NAIZ

Elur maila 700 metroan dagoenean aktibatuko da EAEn Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa

Lakuako Gobernuak iragarri duenez, Neguko Bidezaintza Planaren jarraipen eta informazio fasea elur maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da. Fase operatiboa, berriz, elur maila 700 metrora jaisten denean. Guztira, elurra kentzeko 206 makina izango dira.

Elurra A-15 autobidean, artxiboko irudi batean.
Elurra A-15 autobidean, artxiboko irudi batean. (Andoni Canellada | Foku)

EAEko Neguko Bidezaintza Planaren jarraipen eta informazio fasea elur maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur maila 700 metrora jaisten denean eta prezipitazio kopuruak horrela egitea aholkatzen duenean.

Lakuak koordinatuko duen 2023-2024 aldiko Neguko Bideozaintza Planean jaso denez, elurra kentzeko aldundien eta autobideen 206 makina izango dira, iaz baino bat gehiago, bai eta tona askotako ibilgailuak erretiratzeko gune estrategikoetan kokatuko diren zazpi garabi astun eta koordinazio eta zaintza lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu ere.

Horiei gehitu behar zaizkie Ertzaintzaren trafikoko lurralde unitateetako patruilak, ertzain etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango direnak. Planean aurreikusi da 2023-2024ko negurako 27.600 tona gatz eta 760.000 litro gatzun izatea.

Estibaliz Olabarri Gasteizko Gobernuk« Trafikoko zuzendariak azaldu duenez, "Neguko Bidezaintza Planaren jarraipen eta informazio fasea elur maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur maila 700 metrora iristen denean eta prezipitazio kopuruak horrela egitea aholkatzen duenean. Garrantzitsuena da prezipitazioak trafikoan duen eragina aztertzea eta, ondorioz, neurririk egokienak hartzea egoera meteorologiko txarretan bide segurtasuna bermatzeko».

2022-2023ko neguan planaren azken urteetako aktibazio kopururik txikiena erregistratu zen. Hain zuzen, jarraipen eta informazio fasea lau aldiz aktibatu behar izan zen, 2021-2022ko ekitaldian baino bi gutxiago, beraz; fase operatiboa, berriz, birritan aktibatu behar izan zen 2022-2023ko neguan, aurreko neguan baino bat gutxiago. 2017-2018ko neguan 17 aktibazio izan ziren, eta horietako hamarretan fase operatiboa aktibatu behar izan zen.

Laburbilduz, aurreko negua azken urteetako lasaiena izan zen, EAEko errepide sarean izandako elurrak eta izotzak trafikoan izan zuen eraginaren ikuspegitik. Datu adierazgarri moduan, 2017-2018ko kanpainan Neguko Bidezaintza Planaren koordinazio organoa bost aldiz elkartu zen krisi mahaian, eta 2022-2023koan, berriz, birritan bakarrik.

Aholku praktikoak

Bestalde, Trafiko Zuzendaritzak gidarientzako zenbait aholku praktiko eman ditu. Baldintza meteorologikoak txarrak direnean, abiadura moteldu eta tarte handiagoa utzi behar da aurrean doazen ibilgailuekin, zoru bustian distantzia handiagoa behar baita ibilgailua gelditzeko.

Funtsezkoa da pneumatikoak egoera onean egotea, pneumatiko higatuek ez baitute ura behar bezala husten eta istripua eragin baitezakete. Neguko pneumatikoak jartzea gomendatzen da, zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean trakzio, balaztatze ahalmen eta kontrol hobea eskaintzeko diseinatuta baitaude. Neguko pneumatikoak jartzen ez badira, bidean elurra dagoenean behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea zirkulatu ahal izateko.

Hotz handia egiten duen egunetan kontuz izan behar da izotzarekin, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez baitute libratzen irristatzeko arriskutik. Ezinbestekoa da, beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea.

Haizetako-garbigailuak dira zaindu beharreko beste elementuetako bat: baldintza onetan eduki behar dira beti, euria edo elurra ari duenean errepidea ongi ikusi ahal izateko. Era berean, funtsezkoa da bat-batean ez galgatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea; leunki eta pixkanaka balaztatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokeatu ez daitezen eta ibilgailuaren kontrola gal ez dezagun; horrelakoetan, balaztako pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor galga erabili balazta pedalarekin txandakatuta.

Azkenik, elurretan autoa oso poliki abiarazi behar da, eta gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu behar da gurpilei indar gutxiago aplikatzeko.