NAIZ

Itxaro Borda: «Mugak, aldizka, errotzen eta exiliatzen gaitu»

2022ko azaroaren 26an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Itxaro Borda, eta larunbat honetan irakurri du Sarrera-hitzaldia, Baionako Herriko Etxean. Sagrario Aleman nafar euskaltzain osoak eman dio erantzuna.

 Itxaro Borda larunbat honetan Baionan egindako ekitaldian.
Itxaro Borda larunbat honetan Baionan egindako ekitaldian. (Patxi BELTZAIZ)

Euskaltzaindiak 2022ko azaroaren 26an izendatu zuen euskaltzain oso Itxaro Borda idazle baxenabartarra. Larunbat honetan, eta Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, Sarrera-hitzaldia irakurri du jendaurrean. Maddi Oihenart abeslariak eta Juantxo Zeberio musikariak girotu dute atarikoa, eta ondoren hasi da ekitaldi instituzionala. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak ongietorria egin diete bertaratutakoei eta, jarraian, Itxaro Bordak Sarrera-hitzaldia irakurri du.

Mugaren konzeptuaz, euskararekin duen harremanaz edota euskal idazle gisa izan dituen zenbait bizipenez aritu zaie bertaratutakoei, tarteka berak idatzitako poema-sortak irakurri dituela. Hasieran, berari egokitu zaion 4. aulkian eseri diren euskaltzainak izan ditu gogoan: Videgain, Campion, Guerra, Etxaide, Lartzabal, Peillen... Eta bere hitzaldiaren titulua ere euskaltzain baten idazlan bati eginiko keinua dela esan du, hain zuzen, Piarres Lartzabalen Mugari tiro antzezlanari.

Ohar batean Euskaltzaindiak azaldu duenez, muga hitzaren inguruko gogoeta sakonak egin ditu Bordak, hitz horrek euskaldunengan sortzen dituen kontraesan, beldur eta aieruak aletuz: «Mugatua den mundu bateko jende mugagabeak gara (...). Muga personifikatuak. Hor dira jartzen ditugunak, jartzen dizkigutenak».

Berak ere muga franko gurutzatu ditu bere bizitzan zehar, «batzuetan itzulerarik gabe». Aitortu du espazio horretan oreka galtzear kausitu dela sarritan, «oreka galdua zutenekin egunerokon ahaleginetan». Eta halakoak ondorioztatu ditu: «Mugak, aldizka, errotzen eta exiliatzen gaitu (...). Muga, batzuen ametsa da eta besteen amesgaiztoa».

Frontera eta muga hitzen arteko desberdintasunak aztertu ditu gero, muga hitzak marra soila eta askotan arbitrarioa den fronterak baino espazio sendoagoa betetzen duela esanez.

Literatura ere mugako egikera omen, eta zentzu horretan, berak mugalari «izpiritua» duela esan du, «onerako eta txarrerako». «Hor nago, egundainokoan, orekaren mugetan, ezagutzen ez dudanaren leizea oin pean eta erortzeak zenbat kostatzen duen hausnarrean», aitortu du Bordak, «idazlea, hondarrean, Sisifo bat delako».

Ondoren bere ibilbide literarioa aletu du, eta, bidenabar, bere inguruko hizkuntzekin izaniko harremana. «Memoriaren intimitatean elkar bizitzen zebilzkigun euskara, gaskoia, frantsesa eta kolegioan gehitu zaizkigun ingelesa eta gaztelania (...). Askotan arras euskaldunak ere ez ginela entzun behar izan genuen, gu baino perfektuagoak ziren euskaldunen partetik. Mugetakoak, ipar mugetakoak, hitzak trukatuz iraun zuten hiztunak».

Hemen bere «izpiritu xarnegua» aipatu du, gustatzen zaiolako «hizkuntzak ikastea, ezagutzea, hizkuntzekin lan egitea, jostatzea, komunikatzea».

Gogoratu du, baita ere, telebistarik ez zegoen etxean idatzitako hastapeneko poemak, Lafitten gramatikarekin, Haize Garbia-ko hiztegiekin eta Herria astekariaren laguntzaz euskara berreskuratzen hasi zeneko mementu hura, Maiatz aldizkariaren sorrera, bere lehen itzulpenak, liburuak, prentsarako eginiko artikulu andana, Seaskan eginiko ahaleginak...

