NAIZ

Geraleku artean ere, eskatuta, autobusa hartzea ahabildetuko du Gasteizko Udalak

Tuvisako Gautxoriko eskari bidezko geralekuen zerbitzua zabaltzeko, Gasteizko Udalak geraleku horietan igotzeko aukera ahalbidetzea onartu du. Bestalde, Buesa Arenara joateko autobus zerbitzua Zabalganara zabaltzea baztertu du Tuvisako presidenteak.

Gauean eskari bidezko geralekuetan autobusetara igotzeko aukera eskainiko du Gasteizko Udalak.
Gauean eskari bidezko geralekuetan autobusetara igotzeko aukera eskainiko du Gasteizko Udalak. (Raul BOGAJO | FOKU)

Geralekuen artean eskatutako tokietan hiriko autobusetara igotzeko aukera «garraio-sarearen etorkizuneko garapenetan» sartuko du Gasteizko Udalak. Duela bost urtetik eskaripeko geralekuetan jaistea posible da, adingabe eta emakumeentzat, Gautxori gaueko autobus zerbitzuan.

PSE, PP, EAJ eta Elkarrekin taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, udal taldeek, batzordean, hiriko bidaiarien garraio kolektiboaren zerbitzua emateko araudia eta aurkeztutako alegazioak ebaztea onartu dute.

Iñaki Gurtubai Tuvisako presidenteak azaldu duenez, berritasunik handiena herritarrak ohiko geltokien arteko puntuetan autobusera igotzeko aukera da, gaur egun gaueko zerbitzuan jaisteko eskaintzen den bezala.

Era berean, «txartelik gabe bidaiatzeagatik 50 euroko zehapena» onartzen da, eta hiriko autobusetan «bi gurpil-aulki hartzeko tokiari buruzko erreferentzia» kentzen da, «gaur egun autobus askok dagoeneko hiru toki baitituzte».

Oposiziotik, hitza hartu duen bakarra Oscar Fernandez Elkarrekin Gasteizko zinegotzia izan da, eta «araudia hasieran onartu zenean alderdi horiek ez sartzea» aurpegiratu du. «Prozesua ez da zuzena izan eta hau ihesbide bat da. Tuvisako Kontseiluan, lehenik eta behin, araudia bere osotasunaren eguneratzea onartu beharko litzateke, adabakiak egin gabe», gaitzetsi du.

Buesa Arenarako garraioa

Bestalde, Fernando Buesa Arena pabiloira autobus-zerbitzua zabaltzea baztertu du Tuvisako presidenteak. EH Bilduren udal-taldeak Zabalgana eta Lakua auzoetara linea berri batekin zerbitzua eramatea eskatu zuen.

Proposamen hori baztertu du Gurtubaik hiriko «auzo bakoitzetik Buesa Arenara autobus bat jartzeko behar diren baliabide ekonomiko eta giza baliabideak» ez daudelako. «Tuvisaren baliabideak mugatuak dira, eta ez da erraza ezta eraginkorra noizean behinkako linea berriak planteatzea», argudiatu du.

Gasteizko autobus zerbitzuaren presidenteak defendatu duenez, «linea berezien egungo diseinua egokia da, eta intermodalitatetako puntu zehatzetatik egiten da, hala nola Europa Biltzar Jauregitik eta Bake kaletik.

«Zerbitzu berezia da, ez erregularra, eta enpresaren egutegitik eta baldintzetatik kanpokoa», Baskoniak Buesa Arenan jokatuko dituen partidak hasi baino «ordubete lehenagotik» eskaintzen dena. «Nire autobus-linea edukitzetik hiriko garraio osora pasa behar da, sare osora, eta sare horretan transbordoak behar dira», gaineratu du.

Era berean, jakinarazi du Udalak «aparkalekuak handituko» dituela pabiloiaren inguruan, «aurrekontuak ahalbidetzen duenean».

Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak Buesa Arenara autobus-linea zabaltzeari uko egin izana deitoratu du, «Zabalganan bizi diren 30.000 pertsonei» zerbitzua emateko ekitaldi jendetsuak antolatzen direnean.

«Jendea 22.30ean ateratzen da saskibaloitik eta ez dago garraio publikorik Zabalganaraino. Autobusak Europan uzten ditu eta ez dago intermodalitaterik etxera oinez joateaz gain. Itzuleran ez dago autobusik, ez tranbiarik, eta ibilbidea garraio publikoan egiteko modurik ere», azaldu du.