Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Arakistain-Lizardi, nagusi Elite txapelketan, finalean Mugartegi-Lejardi mendean hartuta

Azken bost ostiraletan Elite txapelketa lehiatu da Mutrikuko Miruaitza pilotalekuan eta Arakistain-Lizardi bikoteak irabazi du, finalean Mugartegi-Lejardi markina-xemeindarrei mendean hartuta (9-15 eta 13-15).

Arakistain eta Lizardi txapela jantzita, Mutrikuko Udaleko kultura zinegotzi Saioa Elezgarai eta Gipuzkoako Pilota Federazioko presidente Itziar Leterekin.
Arakistain eta Lizardi txapela jantzita, Mutrikuko Udaleko kultura zinegotzi Saioa Elezgarai eta Gipuzkoako Pilota Federazioko presidente Itziar Leterekin. (NAIZ)

Miruaitz pilotalekura hurbildu ziren denek sekulako ikuskizuna ikusi zuten atzo, ostiral iluntzean. Partida parekatua, tanto ederrak, oldarkorrak, teknika bikaina... Elite txapelketako finala lehiatu zen Mutrikun, iaz Berriatuan estreinekoz jokatu zenaren bigarren edizioa, hain zuzen ere. 

Ihart Arakistain eta Eneritz Lizardi nagusitu ziren, Erika Mugartegi eta Arai Lejardiren aurka. Emozio handiko finala eskaini zuten eta emakumezkoen zesta-punta hazkunde izugarrian dagoenaren islada izan zen. 

Azken bost ostiraletan jokatu da Elite txapelketa, aurreneko fasean bikote ezberdinak tartekatuz eta horren arabera, puntuazio bat ezarriz. Finalerdietan jada zehaztu ziren sailkapenaren arabera bikoteak eta Arakistain zein Lizardik atzetik aurrera egin dutela esan daiteke. Ez zitzaien oso ondo eman lehendabiziko fasea; esaterako, mutrikuarrak partida bakarra irabazi zuen. Dena dela, bigarren aurrelari eta atzelari onenak izan ziren. 

Erabakiorra izan behar denean tinko jokatuta, finalerako txartela lortu zuen Mutrikuko atzelariak, Arakistainekin oso ondo moldatuz. Oso bikote ona osatu dute sopelaztarrak eta mutrikuarrak, eta beldurrik gabe aritu ziren finalean ere, Mugartegi-Lejardi bikote arriskutsuaren aurka.

Markina-xemeindarrak oso ondo ulertzen dira elkar –hala erakutsi zuten Durangon lehiatu zen Winter Series txapelketan ere– baina atzoko partidan aurrealdean hobeto moldatu zen Arakistain. Sopelaztarrak erabakiorra izan zen, atzean segurtasun handidun Lizardi bat zuela. 

Lehen setean, pilota errebotera jaurti ahala ireki dute tartea urdinek eta hori izan zen jarraitu duten taktika. Mugartegi kamuts aritu da jokaldi horietan eta hala, urdinek irabazi zuten lehen seta. 

Atzeko kuadroetan berdintasuna sekulakoa izan zen, oso hutsegite gutxi egin dute Lizardik zein Lejardik eta beraz, aldea aurrean egon da. Mugartegi ere saiatu da erreboteko taktikarekin baina hobeto erantzun du sopelaztarrak. 

Bigarren setean zenbait hutsegite pilatu zituzten urdinek baina Mugartekin sakean egindako faltaren ondorioz, markagailuan hurbildu ziren (9-7). Partida ere berdindu zuten eta Lizardik bi pilotarien artera jaurtitako pilota batekin aurretik ere jarri ziren.

Etxeko pilotari markagailuan aurretik ikustean, Miruaitz frontoiko zaleak zutitu ere egin ziren baina oraindik asko geratzen zen. 13-13ko markagailuarekin iritsi ziren azken txanpara eta lehendabiziko setean ezarritako ildo beretik itxi zuten garaipena urdinek. 

Batukada, txistulari, dantzari, zesta-punta eskolako belaunaldi berriak... Omenaldia eskaini zitzaien puntistei.

Durangoko Winter Seriesetik –otsail eta martxoa bitartean jokatu zena– Elite txapelketaraino pilotariek irabazi duten maila sekulakoa izan denaren sentsazioa utzi zuten Miruaitzen. Izaera oldarkorragoa erakutsi zuten, presio guztiak askatu eta pilotalekuan disfrutatzen zeudela erakustaraziz. 

Hirugarren postuan, Ortiz de Mendibil eta Arakistain geratu ziren. Laugarrenean, Merino –Barrenetxeak ordezkatu zuen, min hartuta dagoelako– eta Watkins.