Iraitz Mateo

‘Arrakasta’ aukeztu du Jasone Osorok, 11 elkarrizketa oinarri dituen saiakera liburua

Jasone Osorok bere lehen saiakera liburua aurkeztu du astearte goizean, ‘Arrakasta’. Beren bizitzan arrakasta izan duten hamaika lagun elkarrizketatu ditu, eta hari horri tiraka zortzi ataletan antolaturiko «mataza» bat sortu duela kontatu du.

Astearte goizean aurkeztu du Jasone Osorok bere lehen saiakera liburua, ‘Arrakasta’.
Astearte goizean aurkeztu du Jasone Osorok bere lehen saiakera liburua, ‘Arrakasta’. (Jon Urbe | FOKU)

«Zer da arrakasta?» galdetzen du Jasone Osorok astearte goizean aurkeztu duen lehen saiakera liburuaren lehen orrialdean. ‘Arrakasta’ du izenburua, eta Osororen arabera, hitz berri bat ez den arren, momentu batean «bere gorputza» hartu zuen, eta hortik abiatu zen bilaketa. Definizioaren bilaketan 11 elkarrizketatu izan ditu lagun, eta beraiekin izandako solasaldietatik abiatuz ondu du zortzi atalez osaturiko saiakera.

Bidaia eta bilaketa horretan Joxemari Agirretxe ‘Porrotx’ pailazoa, Eneko Atxa sukaldaria, Izaro Andres musikaria, Harkaitz Cano idazlea, Eva Domingo kazetaria, Maider Egues kazetaria, Jon Garaño zine-zuzendaria, Aizpea Goenaga antzerkilaria, Markel Irizar txirrindularia, Itziar Ituño aktorea eta Gorka Urbizu musikaria izan ditu ondoan.

Arrakasta «polisemikoa, malgua, bizia… bizi fasearen baitan aldakorra» dela azaldu du eta, liburua osatu ostean, hiru zutaberen baitan deskribatzen duela berak adierazi: «Mosaiko edo mataza moduko bat osatu dut liburuan eta, orain, hasi nintzenean baino argiago dut zer den».

Hiru zutabeak autoezagutza, aliantza eta borondatea dira Osororen arabera. Batetik, dio argi izan behar dela zeintzuk diren norberaren «ametsak, desirak eta mugak», eta horien baitako oreka bat bilatzean datzala autoezagutza. Aliantzari dagokionean, inguruan nor dugun begiratu beharra dago idazlearen arabera, «nor dugun ispilu, nor itsasargi, nork bultzatzen gaituen, nork hitz egin zintzo…» eta, nabarmendu du, maitasuna edota zaintza ez dela zulora erortzean eskua luzatzen duenarena soilik, ospatzeko ere eskua ematen duenarena baizik. Eta hirugarrenik, eta zuzenki beste biei lotuta, borondatea dago; galdera bat egin behar dio norberak bere buruari idazlearen ustez: «zer egingo dut daukadan guzti honekin?».

Jaso dituen elkarrizketetatik, ideietatik eta irakurketetatik, hori ondorioztatu du arrakastaz, baina bi arrakasta mota ere identifikatu ditu: kanpokoa eta barrukoa. Kanpo begiradek sortutakoa, «kuantitatiboa, errentagarritasunarekin lotua dena, produktibitatearekin…»; eta barrukoa, ongizatearekin lotuta dagoena, autoestimuarekin eta ilusioarekin. «Batak bestea elikatzen du, baina barrukoa da niretzat garrantzitsuena», aitortu du.

Sorkuntza krisia

Arrakastarekin lotura zuzenik ez duen egoera batetik abiatu zen liburu honen arra Osororengan. «Sorkuntza krisi bat bizitzen ari nintzen, ez nekien zer idatzi, blokeatu egiten nintzen… eta pentsatu nuen: ‘hau denei gertatzen zaie?’. Eta sorkuntzan dabilen jendeari galdetzea erabaki nuen. Baina bizitzak batzuetan beste helduleku batzuk ematen dizkizu, eta sorkuntza eta krisiaren gainetik arrakastaren ideia gailentzen hasi zen nire pentsamenduetan».

Eta orduan abiatu zen elkarrizketatuak lotzeko unea, arrakasta ezagutu duen jendearen zerrenda egin zuen, hasieran luze xamara, ezezkoak espero baitzituen, baina bere harridurarako batek izan ezik denek erantzun zioten baietz. Baldintza bakarra jarri zien: «Ausartak eta zintzoak izatea, egiatik hitz egitea». Eta elkartu baino lehen gidoi bat bidali bazien ere, «tertulia» baten modura planteatu zuen ariketa bakoitza. Haurtzaroaz hitz egiteko eskatu zuen, bakoitzak kritikak nola kudeatu dituen kontatzea, porrota ea ezagutu duten…. «jendearen esperientzia bitala», azken batean.

Egilearen ustez elkarrizketatu guztiek dute «diskurtso elaboratu bat» amaieran, baina sortzen joan direla nabarmendu du, beti ez dugulako diskurtso egituratu bat sortuta; eta kontatu du, sarritan, grabagailua piztu eta elkarrizketek aurrera egin ahala sortu dela diskurtsoa.

Hamaika ideia, zortzi atal

Idazle elgoibartarrak onartu du ez zaiola langintza arrotza egin, kazetaritza ikasi baitzuen eta kazetari lanak ere ezagun baititu, «kazetari sena badut, jendeari galderak egiteko gogoa badut». Eta kafe baten edo garagardo baten bueltan osatu ditu elkarrizketak, bere bizipenak, minak eta beldurrak ere kontatuz, eta batek zein besteek gomendatutako eta berak ere topatutako liburu eta erreferenteak txertatuz.

Zortzi atalek osatzen dute liburua, izan ere, elkarrizketatu bakoitzaren elkarrizketa ez du bere horretan jasotzen, ez zuen hori nahi. Gaika multzokatu ditu, eta antzeko gaien inguruan batzuek zein besteek duten iritzia jaso du. Haurtzaroa, izaera, aliantzak, kritikak, sabaiak, sormena, porrota eta arrakasta dira zortzi gai nagusiak.

Saiakera liburuak helduen literaturarekin lotu ohi badira ere, gazteentzat egokia izan daitekeela uste du: «17-19 urteko gazteentzat pista asko egon daitekez, beraien idolo diren horien bizipenak jasotzen direlako».

«Organikoa ere bada»

Maider Egues lagun mina du, lehendabiziko elkarrizketatua izan zen bera, eta nolabait esan daiteke berarekin hasi zela esperimentua. Baina elkarrizketatua izateaz gain, Egues azaleko argazkiaren egilea ere bada. Osorok kontatu du azalak «ez duela zer ikusirik barrukoarekin» izatez, baina aurki daitezkeela loturak ere. Bodegoi bat ageri da, «arrakastoa organikoa ere badelako» batetik, eta bestetik, ederra iruditu zitzaiolako: «Gustatzen zait azal erakargarriak izatea liburuek, irakurlea harrituko dutenak».

Bodegoiaren ideia Clara Peteers margolariarengandik sortu zitzaion; XVII.mendekoa da margolaria, eta emakumea zelako bodegoiak bakarrik margotzen uzten zioten, eta ondorenera, ekarpen bat egin zion bodegoien generoari. Bodegoiko kopa batzuetan bere autoerretratua margotzen zuen, islada gisara. Eta Osororen ustez, aurrez aipaturiko arrakastaren hiru gakoak bete zituen Peteersek.