Izeba programaren baitan 20 familia berri gehitu nahi ditu Baketik Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. «8-17 urte bitarteko haur eta nerabeentzako osaba-izebak behar dira, adingabe migratzaileak izan daitezke, batzuek behar bereziak dituzte, edo desgaitasunen bat», azaldu du Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden eta egoitza-harreran bizi diren adin txikikoei bideratutako programa da ‘Izeba’, non familia boluntarioek osaba eta izeba figura bezala laguntza eskaintzen dieten, familiako beste kide bat bezala. Egun, tutoretzapeko 415 adin txikiko bizi dira egoitza-harreran Gipuzkoan, eta 349 familia-harreran.
Hamalau urte bete ditu programak, eta 300 familiak baino gehiagok hartu dute parte. Antolatzaileek zehaztu dute boluntarioen arteko 87 harreman sustatu direla, eta hauek «nerabeen erreferente, lagun eta babes-figura» direla. «Haurtzarotik egoera zail eta konplexuak bizi dituzten haur eta nerabeei osaba eta izeba papera betetzen duten familien laguntza eskaintzen zaie, harreman zintzo, esanguratsu eta gertukoak landuz», zehaztu du Peñak. Ikasketekin lagunduz, aisialdi denbora partekatuz, eta egunerokoan erreferente gisa jokatuz laguntzeko aukera dagoela esan du.
Nahiz eta 14 urte daramatzan martxan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Baketik Fundazioaren artean garatzen den mentoretza programa honek, «erabat berritzailea» izan dela azpimarratu du Peñak, «eredu bezala hartu izan dena gure inguruan, emaitza oso onak ematen dituena gainera».
Hazten doa, gehiago hazi behar du
Aldundiak Baketik fundazioarekin batera antolatzen du programa da, eta bertako arduradun Kristina Soaresek adierazi du «pixkanaka hazten» ari dela programa, eta astelehen goizean abiatu duten programaren bidez familia gehiago erakarri nahi dituztela.
Soaresek gaineratu du edonor izan daitekeela boluntario, «euren denbora librea modu boluntarioan partekatu nahi duen edonor, seme-alabak izan ala ez», eta gainera, Baketik Fundazioak boluntario guztiei sostengu jarraitua eskaintzen diela, zalantzak argitzeko edota adingabekoarekiko harremanaren inguruan aholkatzeko.