NAIZ
Madril

EH Bildu eta EAJ «zorrotzak» izango dira Pedro Sanchezek agindutakoa bete dezan

EH Bilduk berretsi du Pedro Sanchezi botoa emango diola ostegun honetan ultraeskuina boterera iritsi ez dadin, baina eskubideetan atzera egitea ekarriko duen neurririk ez duela babestuko ohartarazi dio. EAJk, berriz, erkidegoen eskumenen errespetuan «oso zorrotza» izango dela adierazi du.

Bel Pozueta, Mertxe Aizpurua, Gorka Elejabarrieta eta Oskar Matute diputatuak, Kongresura iristen.
Bel Pozueta, Mertxe Aizpurua, Gorka Elejabarrieta eta Oskar Matute diputatuak, Kongresura iristen. (Fernando SANCHEZ | EUROPA PRESS)

EH Bilduk eta EAJk agerraldia egin dute, nork bere aldetik, inbestidura saioan Pedro Sanchezek egin duen hitzartzearen balorazioa egiteko.

Koalizio subiranistaren iritziz, PSOEren hautagaiak «zertzelada positiboak» izan ditu baina horietan sakondu egin behar da, «motz geratu daitezkeelako». Mertxe Aizpurua diputatuak esan duenez, «konplexua eta nekeza» izango den bidea ireki da, eta horregatik «ausardia handia» beharko da.

Nolanahi ere, Aizpuruak berretsi du PSOErekin akordiorik sinatu gabe ere Sanchezen aldeko botoa emango dutela ostegun honetan, «ultraeskuina boterera iritsi dadin ekiditeko», jendartearen eskubideetan aurrera egiteko, nazio auzia bideratzeko eta neurri sozialetan sakontzeko.

Etapa berri honetan, ziurtatu du, EH Bilduk «ez du zalantzarik egingo» eta «oso zorrotza» izango da, eta ez du eskubideetan atzera egitea ekarriko duen neurririk babestuko. «Aurrera egiteko aukera historikoa dugu. Legealdia luzea eta egonkorra izango da Gobernuak agenda sozialari eta nazio auziari erantzuten badie», nabarmendu du.

Horregatik, erantsi du, agintaldi honetan «arazo politikoei anbizioz, determinazioz eta ausardiaz heldu behar zaie bide demokratikoen bidez, eta euskal gizartearen aldarrikapen nagusiei erantzun, hau da, Euskal Herria, Katalunia eta Galiziako errealitateen onarpena».

EAJ, eskumenekin kezkatuta

EAJren izenean Aitor Estebanek ohartarazi du «zorrotzak» izango direla autonomia erkidegoetako eskumenen errespetuarekin «bakarrik geratu behar badugu ere», eta Pedro Sanchezek «sinatu duena betetzea» espero du.

«Nik uste dut akatsa litzatekeela bere kideenekin talka egingo duten agendak inposatzea», ohartarazi du Kongresuan eskaini duen agerraldian. Diputatu jeltzaleak faltan bota du Sanchezek bere hitzartzean EAJrekin eta alderdi katalanekin «nazioen onarpenari eta pluralitateari» buruz sinatutako akordioa ez aipatzea.

Amnistiari buruz, aurkeztu den testua «norabide onean» doala uste du Estebanek, «ez bakarrik juridikoki, baita politikoki ere».

Jeltzaleak eskertu du Sanchez Europaren inguruan aritu izana, Europa «dagoeneko ez delako kanpo arazoa» eta «eragin zuzena duelako barne politikan».