NAIZ

Euskal Herriko txapelketak aizkolaririk onena erabakiko du asteazken honetan Nafarroa Arenan

Jokin Urretabizkaia "Basozabal", Hodei Ezpeleta "Bihurri" eta Julen Gabirondo gipuzkoarrak, eta Josean Etxeberria, Iker Vicente eta Oier Kañamares nafarrak ariko dira, 12.00etatik aurrera, txapelaren bila.

Euskal Herriko aizkolari txapelketako finalaren kartela.
Euskal Herriko aizkolari txapelketako finalaren kartela. (NAIZ)

Dena prest dago asteazken honetan, 12.00etatik aurrera (ETB1), Euskal Herriko aizkora txapelketako finala jokatzeko. Iruñeko Nafarroa Arenak jasoko du ekitaldi handia eta bertan sei aizkolari arituko dira lehian: Jokin Urretabizkaia "Basozabal", Hodei Ezpeleta "Bihurri" eta Julen Gabirondo gipuzkoarrak, eta Josean Etxeberria, Iker Vicente eta Oier Kañamares nafarrak.

Finalistek honako lana burutu beharko dute: 54 ontzako lau enbor, 60ko beste lau eta 72ko beste lau.

Faboritoen artean, Iker Vicente 2019ko txapelduna eta 2021ean txapela jantzi zuen Hodei Ezpeleta ageri dira. «Oso gogotsu nago eguna iristeko. Azken entrenamenduak egiten ari naiz eta ea finalerako azken puntua lortzen dudan», adierazi zuen Vicentek aurreko astean emandako prentsaurrekoan.

Hiru urte ostean, Otsagabiako aizkolariak txapela jantz lezake berriro ere: «Ilusio handia dut lortzeko. Urte zailak izan dira, ezberdinak eta hor gaude berriro bueltan».

Nahiz eta faboritoen artean egon, Vicentek uste du aurkariak «indartsu» daudela eta gazteak direla. «Niretzat pena handia da Larrañaga, Txikia eta maila handienean dauden aizkolariak ez egotea, baina dena eman beharko den final bat izango delakoan nago», adierazi zuen nafarrak.

«Adi egon beharko dugu eta gauzak ondo egin. Bihurri barruan duen maila erakusten ari da eta irabazi beharko zaio», azpimarratu zuen 26 urteko aizkolariak.

Bestalde, Hodei Ezpeletak berak uste du Vicente «dela faborito nagusia. Irabazteko txartel guztiak berak ditu. Gaur egun bera da onena».