Ondoren, literaturari heldu dio eta «euskal emazte idazleei bidea ireki zien belaunaldiaren parte» sentitzen dela adierazi du. Hortxe aipatu ditu Amaia Lasa, Laura Mintegi, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza, Marixan Minaberri eta Marikita Tanburin: «Kezka sozial berriak ekarri genituen plazara, gorputzaren inguruko ikuspegi pentsaezinak eta, bistan dena, oroz bat, planeta honetako jendetzaren erdiaren presentzia literarioa (...). Erakutsi nahi genuen, egunean eguneko euskara beharbada inperfektu batean, gure mundua ez zela bakarrik artzainez, laborariz, apezez eta hondar denboretan kazetariz eta irakasle kiristinoz osatua (...). Emazte sortzaileak hor ginen, aniztasunaren ikur, eta emakume horietatik zenbait lesbianak ginen. Amaia Ezpeldoi detektibeak, 30 urteko bere ekinean, Euskal Herriko LGBTQIA+ jendearen destinoa paperean etzan du».

Aurretik, Maiatz-erako idatzia zuen Bordak ipuin eder bat, ‘Klara eta biok’, non euskal literaturako lehen neska bikote esplizitua erakusten den.

Baina bide luze eta emankor hau ez du bakarrik egin, eta aitortza egin die Bordak bere laguntzaile eta lagunei, tartean, Jean Errecart, Junes Casenave, Manex Erdozaintzi-Etxart, Eñaut Etxamendi eta
Luzien Etxezaharreta.

«Periferiako idazlea»

«Periferiako idazlea ez ote naizen galdetzen didate anitzetan. Bada euskal munduan zentro erabakitzaile garrantzitsu bat? Periferiakoa izateak –eta hala naiz duda izpirik gabe–, idazle minorea naizela erran nahi ote du?», kezkatu da Borda, baina ororen gainetik herria, hizkuntza eta literatura maite dituela azpimarratu du baxenabartarrak: «Idaztea izan da herriarekin ukan dudan lotura nagusia (...). Ez naiz euskararen jabe sentitzen, euskara eman zidaten, galdu eta berreskuratu nuen, ez niretzat atxikitzeko baizik eta partekatzeko, esku-zabal linguistikoa izateko».

Dena den, aitortu du bere kultur ekinean zalantzak dituela, «inpostore» sentitzen dela maiz, «batez ere gaur bezalako egun zehatzetan», baina gaineratu du hori dela bere betekizun «obsesiboa», mugalari izateak oparitzen dion «aldi berean inside eta outside ibiltzearena».

Sarrera-hitzaldia bukatu du ingurukoei eskerrak emanez, mugaren kontzeptuari azken astindu bat emanez, eta, nola ez, irakurleak xaxatuz: «Iraun beza irakurlea esnaturik eta kritikoa izaten, ez diot besterik desiratzen».

Sagrario Alemanen erantzuna

Sagrario Aleman euskaltzain osoak erantzun dio, eta Bordaren bizipenak, idatziak eta kezkak zeintzuk diren azaltzean gain, euskararen muga administratiboak izan ditu hizpide Euskaltzaindiaren Jagon sailburuak. Gogoratu du nola ezagutu zuten elkar, eta ondoren muga hitzari heldu dio, baina Nafarroa gogoan duela: «1986an, Nafarroako Euskararen Legeak, irizpide jakinik gabe, Nafarroa zatitu zuen. Hiztunon eskubideak ukatzeko eta hizkuntza komunitatea desegiteko egin zituzten eremuen arteko mugak. Euskaraz ez daiteke inon bizi, ez eta eremu euskaldunean ere, legeak euskara ofiziala dela esanagatik, eremu horretako hiritarrek zerbitzu gehienak euskara ofiziala ez den eremuan baitituzte».

Eta gogor salatu du laster 40 urte beteko dituen lege horren ondorio zuzena: «Nafarren artean hesi mentalak handitzen ari dira. Ondorioak bistan ditugu gure buruetan: dagoeneko, anitzendako euskara ez da nafar guziena. Euskaraz bizitzea ezinezkoa da».