NAIZ

Ehungintzako baldintzak hobetzeko eta Gobernuaren dimisioa eskatzeko protestan, Bangladeshen

Ez da giro Bangladeshen. Mendebaldeko jantzi markarik ezagunenak hornitzen dituzten ehungintzako langileek grebara jo dute lan baldintzak hobetu nahian eta Poliziak errepresioarekin erantzun du. Gauza bera egin du Gobernuaren dimisioa eskatzen ari diren hiritarrekin. Hildakoak eta zaurituak daude.

Bangladesheko Poliziak gas negar eragilea baliatu du langileak sakabanatzeko, Dhaka hiriburuan.
Bangladesheko Poliziak gas negar eragilea baliatu du langileak sakabanatzeko, Dhaka hiriburuan. (MUNIR UZ ZAMAN | AFP)

Bangladesheko Poliziak gas negar eragilearekin sakabanatu zituen larunbatean, hiriburutik gertu, soldata hobeak eskatzeko greban zeuden langileak, Mendebaldeko arropa denda nagusiak hornitzen dituzten lantegi gehienek berriro ateak irekitzen zituzten bitartean. 600 lantegik bere jarduera eten zuten astebetez.

Liskarrak piztu ziren Ashulia herri industrialean, Dhaka mendebaldean, 10.000 langile kideei lanera itzultzea eragozten saiatu zirenean.

35 urteko emakume bat larri zauritu zen Sreepurren, Dhakatik 60 bat kilometro iparraldera, Poliziak ehunka manifestariren aurka gomazko balak eta gasa jaurti zituenean.

Langileak Gazipurren ere itzuli ziren lanera. Dhaka kanpoaldean dagoen hiri industrial honetan izan ziren manifestaziorik bortitzenak.

Poliziak errepresioarekin erantzun die langileen protestei. (AFP)

«Agintariek astebete barru soldatak igoko zituztela ziurtatu ziguten. Horregatik itzuli ginen lantegietara», esplikatu dio Rokon Uzzaman ehungintzako langileak AFPri. «Ez dugu aurrezkirik. Noiz arte jarraitu ahal izango dugu protestan gure familiak elikatu ezin baditugu?».

Ehungintza funtsezko industria da Bangladeshen, Txinaren atzetik munduko bigarren arropa esportatzailea da. Lau milioi langile dabiltza 3.500 lantegitan, gehienbat emakumeak. Hileko gutxieneko soldata ia hirukoiztea eskatzen dute, 8.300 taka (70 euro) izatetik 23.000 taka (190 euro) izatera igarotzea, bizimoduaren kostuaren igoera handiari aurre egin eta haien familien beharrei aurre egiteko. Bangladesheko Jantzien Fabrikatzaile eta Esportatzaileen Elkarteak, lantegien jabeak ordezkatzen dituenak, %25eko igoera besterik ez du proposatzen, ordea.

Bangladesheko ehungintzako langileak, Mendebaldeko arropa marka handienak hornitzen dituztenak, manifestazioan, soldata igoera eskatuz. (MUNIR UZ ZAMAN/AFP)


Protesta politikoak

Bestalde, ia 8.000 lagun atxilotu dituzte Bangladeshen, astebete baino gehiago luzatzen ari den Poliziaren errepresio handi baten baitan, ‘Prothom Alo’ egunkariak larunbatean jakinarazi zuenez. Indarkeriak kezka piztu du nazioartean.

Urriaren 28an, oposizioko 100.000 jarraitzaile baino gehiago bildu ziren Dhakan, eta Hasinaren Gobernuaren dimisioa eskatu zuten urtarrilaren amaierarako aurreikusitako hauteskundeen aurretik.

Liskarrak piztu ziren eta polizia bat hil zen. Joan den astetik hainbat manifestarik ere galdu du bizia. Oposizioko alderdi nagusiak, Bangladesh Alderdi Nazionalistak (BNP), hildako bederatzi ekintzaile eta 3.000 zauritu zenbatu ditu.

Protestek ez dute etenik, ezta Poliziak BNPren aurka hasitako errepresio latzak ere. Milaka jarraitzaile atxilotu, eta gutxienez 162 buruzagiri leporatu die poliziaren hilketa.

Atxilotuen artean Mirza Fakhrul Islam Alamgir BNPko buruzagia (75 urtekoa) eta Amir Khosru Mahmud Chowdhury merkataritza ministro ohia daude, alderdiak berak jakinarazi zuenez. BNPko presidenteordea, Altaf Hossain Chowdhury, ere eraman dute gatibu.

BNP eta bere aliatuek hilabeteak daramatzate Sheikh Hasina lehen ministroaren aurka protestan, hauteskundeak askeak eta bidezkoak izan daitezen eskatzen.