Sara Iriarte

Arrasateko Emakume Txokoa: zerotik sortu eta eredua biderkatu

Hogei urte bete ditu Arrasateko Emakume Txokoak. Ermuakoarekin batera, Euskal Herrian sortu zen lehenengo emakumeen txokoa da Debagoienako herri honetakoa, eta ibilbide luze honetan herria feminismoz eragitea lortu du. Egunotan ‘Nahinoranahi’ jardunaldiak egiten ari dira, urteurrena ospatzeko.

Audio_placeholder

Arrasateko Emakume Txokoa: zerotik sortu eta eredua biderkatu

Loading player...
Hogeigarren urteurrena kari, «Nahinoranahi» jardunaldiak hasi zituzten atzo Emakume Txokoan.
Hogeigarren urteurrena kari, «Nahinoranahi» jardunaldiak hasi zituzten atzo Emakume Txokoan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hogeigarren urteurrena ospatzen ari da egunotan Arrasateko Emakume Txokoa. «Amets» batetik sortu zen proiektu honetatik «milaka» emakume pasatu dira azken bi hamarkadetan eta lagundu du herria berdinzaleago, feministago bilakatzen, Maite Barreña Arrasateko Udaleko Berdintasun teknikariaren arabera. Txoko honen ibilbidea errepasatu zuen pasa den urriaren 3an NAIZ Irratian.

Aitzindari da Debagoieneko espazio hau, Euskal Herrian lehenengo emakumeen etxea izan baitzen sortzen, Ermuakoarekin batera, 2003an. Askok zorotzat hartu zuten ideiari bultza egin zioten mugimendu feministak eta udaletako berdintasun teknikariek eta, Ermuako eta Arrasateko garaiko udal gobernuaren babesarekin, proiektuak martxan jarri zituzten. Herri bakoitzak berea egin zuen, baina etengabeko elkarrizketan.

Aitzindari izanagatik, zerotik abiatu behar izan zuten Arrasaten. Euskal Herrian soilik ez, Estatu espainiarrean ere ez zen halako proiekturik existitzen artean, Barreñaren esanetan. «Ez geneukan norabait begiratzeko ispilurik», oroitu zuen Berdintasun teknikariak NAIZ Irratiko Sara Iriarte kazetariarekin egindako elkarrizketan. Ez zen erraza izan, beraz, baina egin zuten. «Momentuan zorotzat hartzen gintuzten batzuk, zertan ari ginen esaten zuten; bada, ausardia horrekin asmatu genuela demostratu dezakegu gaur egun, milaka izan baitira Arrasateko Emakumeen Txokotik pasatu diren emakumeak», ospatu zuen Barreñak.

Hogei urte bete ditu Arrasateko Emakume Txokoak. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Hogei urte bete ditu Arrasateko Emakume Txokoak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Amets zoro hura abiatzeko lanak areago zaildu zituen orduko Gipuzkoako Foru Aldundiko jarrerak. Aldundiak, Emakundek bezala, iritzi zuen Emakume Txokoa sortzeko proiektuak ez zuela laguntza publikoak jasotzeko beste interesik, eta ez zioten diru partidarik eman Udalari. «Gaur, Emakundek eta Gipuzkoako Aldundiak, goraipatu egiten ditu horrelako proiektuak, eta ez hori bakarrik, berdintasun politikak abian jartzeko tresna garrantzitsutzat ditu», zehaztu zuen Maite Barreñak.

«Emakume askok esan digute beraien bizitzaren planteamendua aldarazi diela Emakume Txokoak, barrura zein kanpora begira»

Ez da iraganarekin herratsu, hala ere, Arrasateko Udaleko Berdintasun teknikaria. «Horrela gertatzen da eraldaketak –baietsi zuen–. Batzuen amets eta proiektuengan sinistu, haiengatik borrokatu eta, denborarekin, eredu bilakatzen dira. Orain, eredu dira Arrasateko Emakumeen Txokoa zein Ermuako Emakumeen Etxea».

«Lortu dugu»

2003an, Arrasateko Emakume Txokoa sortzen lan egin zutenek ezin zuten irudikatu gaur egun Euskal Herrian emakumeen txokoak irabazi duten presentzia eta garrantzia. Zoroak eta txikiak izatetik, agente politiko esanguratsuak izatera iritsi dira emakumeen txokoak euskal herri eta hirietan, Arrasaten ere bai. «Sortu ginenean, eta hau askotan pasatzen da, jendeak susmoa zuen emakumeen txokoak ez ote ziren izango gizonen kontra ari diren emakumeentzat. Orain dela hogei urte, imajinatu, behin eta berriro entzun genituen horrelakoak. Bada, denborarekin demostratu da kapazak garela urtero-urtero jendarte osoari begirako eskaintzak egiteko. Badira eskaintza batzuk emakumeei zuzenduta, beste batzuk publiko zabalarentzako, beste batzuk gazte eta nerabeentzako», adierazi zuen Barreñak.

