NAIZ

Greba Feminista Orokorrarekin bat egiteko deia luzatu dute EHUko ikasle zein langileek

Zaintza eskubide kolektiboaren alde, azaroaren 30erako Greba Feminista Orokorra babesteko deia egin dute ostegun honetan EHUko hainbat campusetako ikasle zein langileek.

EHUko ikasleek eta langileek egindako aurkezpena, Bizkaiko campusean.
EHUko ikasleek eta langileek egindako aurkezpena, Bizkaiko campusean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EHUko hainbat campusetako ikasle zein langileak batu dira ostegun honetan, datorren azaroaren 30ean Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu eta beste hainbat sindikatu eta eragilek babestu duten Greba Feminista Orokorrari sostengua adierazteko. Zaintza «eskubide unibertsal bezala» aitortzeko aldarrikapena eta zaintza sistema publiko-komunitario berri baten beharra plazaratu nahi izan dute, egungo zaintza erregimena «sostengaitza» delako.

«Zaintza, bizimodu duina eraikitzeko oinarria da: ez da unean uneko zerbait, zaintza bizitzako une eta eremu guztietan beharrezkoa da. Gure gorputzen, komunitateen eta lurraren iraunkortasunerako ezinbestekoa da; hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko beharrezkoa», adierazi dute.

Kritikatu dutenez, Euskal Herrian, egun, zaintzarako zerbitzuak erabat pribatizatuta daude. «Azken 20 urteetan, euskal instituzioetatik sistematikoki pribatizatu dira ahal izan diren zaintza zerbitzu guztiak, enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askotako etekinak ateratzeko, zaintza hori jasotzen dutenen ongizatearen eta langileen lan-baldintzen kontura», gehitu dute.

Horregatik, zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi izan dute; hau da, «pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde».

Zaintza lanen egungo «antolamendu soziala» eraldatzeko, bi planotan pentsatzea eta aldaketak eragitea proposatu dute. Alde batetik, «premiei erantzutea, hau da, egun, prekarioen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre egitea»; eta bestetik, «epe luzera begiratzea eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituena».

Beraz, uste dute zaintzekiko konpromisoak nahiz erantzukizunak hartu behar direla, eta lanaren «banaketa sexual eta arrazista» desegin. Horregatik, Greba Feminista Orokorrean, erantzukizuna eta konpromisoa exijitu diete dagokien arduradun politikoei.

«Egoera hau sostengaitza da eta horren arduradunek izen abizenak dituzte. Azaroaren 30ean greba egingo dugu Euskal Herrian, unibertsitateetan ere bagabiltza antolatzen, zaintza sistema publikoa definitzen eta gure bizitzak politizatzen. Denon bizitzak erdigunean jartzeko prozesua da hau eta horri ekingo diogu», nabarmendu dute.