Atzo hasi zen lanean Lapurdiko Arraun Elkartea, eta entrenatzailea zein izango den argitu dute: Jon Salsamendik gidatuko du trainerua. Lan itzela egin ostean Joseba Fernandezek utzitako lekua beteko du oriotarrak aurrerantzean.
Orain dela bi aste Salsamendik iragarri zuen ez zuela Orion jarraituko, zurrunbilo askoren ostean. Sei urte egin ditu bere etxeko klubean, eta orain, maila bat beherago, Iparraldeko trainerua entrenatzeko ardura izango du.
«Orain arte ikasitako guztia arraunlariekin partekatzeko aukera eman didatenez, horixe egin nahi dut. Alde horretatik, umiltasun handiz beste maila batean hasiko gara. Baina nire barruan gauza handiak egiteko grina piztu zaidala ere esango nuke», adierazi du Salsamendik.
Ver esta publicación en Instagram
Ez du erronka erraza izango oriotarrak; iaz langa oso goian jarri baitzuen Fernandezek. KAE 1 ligan bigarren geratu ziren, eta Eusko Label Ligara igotzeko kanporaketetan hirugarren egin zuten, eta hiru segundora izan zuten maila gorenerako txartela.
Mugimendu gehiago ere egon dira, hurrengo denboraldiari begira. Santurtzin Alexander Estebanek Javi Poloren lekua hartuko du entrenatzaile gisara.