NAIZ

NUPeko ikasle eta langileek greba egingo dute A30ean «zaintzarako eskubide kolektiboaren alde»

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ikasle eta langilek agerraldia egin dute azaroaren 30eko greba feminista orokorrari babesa adierazteko. «Zaintza lanen egungo antolamendu soziala eraldatzeko» beharra aldarrikatu dute, «zaintzarako eskubide kolektiboaren alde».

NUPen agerraldia egin dute A30eko grebarekiko babesa erakusteko.
NUPen agerraldia egin dute A30eko grebarekiko babesa erakusteko. (Greba Feminista Orokorrerako Nafarroako plataforma)

Zaintza sistema eraldatzeko beharra azpimarratu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ikasle eta langilek, azaroaren 30eko greba feminista orokorra babestuko dutela iragartzeko agerraldi batean. Dagoeneko martxan dauden Ikasle Greba Komiteetan parte hartzeko deia ere zabaldu dute.

«Zaintzaren problematika sistematikoa eta estrukturala den honetan, hezkuntza-sistema zisheteropatriarkal kapitalistak goitik behera astintzen gaitu. Horregatik, unibertsitateko ikasle zein langileok ere, bizitzak erdigunean jarriko duen Zaintza Sistema Publiko eta Komunitario baten alde jardungo dugu», azaldu dute ostiral honetan.

«Guk zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu», adierazi dute. «Pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu».

Hortaz, aldaketak bi planotan egitea planteatzen dute. Batetik, «premiei erantzutea» eta gaur egun «prekarioen eta kolapsatuen» dauden egoerei aurre egitea. Eta bestetik, epe luzera begiratuz, «bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituena».

Gainera, greba mugimendu eta eragile gehiagorekin «elkarlanean josten ari garen prozesua» dela nabarmendu dute, artikulatzen ari den Herri Akordioa «horren isla» delakoan.

Pribatizazioa eta arrazismoa

Euskal Herriko zaintza zerbitzuen pribatizazioa salatu dute, «enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askotako etekinak ateratzeko, zaintza hori jasotzen dutenen ongizatearen eta langileen lan-baldintzen kontura».

Politika hauek «familia heteropatriarkala erdigunean» jartzen dutela deitoratu dute ere. «Berriro ere, zaintza lanak emakumeon gain daude, eta sarritan emakume migratu eta arrazializatuengan. Sistema kapitalista eta heteropatriarkala izateaz gain, arrazista baita», adierazi dute NUPeko langile eta ikasleek.