Azaroak 30erako mugimendu feministak deitu eta geroz eta kolektibo gehiagok babestu duten grebaren baitan, Bilboko asanblada feministak antolatuta hiria zaintzaren ikuspegitik aztertzeko ibilaldia egin dute larunbat goiz honetan. Eguraldia lagun izan ez badute ere, jende andana batu da ekimenera eta, asanblada feministako kide Marinak NAIZi adierazi dionez, «uste baino emakume gehiago» bildu dira zaintzat Bilbon dituen erronkak aztertzeko.
Zaintzaren afera «ikuspegi eta gorputz ezberdinetatik» lantzea izan da dinamikaren helburua, eta ibilbidea diseinatzeko problematika hau dizi duten hainbat kolektibo izan dituzte lagun.
Indautxun ekin diote ibilbideari, etxeko langile askoren topagunea den plazan alegia. Lehen geltoki honetan Trabajadoras No Domesticadas elkarteko kideek eta elkartekoak ez diren zenbait etxeko langilek hartu dute hitza, euren bizipenak kontatzeko. Asanbladako kide Marinak NAIZi adierazi dionez, «Indautxu Plaza etxeko lanaren luzapen bat da, plaza honetan denbora asko partekatzen baitute zaintzen dituzten pertsonekin; gizartearen gehiengoarentzat atseden lekua dena haientzat lantokia da», jarri du azpimarra, baina aldi berean euren artean saretu eta «atomizatuta eta isolatuta» dagoen lanbide honetako informazioa partekatzeko aukera ere ematen diela azaldu du: «Besteen berri izateko aukera ematen die, lan baldintzak, denborak, soldatak...».
Ibilbidean aurrera eginda, Polizia Nazional espainolaren komisaldegiaren atarian egin dute bigarren geralekua. Putas en Lucha kolketiboko kide batek eta etxeko langile batek hartu dute hitza, atzerritartasun legeaz mintzatu eta «honek dakarren eskubide urraketa» salatzeko. Putas en Lucha kolektiboko kideak azaldu duenez, «muturreko lan prekarioak» eramaten ditu lan sexualak burutzera, «eta legedi arrazistak etxeko langileak zein langile sexualak kolpatu eta baztertu» egiten ditu.
Handik, aterkipean, Indautxuko Colisee erresidentziara abiatu dira, hango langileen bizipenak jasotzeko. Azken urteetan garatu duten borrokaren berri eman eta sektoreak bizi duen prekarizazioa izan dute hizpide. Erabiltzaile bakoitza artatzeko «hamabost minutu baino gutxiago» izaten dituztela ziurtatu eta horren ondorioa zerbitzu duin bat emateko ezintasuna dela nabarmendu dute: «Hiru erresidentzia mota daude: publikoak, pribatuak eta diru publikoz finantzatuak izan arren kudeaketa pribatua dutenak. Bizkaian, %90 azken mota horretakoak dira eta enpresari asko merkatu-nitxoa bertan ari dira topatzen; Amancio Ortega edo Florentino Perez bezalako jendea ari da eremu honetan sartzen, eta merkantilizazio hori da dituzten baldintza prekarioen erantzule».
Bizkaiko Aldundian egin dute hurrengo geralekua, Zaintza Babestuz federazioko kideen esanak aditzeko. Mendekotasuna duten pertsonen senideek osatutako federazio honetako kideek sektoreak lan egiten duten beharginekin bat egin dute «instituzioen arduragabekeriaren» ondorioz erabiltzaileek «zerbitxu txarra» jasotzen dutela nabarmentzean.
Zaintza sareak eredu
Aldunditik Zabalgune Plazako osasun-etxera jarraitu du ibilbideak, osasungintzaren arloan zaintzak dituen erronkak lantzeko. Lehen Arreta Arnasberritzen kolektiboek osasungintza pairatzen ari den egoera salatu dute: «Prekarizazio egoerak ez du bermatzen zerbitzu duin bat ematea», salatu dute.
Handik Albiako Lorategietara abiatu dira, Biboko Auzoen Federaziokoek esatekoa zutena entzutera. Bilboko ikuspegitik begiratuta, «inposatzen diguten hiri ereduari» aurre egiteko beharra nabarmendu dute eta pandemian Bilboko auzoetan sortu ziren zaintza sareak izan dituzten hizpide: «Sare potenteak sortu ziren, berebizikoak izan zirenak momentu horretan instituzioek egin ezin zuten edo egin nahi ez zuten lana egiteko. Sare komunitario potenteak sortu ziren, ematen ari diren isolamendu egoerekin hautsi zen», azaldu dute, eta norabide horretan ere grebarekin bat egiten dutela berretsi dute, «zaintza erdigunean jarri behar delako».
Esku-hartze sozialeko bi langilek ere hartu dute hitza gune honetan, «zaintza behar sendoak» dituzten sektoreak daudela azpimarratzeko, eta pisu tutelatuetan lan egiten duten langileen «babes gabetasuna» ere nabarmendu dute, bai fisikoki eta baita emozionalki ere. «Hor ematen diren egoeren aurrean, askotan bakartuta daude; eta hau lotuta dago gizartearen bazter batean bizi den sektoreak bizi duen egoerarekin, langile hauek ere bigarren plano batean geratzen baitira», esan digu Marinak.
Azken aurreko geralekua udaletxea izan da. Etxez-etxeko laguntzako zerbitzuko langile batek zerbitzuaren «prekarizazioa» izan du hizpide, eta azken geralekua tingladetan izan dute, Etxaldeko emakumeek esateko zutena entzuteko. Agroekologiaren aldeko apostua egiteko beharra nabarmendu dute, «elikadura duin bat jasotzea ere zaintzarako ezinbestekoa baita».
Ibilbidea euritako artean egiteak ez badie «elkar ezagutu eta harremantzeko» nahi zuten beste espazio eman ere, «eguraldi honekin espero genuena baino askoz emakume gehiago» batu direla ziurtatu du Marinak, eta dinamikari itxiera bazkari kolektiboarekin eman diote.