NAIZ

Onkologikoak Gipuzkoa osoko pazienteak hartuko ditu azaroaren 27tik aurrera

Lakuako Gobernuaren Osasun Sailak eta Donostiako Onkologikoa zentroak 2018an izenpetutako hitzarmena jarraituz, ospitaleratuak izateko beharra duten Gipuzkoako paziente onkologiko guztiek zentro horretan artatuko dituzte.

Donostiako Onkologikoa.
Donostiako Onkologikoa. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Onkologikoa zentroak onkologian ospitaleratu behar duten gipuzkoar guztiak hartuko ditu azaroaren 27tik aurrera, Lakuako Gobernuaren Osasun Sailak eta zentroak berak duela bost urte sinatu zuten lotura hitzarmena jarraituz.

Lekualdaketa horrekin osatuko da 2018an hitzarmena sinatzearekin batera hasitako bidea, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko onkologiako ospitalizazio plantak Onkologikoa eraikinera lekualdatzea ekarri duen bidea, hain zuzen.

Horrela, Osasun Sailetik jakinarazi dutenez, zerbitzu horiek eta dagozkien profesionalak lekuz aldatzea beste urrats bat da Gipuzkoako Onkologiako Kudeaketa Klinikoko Unitateak onkologia zerbitzuak modu homogeneoan egiteko ahaleginean. Unitate hori Donostiako Unibertsitate Ospitaleko eta Onkologikoa zentroko profesionalek osatzen dute, eta 2023an 2.000 paziente baino gehiago artatu ditu.

Donostia ospitaletik Onkologikora egingo den lekualdaketan, Onkologia Medikoko, Onkologia Erradioterapikoko eta Zainketa Aringarri Onkologikoetako ospitalizazio jarduera aldatuko da lekuz, Gipuzkoako Onkologiako Kudeaketa Klinikoko Unitateak zerbitzuak modu homogeneoan egin ditzan. Lekualdaketaren ondoren, arian-arian berrantolatuko dira Onkologikoa eraikineko ospitalizazio plantan prestazioak.

Egoera horretan dauden pazienteak artatzen dituen profesional taldeak lehendik artatzen zuen talde bera izaten jarraituko du, eta, horrela, aurretiazko ezagutzaren garrantzia nabarmenduko da eta diziplina anitzeko asistentzia eredua garatzea bultzatuko da.

«Horrek guztiak nabarmen hobetuko du paziente horiei eskainitako asistentzia, eta onura erantsia ekarriko die instalazioekin, pazienteentzat eta haien lagunentzat erosoa baitira», nabarmendu dute.