Korrikaren 23. edizioaren aurkezpenean familia argazkia egin dute San Telmo Museoan.
Korrikaren 23. edizioaren aurkezpenean familia argazkia egin dute San Telmo Museoan. (Andoni CANELLADA | FOKU)
NAIZ
Donostia

Irunen hasi eta Baionan bukatuko da 23. Korrika, martxoaren 14tik 24ra

Korrikaren 23. edizioa Irunen hasiko da heldu den martxoaren 14an eta Baionan bukatuko da hamar egun beranduago, martxoaren 24an. ‘Harro Herri’ izango du lelotzat eta Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko du.

‘Harro Herri’ lelopean, Korrikak Euskal Herriko errepideak zeharkatuko ditu 2024ko martxoaren 14tik 24ra, Irunen hasi eta Baionan bukatuta.

Ostegun honetan aurkeztu dute 23. edizioa, Donostiako San Telmo museoan. Bertan izan dira Korrikako arduradun Ane Elordi Alburquerque eta Aitziber Balantzategi Ibargoitia, AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakaria, baita Korrika batzordeko kideak ere.

Aurkezle lanetan aritu den Anabel Arraizak gogora ekarri duenez, 22. Korrika orain arteko jarraituena izan zen, «gauza askoren mugarri eta adierazle»: covid pandemiaren osteko lehenengo mobilizazio erraldoia, zuzenean 24 orduz jarraitu ahal izan zen... baina, bereziki, «gai izan ginen euskara agendaren erdigunean kokatzeko» eta «argi eta ozen oihukatu genuen gure hizkuntzaz harro gaudela».

Horren ildotik, 23. ediziorako hautatu duten leloak «komunitate bat, herri bat, oztopo guztiak gainditzeko gai den Herri Harroa garela» aldarrikatuko du.

Edizio honetako iruditerian mihise koloretsu bat aukeratu dute, festa giroa irudikatzen duena, «Historia, konpromisoa, ilusioa eta etorkizunaz harro dagoen herri bizi bat: ‘Zorionekuak’, Laboaren iruditeria, ‘Gernika’ artelana...».

«Harro, baina ez konforme»

Aitziber Balantzategik azkenaldian euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurka «bizirik segitzen duen oldarraldia» izan du hizpide eta euskararen ezagutzan eta erabileran urrats handiagoak egiteko administrazioek baliabide gehiago jartzeko beharra nabarmendu du.

«Ezinbestekotzat» jo du Euskal Herri osoan euskararen normalizazioa bizkortzea, eta horregatik 23. Korrikak jasoko duen dirua Euskal Herri osoan euskararen normalizazioaren aldeko bere lana aurrera eraman ahal izateko baliatuko duela iragarri du.

«23. edizio honetan Harro bai, baina ez konforme, aldarrikatu nahi dugu. Nahitaezkoa da Euskal Herri osoan euskararen normalizazioa bizkortzeko herritarren kontzientziazioan eta aktibazioan eragitea, baina ez ardura norbanakoen bizkar utzita. Herritarren ahaleginarekin batera, instituzioek ardura garrantzitsua dute egungo errealitateari erantzuna emateko: hizkuntza politika ausartagoak egin eta inbertsioak areagotu behar dituzte, herritarren konpromisoari bide eman behar diotelako», nabarmendu du.

Desberdintasunetan «berdintzen gaituena» aurkitu dutela azaldu du, eta hori euskara dela. Ezagutzaren unibertsalizazioa izan da Balantzategiren aldarri nagusia, «ezagutza hitz egiteko eta hitz egiten uzteko lehenengo baldintza baita». Eta ondorioz, Euskal Herri osoan doan ikasteko aukera sortu behar dela gaineratu du, horretarako hiru zutabe aipatuz: hezkuntza, transmisioa eta Helduen Euskalduntze Alfabetatzea. «AEKren eta Korrikaren helburua herritar guztiak euskaraz eroso bizitzea da», adierazi du.

Omendua, Azterketak Euskaraz

Korrikaren 23. edizioak Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko du, Baxoa eta Brebeta euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleak, hain zuzen ere. Ane Elordik kontatu du euskara dela haien aldarria, Korrikarena bezalaxe: «Beren ikasketen une erabakigarri batean, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua egiten dutenak. Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, eta beren notetan eta etorkizun akademikoan ondorioztatu kalteak onarturik». Egoera horren aurrean, taldean lan egitea txalotu du Korrikako arduradunak.

Egindako aitortza Azterketak Euskaraz taldearen egoera ezagutzera emateko «bozgorailua» izatea espero dute, eta beraien «jarrera eredugarria» nabarmendu du Elordik. Datozen hilabeteetan Euskal Herri osoan lanean jarraitzearen beharra mahaigaineratu du koordinatzaileak, euskararen normalizazioaren alde.

Bestalde, «dimentsio orotan eragiteko konpromisoa» hartzearen beharra galdegin du, herria batuta: «Arabako mahats, Badeako buztin, harro zite Pirinioetako elur, Meatzaldeko burdina». Espazio berriak irabaztera eta hitzez zein ekintzez aldarri egiteko deia egin dute 23.Korrikako mezuan.

Berrikuntzak, Korrika App-a esaterako

Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzeko Korrika Laguntzaileen beharra azpimarratu du Arraizak, eta gaineratu du «inoiz baino errazagoa» izango dela 23. Korrikaren jarripena egitea. Jada eskuragarri dago Korrika app-a, eta bertan eskuragarri izango dira ekimenaren nondik norako guztiak eta azken berriak.

Bestalde, aurreratu dutenez, abenduaren 1ean ‘Badon*’ Korrika-AEK I-bekaren irabazlearen proiektua aurkeztuko da Gasteizko Printzipal Antzokian, eta horren ostean abiatuko du Euskal Herrian zehar bira.

Ibilbidea eta abestia izaten dira jakin-mina zein irrika sortzen duten bi elementu, baina ostegun goiz honetan egindako aurkezpenean esan dute «berandu baino lehen» emango dutela horren berri.