Lau eta Erdiko txapelketaren finalerdiak argi berdea du. Ostiral honetan jokatzeko moduan zegoen ala ez baieztatzeko proba egin du Jokin Altunak, Amezketako pilotalekuan, eta baietz ondorioztatu du. Gauzak honela, Erik Jakarekin nor baino nor egongo da igandean, finalerako sailkatzearen bila, Eibarko Astelenan.
Azken ordua
— ASPE Pelota (@ASPEpelota) November 3, 2023
Jokin Altuna Eibarren jokatzeko prest!
Igandea, azaroak 5
https://t.co/iHFMoHGHsx#Eskupilotahttps://t.co/y9btQ8mewP
«Jon Erasunekin pixka bat berotu dut, hobetoago aurkitu naiz, gero Jokin Etxanizekin ariketatxo batzuk egin ditugu, oso gutxi egin dugu baina beno, min aldetik gutxiago eta igandeko partidak ze garrantzi duen ikusita, ba kantxara irtetea erabaki dut eta dena emateko prest», adierazi du Aspeko pilotariak herriko pilotalekuan egindako saioaren ostean.
Zortzigarren finalaren bila
Gauzak horrela, Aspeko izarra kaiolako bere zortzigarren finala izan daitekeena borrokatzeko moduan izango da, orain arte inork lortu gabeko marka. Bide batez, jokatzea erabakita, Altuna III.ak dagoeneko kantxan irabazia zuen hurrengo urterako zerrendaburu izaera ziurtatzen du. Amezketarrak uko egin izan balio, Iñaki Artola izango litzateke bere lekua hartuko zuena, bai igandeko partidan eta baita hurrengo urteko txapelketari begira.
Jokin Altunaren erabakiak ez ditu ez Erik Jaka ez Baikoko ordezkariak ezustean harrapatu eta igandean bere aurkaria izango den lizartzarrak oso argi zuen osteguneko material aukeraketan finalerako txartela bere lagun minaren aurka borrokatu beharko zuela. Aimar Olaizola, Baikoko kirol zuzendariak, NAIZ irratian eskainitako elkarrizketa honetan ere ez zuen batere zalantzarik amezketarraren parte hartzearen inguruan.
Minak Peñaren aurka jokatutako partidan areagotu bazitzaizkion ere, lesioa ez da berria Jokin Altunarentzat, abuztuaren 5ean hartu baitzuen kolpea Gasteizten. Baina pilotariak ohituta daude %100ean egon gabe jokatzen eta, geratzeko une egokirik topatu ezinda, bere burua behartzen aritu dela onartu zuen atzo aurrelari gipuzkoarrak. Orain kontua da lesio horrek zenbait mugatuko duen igandeko partidan eta, irabaztea lortuko balu, finalera ere zein baldintzetan helduko den.