere bilatzen dut.

Sakearekin bakarrik ez da profesionaletan debutatzen.

Ez, hori da. Sakea da niri buruz gehien nabarmentzen dutena, baina baditut besta gauza batzuk.

Buruz buru edo binaka, zer nahiago duzu?

Biak gustatzen zaizkit. Gehienbat binaka jokatzea tokatu zait, baina mano-mano ere asko jokatu dut. Emaitza nahiko onak ditut buruz buru. Gutxien lau eta erdian jokatu dut; afizionatuetan apenas izaten da kaiolako txapelketarik, gazte nintzela gehixeago. Baina aski ongi moldatzen naiz denetan.

21 urterekin, egongo da zer hobetu, ezta?

Bai, bai, bai. Ez banu, seinale txarra. Fisikoki oraindik guztiz egin gabe nago. Azken urte honetan pauso bat eman dut alde horretatik, baina oraindik geratzen zait. Eta teknikoki Jokinek [Etxanizek] ateratzen dizkidan akatsak zuzentzen saiatzen naiz.

Zertan jartzen du arreta?

Gehienbat ezker gantxoarekin. Hor asko saiatzen da postura zuzentzen. Eta gero, baita ere, eskuinez postura hobeak jartzeko pilota atzeratzen edo mozten.

Debuta Binakako txapeldunez inguratuta egingo duzu.

Bai. Gainera, oker ez banago,  Martijak eta Elezkanok bina dituzte, eta Zabaletak lau. Horrek nik uste dena esten duela. Sekulako pilotariak dira, lehen mailan denbora asko daramate. Debut oso potentea. Ez nuen imajinatzen hain handia jarriko zidatenik, eta oso pozik. Beldurrik ez, beldurra inoiz ez; baina errespetua sortzen du. Nik badut nire buruan konfiantza, eta ziur nago partida ona egingo dugula.

Ez dakit epe motzera beste helbururik jarri diozun zure buruari. Promozioko Binakakoa ate joka dago.

Badakit orain datorrela binakakoa, baina ez didate oraindik esan jokatu behar dudan edo ez. Baina, egia esateko, prestatuta nago jokatzeko eta ezezkoa jasotzeko baita ere. Sartzen azkena naiz, eta ongi hartuko dut edozein erabaki. Ez naiz urrutira begiratu zalea. Nire helburu nagusia orain lehen partida ona egin eta disfrutatzea da.

Orain arte ikasten aritu zara. Profesionala izateak aldatuko du zure bizitza?

Ez. Goi mailako bat ikasten ari naiz, elektronika, eta garbi daukat hori  atera behar dudala. Eta enpresaren aldetik ez dut arazorik ikasten jarraitzeko. Argi neukan goi mailako bat eduki nahi nuela, eta orain nahiko zail jarri zait hainbeste entrenamendu izanda goizetan. Baina espero dut dena ongi joatea.

Izarrekin sparring lanak egin dituzu maiz aurtengo Lau eta Erdikoan. Nola ikusten duzu txapelketa?

Bai, Lekunberrin bitan aritu nintzen, Ezkurdiarekin behin eta Salaberriarekin bestean. Txapelketa nahiko borrokatua ikusten dut. Nire faborito nagusia, nik uste denona bezala, Altuna da. Ez nuen azken partida ikusi, baina Peña 11n uzteko, oso ongi egon behar du. Gero, oso ongi ikusten dut Peio. Eta Ezkurdia ere bai, beti kontuan hartu beharrekoa da. Hiru horiek, hobekien.

Eugi herri txikia da, baina pilotazalea da oso, girorik bai?

Goizetan klasetan eta arratsaldez entrenameduak eta, ez naiz jende askorekin egon. Eugi oso pilotazalea da bai, gehienbat helduak eta gazteak ere, nire ingurukoek segitzen dute pilo bat. Umeek agian gutxiago, baina herrian nik uste ilusio handia dagoela.

Elizondon sarrerarik ez dago.

Pentsatzen nuen jendea joango zela, baina ez frontoia betetzeraino. Oso eskertua nago, babes hori handia da niretzat.