NAIZ

Zaporeak elkarteak jasotako 30.000 kilo elikagai Lesbosera bidean

Zaporeak elkarteak 30.000 kilo elikagai bidali ditu Lesbosera. Adierazi dutenez, «asilo-eskatzaile asko ari dira iristen, eta soilik bi hilabetean ikusi dugu kanpamentuko biztanleria 2.000 pertsonatik gora handitu dela».

Zaporeak bidalitako kontenedorea.
Zaporeak bidalitako kontenedorea. (ZAPOREAK)

Zaporeak elkarteak 30.000 kilo elikagai bidali ditu ostiral honetan Lesbosera kontainer batean.

Ohar batean azaldu dutenez, «Olaran Ikastetxe Nagusiak eta Fagor, Kaiku edo Pedro Luis enpresek emandako arroz pakete, litro esne, kilo pasta, edredoi bakoitzak, Hotz Oñatik edo Elikagaien Bankuetako gure lankideek, La Pamplonesaren kontzertu solidarioek, Eresmin Abesbatzak eta beste hainbatek bildutakoetara hurbildu den pertsona bakoitza… Honek guztiak laguntzen gaitu Zaporeak egunero lanean jarraitu ahal izateko kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuen bizi baldintzak hobetzen saiatzeko eta egunero gerratik ihes egiten duten milaka lagunentzat beharrezkoa den baina nahikoa ez den 2.500 janari anoa prestatzen jarraitzeko».

Eta laguntza beharrezkoa dela nabarmendu du elkarteak, izan ere hilabeteak daramatza Greziako migrazio-egoera egunero larriagotzen ari dela jakinarazten. «Asilo-eskatzaile asko ari dira iristen, soilik bi hilabetetan ikusi dugu Lesboseko kanpamentuko biztanleria 2.000 pertsonatik gora handitu dela, hau da, azaroko bigarren astean jada 5.000 pertsona baino gehiago daude bizitzen Kara Teseko kanpamentuan, egun bakar batean, azaroaren 1ean, sei patera iritsi ziren, guztira 210 pertsonarekin».

«Egoera jasanezina da. Maiatzean jakinarazi genuenez, gure sukaldaritza-muga gainditu eta 2.000 erraziora iritsi behar izan genuen, baina bi aste baino gehiago daramatzagu egunero 2.500 anoa prestatzen. Hala eta guztiz ere, gure boluntarioek banaketako furgoneta husten dutenean eta erraziorik geratzen ez denean, ilara bat dago ehunka errefuxiaturekin, eta ezin gara haiengana iritsi», gaineratu du.