NAIZ

Iratxe Fresnedaren ‘Tetuán’-ek lortu du Film Sozialak jaialdiko euskarazko lanik onenaren saria

Film Sozialak Zinema Ikusezinaren jaialdiaren 15. edizioko garaipen zerrenda iragarri du festibalak. Paula Herediaren ‘Imelda no está sola’ eta Osmanys Sanchez Arañoren ‘Jíbaro’ filmeek eskuratu dute Film Sozialak Saria, eta Iratxe Fresnedaren ‘Tetuán’-ek euskarazko lanik onenaren saria.

Iratxe Fresnedaren ‘Tetuán’ filmeko fotograma.
Iratxe Fresnedaren ‘Tetuán’ filmeko fotograma. (NAIZ)

Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezinaren jaialdiak 15. edizioko irabazleen zerrenda eman du ezagutzera. Jaialdiko sariak 13 kategoriatan banatu dira, 22.250 euro guztira. Jaialditik nabarmendu dutenez, sarien eta aipamenen %52,38 emakumezko zuzendariek jaso dituzte eta «zoritxarrez, pandemiaz geroztik zinemak eta arte eszenikoek ikusleen %40 galdu duten arren», jaialdiak publikoa irabazi duela nabarmendu dute: «Behin-behineko datuen arabera 12.500 pertsona inguru igaro dira emanaldiak izan diren areto desberdinetatik».

Saridunen zerrendan lehena Iratxe Fresnedaren ‘Tetuán’ ageri da, berak eskuratu baitu Euskaraz Egindako Lan Onenaren Saria. Kategoria honetan aipamen berezia lortu du Julen Zubieteren ‘Agur artzai’ lanak. Sari nagusien artean, Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Saria Paula Herediaren ‘Imelda no está sola’ eta Osmanys Sanchez Arañoren ‘Jíbaro’ filmeek partekatuko dute, eta Ikusleen Saria, aldiz, Diego Briatta eta Santiago Vivacquaren ‘Seremos millones. Bolivia, Evo y la fuerza de un pueblo’ filmak jaso du.

Sarituen zerrenda honako lanek osatzen dute: Flore Vasseurren ‘Bigger than us’ (Iraunkortasunaren Saria), Erika Gonzalez Ramirez eta Matthieu Lietaerten ‘La ilusión de la abundancia’ (Iraunkortasuneko aipamen berezia), Claudia Rivas, Violeta Octavio eta Carlos Juanen ‘No callarem, un film per la libertat’ (Giza Eskubideen Saria), Roberto Baezaren ‘Punto de encuentro’ (Giza Eskubideen aipamen berezia), Clara Santaolayaren ‘Alegre y Olé (Genero Berdintasunaren Saria), Paula Romeroren ‘Mothertruckers (Genero Berdintasunaren aipamen berezia), Irene Baqueren ‘Carmen, sin miedo a la libertad (Emakume Batek Egindako Lanik Onenaren Saria), Laura Dauden eta Miguel Angel Herreraren ‘Insumisas’ (Emakume Batek Egindako Lanik Onenaren aipamen berezia), Fernando Santiago Muñozen ‘M’ (Kulturartekotasunaren Saria), Maria Aizpuru Ayerberen ‘Sombras de Beirut’ (Kulturartekotasunaren aipamen berezia), Sergio Millanen ‘Actos por partes’ (Balioetan Heztearen Saria), Maider Molina Salsamendi eta Eleder Iglesias Perezen ‘Esnatu’ (Invisible Express Saria), Aimar Erostarberen ‘El cambio’ (Invisible Express Ikusentzuleen Saria), Eder Aguirrerenaren ‘Soledad’ (Gazteen Klaketa Saria) eta Alejandra Fernandez Garcia, Paula Fernandez Garcia, Magali Ibarzabal Martin eta Yaiza Ferro Bedialaunetaren ‘Itsasoaren kutsadura’ (Gazteen Klaketa Ikusentzuleen Saria).

Bilboko Alondegian ospatu zen itxiera jaialdia euskal mitologiari eskainia izan zen, aurrerapena eta tradizioa elkarrekin uztartu daitezkeela erakutsi nahi baitzuten. Marik (Maribel Salas), Basajaunek (Mitxel Santamaria), Galtzagorri batek (Asier Hormaza) eta Lamia batek (Sol Maguna) banatu zituzten sariak «modu alai eta dibertigarrian».

Urriaren 30etik azaroaren 5era bitartean Palmaresa online zabalduko da, Klikatu Cine Invisible streaming plataformaren bidez, KCD GGKEk martxan jarri duen Gizartea Eraldatzeko Komunikazioaren estrategiaren barruan.