Jon Ormazabal

Handi bihurtu zuen kiribilean kateatuta jarraitzen du Baskoniak

«Iragarritako heriotza baten kronika», Gabriel Garcia Marquezen nobelaren izenburua, ezin hobeto datorkio Baskoniak bere egoera iraultzeko egindako mugimenduari. Inor ez zuen harritu, taldeak Joan Peñarroya kargutik kendu izana, eta, are gutxiago, Dusko Ivanovic izendatzea haren ordezko.

Dusko Ivanovic, Baskoniako bere azken etapan.
Dusko Ivanovic, Baskoniako bere azken etapan. (Raul BOGAJO/FOKU)

Aktualitateak eskatzen duen bat-batekotasuna eta egoera konplexuek behar duten patxada eta analisia ganoraz uztartzea; hori da bizitzea tokatu zaigun garai honetako kazetariok aurrean dugun erronka handienetako bat. Badira teknologia berrietara erraz egokitu eta eguneroko adrenalina horretara moldatu direnak eta bagaude abiadura horrek aurretik eraman eta, nostalgiak jota, ahal bezala bizi garenok. Konparazioak balioko balu, Baskonia bigarren multzo horretan egongo litzateke, dudarik gabe, garai batean handi egin zuen paperari eutsi nahi diotenen artean.

Ostiralean bete ziren 35 urte Josean Kerejeta Zurbaoko klubeko lehendakari bihurtu zenetik eta, bere argi-ilunekin, ezin uka daiteke taldea berez ez dagokion mailara igo duela. Merkatu berriak arakatuz, kluba elkarte anonimo bilakatuz, arlo guztien profesionalizazioa bultzatuz eta beste hainbat arlotan aitzindari izanda, eta Gasteizko botere publiko-ekonomiko-politikoekin interes sare sendoa eraikita, hiri txiki bat Europako elitean leku propio bat izatera eraman du lazkaotarrak eta bere taldeak.

Hiru hamarkadan, ordea, kirol profesionala eta gizartea asko aldatu dira, eta «Baskonia izaerari» pribilegio horiei eusteko mugak agertzen ari zaizkion garaiotan, handi egin zuen kiribilean kateatuta jarraitzen du taldeak, egungo behar eta eskakizunetara moldatzea kostatuko balitzaio bezala.

Ikuskizuna

Eta saiatu ez izanagatik ez da izango, ze radar guztiek ez diote batera huts egin; izan ere, Opening Day –izenak ingelesez jartzeko modari ondo heldu diote–, kontzertu eta bestelako ikuskizunekin, ikusmina sortu da eta Zurbaoko pabiloia goraino betetzen asmatu dute, nahiz eta azkenean zaleen «Baskonia gosea» birsortzen gehien jarri duen Joan Peñarroya botatzen amaitu duen, emaitzek, eta batez ere, presidentearen konfiantza ezak, eraginda.

Izan ere, taldeko buru daramatzan urte hauetan, Josean Kerejetak izan du garapen bat, besteok bezala zahartu egin da, eta agian horregatik eman dio Tarrassakoari bigarren urte hau hasteko aukera, baina barru-barruan gutxi aldatu da eta entrenatzaile batek bere konfiantza galtzen duen momentuan ­–eta iazko Kopatik Peñarroyak puska handi bat galdua zuen– agortuak ditu bere egunak Gasteizen. 2008ko ACB Liga, Superkopa, Kopako finala eta Final Fourra lortuta Spahija botatzeko gai izan bazen, Peñarroyarekin pazientzia handia izan duela esan lezake norbaitek.

Dusko, laugarrengoz

Eta kroaziarra ordezkatzeko egin zuen bezala, krisi momentu guztietan egin duen bezala, lazkaotarraren konfiantza osoa izan duen entrenatzaile bakarrak hartuko du ontzi gasteiztarra zuzentzeko ardura. Taldeak bere fitxaketa iragartzeko bidalitako oharrean dioen bezala, Montenegrokoa da Baskoniaren 60 urteko historian titulurik gehien irabazi duen entrenatzailea –3 ACB, 4 Kopa eta Superkopa 1–, baita ziurrenik taldea egoera honetan hartzeko prest legokeen maila bateko bakarra eta zaleen parte handi baten babesa ere ziurtaturik du lehen egunetik. Kontua da 66 urteko entrenatzailea ote den aukerarik egokiena gaur egungo saskibaloirako.

Krisi momentu guztietan bezala, 35 urtean lazkaotarraren konfiantza osoa izan zuen entrenatzaile bakarrak hartuko du ontzi gasteiztarra zuzentzeko ardura

Hasteko, etengabeko «revival» honetan, akaso Baskoniako entrenatzaile berriak 2003ko Kopako –Gadouren Kopako– libreta zabaldu beharko du, lesioekin eta antolatzaile postuan dituen arazo nabarmenei aurre egiteko. Pentsatzekoa da, Ivanovicek Gasteizera itzultzeko erronka onartu duenerako, zuzendaritzak Codi Miller-McIntyre eta Nico Mannion osatuko dituen antolatzaile bat ekarriko diotela, eta honek ere atzera begira jarriko ditu zale beteranoenak.

Izan ere, saihetsezina da 1999ko azaroaren 21 harekin konparazioak egitea. Caceresen aurka galdu eta gero, Baskoniak kargutik kendu zuen Salva Maldonado, eta egun gutxira Julio Cesar Lamas aurkeztu zuen eta haren besotik, kataluniarrak horrenbeste eskatutako pibota, nor eta Fabrizio Oberto.

Argentinarraren mailako antolatzaile bat lortuz gero –hegalekoren bat ere beharko da–, denboraldia salbatzeko moduan egon daiteke, baina Baskoniak bilatu beharko du handi bihurtu zueneko kiribiletik irteteko modua ere. Kaleetan gero eta kiosko gutxiago dagoen bezala, taldea berregiterakoan urtero apustu handiak egiteak tamainako arriskuak dakartza, NBAren irentsi nahiarekin, Scola edo Splitter berri bat topatzea gero eta zailagoa da, eta Alavesek ere ez du ematen beste futboleroen arrastoari jarraitzeko.