Zeren, «emakumeentzako espazio libre eta segurua» eskaintzeaz gain, Arrasateko Emakume Txokoak «etengabe» interpelatzen ditu herritarrak. «Udal zerbitzua den aldetik, udaleko politika publikoari eragin nahi dio», zehaztu zuen teknikariak.

Arrasateko Emakume Txokoaren 2013ko irudia, hamargarren urteurrenekoa. (Raul BOGAJO/FOKU)
Arrasateko Emakume Txokoaren 2013ko irudia, hamargarren urteurrenekoa. (Raul BOGAJO/FOKU)

Eta txoko honek lortu du eragitea, bi norabidetan gainera. Batetik, norbanakoan. «Emakume askok esan digute beraien bizitzaren planteamendua aldarazi diela Emakume Txokoak, barrura zein kanpora begira», kontatu zuen Barreñak. Bestetik, herrian: «Lortu dugu administrazio publiko batek ardura hartzea, proiektu hau aurrekontuz hornitzea, langilez hornitzea, eraldaketa sozial bat bultzatuko duen zerbitzu publiko bat bultzatzea. Eta Emakume Txokoak lagundu du feminismoa zer dan argitzen, jendarte osoari onurak ekartzen dizkion planteamendu ideologiko bat dela zabaltzen».

«Horren guztiaren ostean, esaten duzu, ‘lortu dugu’», berretsi zuen Maite Barreñak.

Txokoak edukiz bete

Emakumeen etxe bat, Arrasateko udal taldeko kidearen ustez, edukiz bete behar da. «Edozein espazio fisikori emakumeen etxea deitzearekin tentuz ibili behar gara. Hau ez da espazio fisiko bat non tailer bat edo beste egiten diren, emakumeen txokoak hori baino gehiago dira: feminismoa zabaltzeko, egonkortzeko, debatitzeko, konpartitzeko... espazio seguruak dira», esplikatu zuen.

Horregatik, garrantzitsua deritzo halako proiektuek herrietara begira helburuak zehaztea eta horiek betetzeko lana egitea, «etengabe ikuspegiak eta proposamenak luzatzeko anbizioz»: «Uste dugu gure lana ez dela aisialdia betetzea, baizik hona etortzen diren emakumeekin feminismoan sakontzea eta horrek herrian inpaktua izatea. Herriak aldatzen dira pertsonak aldatzen direnean, eta aldaketa pertsonal horretatik eraldaketa kolektibora pasatzen garenean. Pentsatu nahi dut Arrasate gaur dena, besteak beste, badela neurri batean 20 urtez Emakume Txokotik egindako hainbat ekarpeni esker».

Jardunaldi Feministak

Ospatzeko motiboak baditu Arrasateko Emakume Txokoak, hogei urte beteta. Urteurrena kari, ‘Nahinoranahi’ jardunaldi feministak hasi zituzten atzo, eta gaurko eguna ere horretan emango dute. Hitzaldiak, mahai-inguruak, solasaldiak, tailerrak eta kontzertu bat prestatu dituzte.

Jardunaldien helburua, proiektuaren arduradunek azaldu zutenez, Emakume Txokoaren urteurrenaren «lorpen esanguratsua» ospatzea da, baita «genero berdintasunaren bidean dauden erronkei eta lorpenei buruz hausnartzea» ere.

«Pentsatu nahi dut Arrasate gaur dena, besteak beste, badela neurri batean 20 urtez Emakume Txokotik egindako hainbat ekarpeni esker»

Gaur, justizia feministari eskainiko diote lehenengo mahai ingurua, 9.30ean, eta hainbat tailer eskainiko dituzte atzetik: haurtzaroaren kontrako sexu indarkeriaren bueltakoa, indarkeria matxistaren aurkako protokoloei buruzkoa, eta zaintzaren ingurukoa.

Bazkalostean (17.00etan), halaber, politikagintza instituzionalean feminismotik eragiteko dauden aukeren inguruan hausnartuko dute. 18.30ean, ‘Klownklusioak’ aurkeztuko ditu Beatriz Egizabal umoregileak, eta festarekin amaituko dituzte jardunaldiak: Belen Nevado Mendezen bakarrizketa punkiaren ostean, Alarde Morearen eta DJ LatxirOngak-en txanda izango da gaztetxean.