NAIZ

«Herria aurrera» doala defendatuko du Sortuk Brouard eta Muguruza hil zituzteneko urteurrenean

Brouard eta Muguruza hil zituzteneko urteurrenean, azaroaren 20an, manifestazioa egingo du Sortuk Bilbon, azaroaren 20an. Aurkezpenean Estatu espainolaren aldetik hilketa hauen «aitortzarik, erreparaziorik eta ardura hartzerik» ez dagoela salatu dute.

Datorren azaroaren 20rako manifestazioa deitu du Sortuk Bilbon.
Datorren azaroaren 20rako manifestazioa deitu du Sortuk Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Sortuk datorren azaroaren 20rako manifestazioa deitu du Bilbon, Santi Brouard eta Josu Muguruza 1984an eta 1989an, hurrenez hurren, hil zituzteneko urteurrenean. «Euskal Herria aurrera doala» aldarrikatuko duen manifestazioa Arriaga antzokiaren ataritik abiatuko da 19.00etan Brouarden kontsultaraino.

Ostegun honetan manifestazioaren abiapuntuan egindako aurkezpenean, Paul Lakak, Sorturen Bizkaiko arduradun eta Nazio Kontseiluko kideak honakoa adierazi du: «Aurten 39 eta 34 urte beteko dira Santi eta Josu hil zituztenetik, estatu terrorismoak hil zituenetik. Espainiar estatuak agindutako heriotzak izan ziren. Baina ia 40 urte geroago, oraindik ez dago inolako aitortzarik, ez erreparaziorik, ezta ardura hartzerik ere».

Haren hitzetan, estatuak gerra zikina «sistematikoki» erabili du ezkerreko independentismoaren kontra; hala nola, finantzatutako talde parapolizialak, torturaren erabilera orokortua, eta oinarririk gabeko ilegalizazio, sumario eta espetxeratzeak. Horrekin guztiarekin amaitu behar dela nabarmendu du: «Nahikoa da. Estatuaren inpunitatearekin amaitu eta egindakoaren erantzukizuna har dezatela».

«Bere nazio aitortza aldarrikatzen duen herria, zerbitzu publiko eta bizitza duinen alde borrokatzen dena, euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean altxatzen dakiena, Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko mobilizatzen dena. Hori da gure herria, Euskal Herri solidario, borrokalari eta ameslaria», azpimarratu du. Haren arabera, Estatu espainoleko «eskuinaren oldarraldiak agerian uzten du 78ko erregimenaren krisia».

Horregatik guztiagatik, Brouarden eta Muguruzaren «legatua hartzera eta Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokan urratsak egiten jarraitzera» dei egin du: «Gure komunitateari dei egiten diogu mobilizazioan parte hartzera eta, manifestazioaren leloak dioen bezala, ‘Herriak aurrera’ egin dezan Independentziarako Indarra izaten jarraitzera».