NAIZ

Gaurko 11.25etatik landa dohainik lan egiten dute Ipar Euskal Herriko emazteek

'Les Glorieuses' ek zabaldutako kalkuluaren arabera, azaroaren 6 honetatik, zehazki 11.25etik aitzin, dohan eginen dute lan frantses Estatuko emazteek, beraz baita Ipar Euskal Herriko emazte langileek ere. Soldata arrakalari aurre egiteko neurri zehatzak defendatu ditu kolektiboak.

Emazte bi kalakan Martxoaren 8ko martxaren amaieran, Baionan.
Emazte bi kalakan Martxoaren 8ko martxaren amaieran, Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Azaroaren 6an, goizeko 11.25etatan hasita eta urtea amaitu arte dohan lan eginen dute frantses Estatuko emazteek, beraz baita Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko emazteek ere.

Gizon eta emazte arteko soldata arrakalari buruz europear erakundeek eskaintzen dituzten estatistikak baliatuz egiten du 'Les Glorieuses' argitalpen feministak aipaturiko aurreikuspena.

Badira zortzi urte hasi zen literatura eta borroka feminista lotzen dituen taldeak Eurostatek sortzen dituen estatistikekin jokatuz kalkulu hori eskaintzen. Aurtengo kalkuluaren berri emateko orduan eskutitza argitaratu dute 'Les Glorieuses'eko kideek.

Agiri horretan nabarmentzen dutenez, urtero lan arrakalaren gaineko oharra ateratzen dutenean «jasotzen dugun galdera da ea nola kalkulatzen dugun data zehatza, harrigarria bada ere ez digute galdetzen zergatit urteak joan urteak etorri berdintasun faltak bere baitan jarraitzen duen».

Azkeneko neurketaren arabera arabera, gizonen eta emazteen arteko soldata diferentzia %15,8koa izan zen 2022an frantses Estatuan. Aurten %15,4koa izan da.

Aldaketa ez dela apenas izan baieztatu ostean «ondoko 56 egunetan  emazteek ez lukete lan egin behar haien lankide gizonen soldata maila bera izango balute» mahaigaineratu dute 'Les Glorieuses' taldeko kideek.

Ohi bezala, hastag bat eman dute plantan soldataren gaineko diskriminazioak sortzen duen egoeraz ikustarazteko xedez: #6Novembre11h25.

Bestalde, sinadura bilketa abian eman dute abian interneten bidez frantses Gobernuari hainbat aldarrikapen zehatz egiteko.

Ezin da ahantzi Emmanuel Macron 2017an hautatua izan zenean bere agintaldiaren ardatz nagusietarikoa emazte eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egitea zin egin zuela.

Berriki, Elisabeth Borne lehen ministroak helburu horri dion atxikimendua baieztatu duela.

Horrendako, honako hiru eskakizun luzatuko diote 'Les Glorieuses'ek frantses Gobernuari.

Lehenik eta behin berdintasunaren klausura aintzat hartzea kontratazioa egiterakoan galdetu du literatura eta borroka feminista lotzen duen iritzi taldeak.

Bigarrenik emazte kopuru handiagoa biltzen duten sektoretan gehiago itxaron gabe soldaten igoera aplikatzea galdetu dute 'les Glorieuses'ek.

Hirugarrenik haurren zaintza bermatzeko emazte eta gizonarentzat baimen berdina aurreikustea ezinbestekotzak jotzen dute.

Katrin Jacobsdottir lehen ministro islandiarrak lan sarien gaineko arrakala salatzeko bere herrialdean eginiko greba feministari emandako sostengua eredugarritzat jo dute, finean, 'Les Glorieuses'ek.

Galdera bat bota dute horren harira: «Zer gertatuko litzateke gure hurbileko emazte hautetsiek gure aldeko greba egingo balute?».