NAIZ

Higiezinen egitasmo baten kontrako ekitza batengatik atzeman dituzten lau lagunak, aske

Frantziar Poliziak astearte goiz honetan atzeman dituen lau herritarrak aske gelditu dira arratsalde hasieran, ‘Mediabask’ hedabideak baieztatu duenez. Kanboko Marienia higiezinen proiektua salatzeko eginiko ekintza batean parte hartu izanagatik auzia izanen dute 2024ko martxoaren 12an.

Bouygues konpainiak Angelun duen agentzian simaurra bota zute ekintzaileek.
Bouygues konpainiak Angelun duen agentzian simaurra bota zute ekintzaileek. (Guillaume FAUVEAU)

Lau herritar atzeman ditu astearte honen goiz honetan frantziar Poliziak Ipar Euskal Herrian. Kanbon, Itsasun eta Baionan eginiko operazioaren ostean lau lagun horiek Baionako komisariara eraman dituzte.

Lehen herrian Janine Beyrie atzeman dute eta Itsasun Filipe Laskarai. Jakes Bortairu eta Dominika Daguerre, berriz, bikoteak Baionan duen etxean atzeman ditu Poliziak.

Laurak aske gelditu dira arratsalde hasieran, heldu den martxoan iraganen den auziaren zain ‘Mediabask’ hedabideak plazaratu duenez.

Elkarretaratzeak polizi-operazioa salatzeko

Lau atxiloketa horiek salatzeko Baionako Bernat Etxepare lizeoaren sarreran elkarretaratzea egin dute, gaur 10.30ean, bertako langile den Filipe Laskarai eta bera bezala atxilotuta dauden beste hiru herritarrak lehenbailehen aske uztea galdetzeko.

 

 

Handik, berriz, ikasleak manifestazioa egin dute Baionako polizia-etxean bertan hainbat eragilek lau herritar horien berehala askatzea galdetzeko eginiko deialdiarekin bat eginez.

Ostia sareak deitu du hamarnaka lagun bildu duen ekimena. Besteak beste ELB sindikatuko eta Lurzaindia elkarteko lagunak bertaratu dira Baionako komisaldegira.

Maryse Cachenaut laborariak eta Lurzaindia elkarteko kideak hartu du hitza atxilotuen aldeko elkartasun mezua zabaltzeko .

Marienian altxatu nahi duten higiezinen proiektua

Erran bezala, lehenengo informazioen arabera Kanboko Marienia izeneko lur eremuan eraiki nahi duten higiezinen egitasmoa salatzeko azken hilabetetan eginiko kanpainiarekin lotura luke goizeko 6ak aldera frantziar Poliziak abian eman duen operazioa.

Mobilizazio zinez handiak egin dituzte Kanbon bertako udalaren sostenguz Marieniako lur eremuan altxatu nahi dute higiezinen proiektua salatzeko.

Horrekin batera haibat desobedientzia ekintza burutu dituzte baita ere herritarrek.

Zehazki Angelun Bouygues enpresak duen higiezinen agentzian eginiko protesta ekimen batean parte hartu ondoren kalteak eragin izana egotziko lieke Poliziak lau atxilotuei 'Euskal Irratiak'ek goizean goiz aurreratu duen informazioaren arabera.

Marieniako laborantza lurretan eraiki nahi duten etxebizitzen multzoaren maketa zuten Angeluko higiezinen bulego horretan sartu ziren hainbat lagun joan zen abenduan eginiko ekintzaren baitan.

Kazetariak ondoan zituztela, higiezinen gaineko espekulazioa salatzea xede zuen ekintza burutu zuten Okupazio Sare Tematsua Irabazi Arte (Ostia) sareko kideek.

Laborantza lurrak baliatuz 94 etxebizitza eraiki nahi du Bouygues taldeak gaur gaurkoz laborantzarako baliatzen diren lur horietan Kanboko Herriko Etxearen onesperarekin.

Ostia kolektiboko hogei bat kide bulegoan sartu ziren joan zen abenduan eta bertan ikusgai zuten proiektuaren maketa lurraz eta lastoz bete zuten.

Era horretan egitasmoa lurperatu zuten sinbolikoki. Behin maketan agertzen zire etxetxoak estali zituztelarik, lurra busti eta gainean eraikinen ordez abereen panpintxoak ezarri zituzten ekintzaileek, era horretan Marienia laborantza jarduerarentzat atxikitzea nahi dutela aldarrikatuz.

'Marienia Ez Hunki!' lelopean burutu zuten Ostia sareko ekintzaileek joan zen abenduaren 17an iragan zen protesta ikusgarria.

Ipar Euskal Herrian abian diren hainbat higizienen egitasmoak arbuiatzen dituzten taldeak izen bereko plataformaren baitan biltzen dira.

Mobilizazio eta ekintza parte hartu dute haien kideek, beste eragile batzurekin batera.

Azkenetariko bat izan zen uda aitzin Senperen buruturiko okupazioa Olha etxearen salmenta espekulatiboa salatzeko xedez.

Hainbat eragileren oharrak

Atxilotuen berri izan eta ordu gutxitara lau herritarrak berehala askatzea eskatu du EH Baik, elkartasuna ere adierazi dielarik.

Honekin batera, atxilotuak sostengatzeko deitu dituzten mobilizazioekin bat egin du.

«Ipar Euskal Herriko gero eta herritar gehiagok herrian bizitzeko ezintasuna duten momentu honetan, lurra eta etxebizitzaren arazoa ez da 6.00etan militante politikoak atxilotuz konponduko: pertsona orori herria bizi eta lan egiteko eskubidea bermatuz baizik. Frantses Estatuak iraganekoak behar luketen errepresio moldeak baztertu behar ditu behingoz», nabarmendu du EH Baik.

Ildo beretik, atxiloketak salatu eta Baionako komisaldegira bertaratzeko deia egin du LAB sindikatuak X sarearen bidez zabaldu duen mezuan.

Bestalde, Xuti Gazte! dinamikak ere sare sozialen bidez salatu du gaurko polizia-operazioa. «Ipar Euskal Herriko arazoei ezin zaiela errepresioarekin erantzun» ohartarazita dute.

Martxoaren 12an auziari aurre egin beharko dioten lau lagunak zigorgabetzea galdetu dute.