Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Ezker sorbaldako beldurra askatzea, Amezketako aztiaren amarru berria

Jokin Altunak 21-22 hartu zuen mendean Erik Jaka, Lau eta Erdikoaren finalerdietan, eta bere zortzigarren kaiolako finalera iritsi da, erreskadan. Inoiz baino gehiago sufritu du sorbaldako minarengatik. Peio Etxeberria izango du arerio finalean eta ostean, deskantsua hartuko du.

Jokin Altuna, herenegun, garaipena ospatzen, Jakaren aurkako finalerdian.
Jokin Altuna, herenegun, garaipena ospatzen, Jakaren aurkako finalerdian. (Jon URBE | FOKU)

Altuna III.ak, 27 urte eskasekin, pilotako historiako zenbait kapitulu sinatuta zituen jadanik, baina herenegun, Astelena pilotalekuan, pasarte berri bat idaztera tematu zen, bai tematu ere, galduta zeukan partida irauli eta kaiolako zortzigarren finalera sailkatu zen. Zortzina finalekin berdindu ditu Olaizola II.a, Eugi eta Martinez de Irujo, baina inork inoiz sekula erdietsi gabe zituen zortzi final erreskadan Lau eta Erdikoan, eta balentria hori sinatzen aurrenekoa Jokin Altuna izan da.

«Sekulako tentsioa egon da, oso gaizki pasa dut. Jendeak pentsatuko du ondo nagoela baina ez nago ondo, bukaeran berriz eman diot paretari eta asko sufritzen ari naiz», azaldu zuen Amezketakoak. Partida osoan ezkerpareta hori ez kolpatzeko saiakeran aritu zela aitortu zuen, eta horrek, zalantzarik gabe, pilotari baten mugimendu asko baldintza lezake. Errestoan makal aritu zen, baina «normaltzat» jo zuen Altunak berak, partiden irakurketetan autokritikoa izatera ohituta dagoen pilotariaren alde gizatiarrena agertuz.

Hamabi final, sei txapela

Pilotaren olinpoan dagoen honek bere zalantza eta beldurrak azaleratu zituen, txapeldun izanda ere badaudelako oinak lurrean izaten laguntzen dizuten osagaiak. Kasu honetan, sorbaldako lesio katramilatsua –distentsio bat zuela berretsi zuen erresonantziak eta ez zuen jokatu hirugarren jardunaldia–. «Oso harro nago nire buruarekin. Oso gaizki pasa dut, zalantza asko nituen, oso urduri pasa dut eguna; frontoia jendez beteta ikustea, probatu gabe etorri izana... Beldur handia neukan».

Hainbeste finaletara iristea ez da kasualitatea, are gutxiago bata bestearen segidan lortuta. 2016an, 20 urterekin, debuta egin eta bi urtera, jokatu zuen bere lehendabiziko finala, kaiolakoan. Galdu egin zuen Bengoetxea VI.aren aurka, baina argi utzi zuen pilotaren aro berriko protagonista izango zela. Ordutik, orotara, aurtengoa aintzat izanda, 12 finaletan iltzatu du bere izena eta erdietan jantzi du txapela.

«Ikaragarritzat» jo zuen Aspeko aurrelariak zortzi finaleko marka hau. Ongi sufritutako txapelketa izan da amezketarrarentzat, sorbaldak dezenteko buruko mina eman baitio. Sufrimendu horretan oinarritu zuen Amezketako aztiak, hain zuzen ere, bere azken trikimailua. Finalerdia jokatu aurreko bi asteak ze jasangaitzak izan diren gogorarazteko mezua bota zion bere lehengusuak, Gorka Altunak, markagailua 21-21 zela. «Gogoratu bi aste hauek, hik hartu behar duk [erabakia], hik bukatu behar duk», esan zion, azken sakearen aurretik.

Tantorik piloteatuena izan zen, hain justu ere, 21-21ekoa. Inork ez zuen galdutzat eman nahi, Jaka amorruz beteta eta Altuna azken inspirazioaren bila. Ezkerparetarekin berriro ere sorbalda jo eta azken asteetako mamuak azaleratu zitzaizkion amezketarrari baina, aztien pare, poltsikotik azken pilotakada bat atera zuen, ez hain arriskutsua, partida berdindu eta hil ala bizikora jokatzeko.

«Material honekin, distantzia honetan, ez dakit zer nahiago dudan: 21-18 irabazten joan eta sakea kontra eduki edo 21-18 galtzen egon eta sakea alde eduki», bota zuen.

Goian mantentzearen zailtasuna

Dudak duda, partida nahasietan, balantza bere aldera bultzatzen duenaren abilezia menderatuta du Amezketako aztiak. Poltsikoan dauzkan hamaika trikimailuetatik beste bat da hau eta igandean atera zuen: beldur eta kezken gainetik, beste final batera iristea, zortzigarrena erreskadan, inoiz baino gehiago sufrituta. Sufrimendua onuragarria izan daitekeela onartu zuen, «nire burua konturatu dadin nolako zaila den finaletara iristea. Oso zaila da hor goran egotea». Eta badira zenbait urte –zazpi behintzat bai–, bere izena lehen lerroan dagoena.

Lehen lerro horretan lekua egin nahian dagoen batekin egingo du topo, Peio Etxeberria «zezenarekin». Kaiolakoan lau finalerdi jokatu ostean, desiratutako finala erdietsi duena. Baten estreinakoa eta bestearen zortzigarrena, baina ilusioan pareko egongo direla ziurtatu zuen Amezketakoak.