Iraitz Mateo

Xabat Galletebeitiak irabazi du Berrizeko finalaurrekoa, eta finalera sailkatu da zuzenean

Berrizen jokatu da larunbat honetan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa, Xabat Galletebeitiak irabazi du eta zuzenean Bilboko finalerako txartela eskuratu du. 550 lagunek bete dute Berrizeko pilotalekua.

Xabat Galletebeitiak eskuratu du Bilboko finaleko lehen txartela.
Xabat Galletebeitiak eskuratu du Bilboko finaleko lehen txartela. (Raul Bogajo | FOKU)

Berrizeko Olakueta pilotalekuan jokatu da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurreko saioa larunbat arratsalde honetan. Abenduaren 16an Bilboko finalean kantatzeko txartela Xabat Galletebeitiak eskuratu du, 616,5 punturekin.

Txapelketa hasi zenetik nabaria zen, baina bertso gosez jarraitzen dute bertsozaleek, pilotalekua 550 lagunek lagunek bete dute. Bertsolariak ere, kanturako gogoz sumatu dira, eta susmoak argitzeko hasierako agurretako aurkezpenak lagungarriak izan ohi dira. Guztiek adierazi dute ahalik eta hobekien egiteko gogoa, eta begirada finalean jarri dute. Itxaro Juaristi gai jartzailearen esanetan aritu dira kantuan; saio polita eta osoa landu dute bertsolariek.

Zortziko txikian lehertu da pilotalekua, Altzerrekaren eta Galletebeitiaren ariketak borobildu du ariketa. Bikotekideen gorputzean jarri ditu gai jartzaileak, Altzerreka udal hauteskundeetan alkatetzarako aurkeztu zen, bozka zenbaketa amaitu, eta bakarra izan da jasotako bozka. Udaletxean ezetz, baina beraien etxean bera dela alkatea kantatu zuen Altzerrekak, eta Galletebeitiak erantzun: «Kontrakoa esango/ banizu akabo/ argi da gure etxean/ ni ez naiz Arnaldo/ lehen zalantza zeneukan/ orain argi dago/ inork ez zaitu maite/ nik baino gehiago». Eta horri ere garbi erantzun dio Altzerrekak, munduan nartzizista asko dagoen arren, berak bere burua baino gehiago inork ez duela maite esanez.

Pagonabarragak eta Abasolok osatutako hamarreko txikia ere ederra izan da. Abarkas gazteak gaztetxea okupatu berri du beste zenbaitekin batera, eta Pagonabarraga auzokidearengana joan da beraien proiketua azaltzen duen eskuorria ematera. Lehen bertsoan gaztearen aurkezpen sinesgarria egitea lortu du: «… ez dakit egon behar/ zaren gugaz ados/ baina gure burua/ aurkeztera gatoz». Elkarrizketari amaiera oso fin eman dio auzotarrak: «...auzolana noiz dago/ esan mutikoa/ konpondu ezazue/ zuen garitoa/ bajatuko dozuet/ urdaiazpikoa».

Hamaika bide eta denak hausnarrerako
Ganbarako gaia esaterakoan sortzen da tentsioz beteriko isiltasun bat, eta hala ahoskatu du Juaristi gai jartzaileak: Inoiz ez dizu zilegi iruditu, orain, asko maite duzun norbaitek egin du. Bide oso ezberdinak jorratu dituzte eta norberak utzi du bere alea. Abasolo politikagintzako iruzurren eta boterearen inguruan mintzatu da, Gezuragak Ertzaintzara sartuko diola esan dion lagunari kantatu dio, bigarren bertsoan bere iritzia erakutsiz: «...zu amets baten bila joan zara/ a priori ez du gaitzik/ Arkauten ez da ametsik lortzen/ ameslariak jo baizik».

Pagonabarragak taberna txiki batean lan egiten zuen eta kaleratua izan denaren paperetik kantatu du; Galletebeitiaren lagun minak sexu-eraso bat egin zuen eta hortaz aritu da; kontakizun zehatz horretatik abiatu, eta hausnarketa zabalagoarekin itxi zuen lana: «Munduan bada hainbeste jende/ nork norentzako nor noren mende/ liseritzeko ia bi mende/ nahiago lagun gu ez bageunde/ teorikoki dena argi dugu/ ertz edota erliebe/ gero gizonok lagun artean/sentitzen gara errege/ zilegitasun gutxi daukagu/ ze aldarri, ze botere?/ Ez badiogu utzi nahi pixa/ tente egiteari ere».

Etxebarriazarragak, berriz, Olentzero gurasoak direla esan dion aitaren paperetik kantatu du: «Aita legez ezarri/ neban lehen erronka/ ez tonurik altxatu/ ez gezurrik bota/ baina lehen gabon gaba/ zala ate joka/ akabo ohiturak hautsi/ beharra dago ta/ hau eta beste datoz/ opariz itota/ emaztea antzezten dabil/ Ole Olentzeroka/ zenbat antzeztu daben/ ezin neiken konta/ dana ez eitearren/ korrontearen kontra»

25 urte txapelketan igaro ostean, azken agurra txapelketei agur esateko baliatu zuen Abasolok: «...adiorik ez, ikusi arte/ plazen handi bat izan da». Bera bezainbat hunkitu da bertsozalea, eta txalo zaparrada handi zein animozko txistuekin agurtu dute.

Puntuazioa:

616,5 Xabat Galletebeitia
604 Gorka Pagonabarraga
585,5 Aitor Etxebarriazarraga
550,5 Eneko Abasolo
549,5 Koldo Gezuraga
548,5 Iruri Altzerreka