Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Joanes Illarregik irabazi du Lesakako finalaurrekoa, eta osatu da finaleko zortzikotea

'Nafarroan bertsoa goruntz urtez urte/ hargatik harro egon beharko genuke/ Anaitasunan 2an kantatzean truke/ sufritu ta gozatu eiten dugu guk e/ beste izerdi hotz pixkat bota nahiko nuke', agurtu du Lesaka saioko irabazle Joanes Illarregik. Eneko Lazkoz eta Josu Sanjurjo ere pasa dira saiotik.

Joanes Illarregi Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoan.
Joanes Illarregi Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoan. (Iñigo URIZ | FOKU)

500 bertsozalek berotu dute igande arratsalde honetan Lesakako pilotalekua. Bertan jokatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Kultur etxetik frontoira pasa eta hala ere sarrerak falta izan dira.

Saioa dardara pixka batekin hasi da, urduri, baina berehala berotu eta egonkortu da. Ederra izan da. Joanes Illarregi Marzol izan da garaile, 525,5 punturekin, eta zuzenean sailkatu da heldu den abenduaren 2an Iruñeko Anaitasunan kantatzeko. Hurrenez hurren bigarren eta hirugarren egin duten Eneko Lazkoz Martinez (521,5 puntu) eta Josu Sanjurjo Alzuri (492,5) ere igaro dira final handira.

Laugarren egin du Eki Mateorena Zozaiak (458) eta bosgarren eta seigarren izan dira Mikel Lasarte Cia (453,5) eta Beñat Astiz Isasi (401).

Horra finaleko zortzikotea: Julio Soto Ezkurdia (543,50), Xabat Illarregi Marzol (529,50), Joanes Illarregi Marzol (525,5), Eneko Lazkoz Martinez (521,5), Josu Sanjurjo Alzuri (492,5), Saioa Alkaiza Guallar (506,50), Saats Karasatorre Martinez (470,50) eta Sarai Robles Vitas (468,50).

Lesakako saioko gai-jartzailea Alaitz Rekondo izan da, eta epaileak, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena.

Binaka, zortziko handian, zortziko ttikian, hamarreko ttikian eta puntutan aritu dira bertsolariak; azkenik, ganbarako ariketa osatu dute.

Zer galdurik gabe

Zer galdurik gabe kantatu du Beñat Astiz barañaindarrak. Berriro ere parte hartzeko grinarekin gelditu da, berriz, Eki Mateorena leitzarra. 2010eko martxoan lehen finala jokatu zuen Eneko Lazkozek frontoi honetan bertan. Lesakak beti hartu du goxo baino goxoago, eta oroitzapenen zakura egun eder bat gehiago sartu du etxarriarrak. Aurten, Nafarroaren Eguna abenduaren 2an hasiko dela azpimarratu du.

Beñat eta Eki urduri sumatu ditugu saioaren hasieran, zortziko handian, banatutako bikotearen azalean. Josu eta Enekok lortu dute plaza berotzea, ikasketak bukatu berri dituzten bi gazteren paperean fin. Enpresa aunitzetara bidali dituzte curriculumak baina inork ez die erantzun.

Hona Josuren bertso bat: ‘Pasatu gara fakultatetik kapitalismo askera/ curriculumak bota ditugu biok astetik astera/ baina tamalez ezin pasatu lan egitean fasera/ agian joan beharko dugu ingelesa ikastera’.

Etxarriarraren erantzun aparta: ‘Nik nahiago dut hemen enpresa batean hartu aterki/ Josu nun bizi gintezke bada etxean baino hobeki/ Arkitekturan etxeak sortzen ikasi dugu ederki/ baina oraindik ez dugu ikasi ateak nola ireki’.

Mikel eta Joanesek ongi eutsi diote mailari. Beren herrian azaroaren 30eko greba feminista antolatzeko bilera mistoa dagoela ikusi duten bi lagun dira. Leitzarra: ‘Beraz hitz egin beharko dugu gure iritzi apurrez/ baina ez joan ta haseratik bete hitzez ta gezurrez/ akats berdina ezin dut egin, gertatu izan zait aurrez/ gauza hauetan ez parte hartzea hanka sartzeko beldurrez’.

Barañaindarra: ‘Parte hartzeko oraindik ere Joanes ez gabiltz berandu/ bilera hontara joan gaitezen ta hemengoa ongi landu/ feminismoa aurrera doa garaiz garai munduz mundu/ gizartearen parte gara ta elkar behar dugu zaindu’.

Pilotuak, urruneko maitasunak eta psikologoak

Zortziko ttikian, Eneko eta Joanesen lana aukeratu dugu. Eneko auto pilotua da eta Joanes laguntzailea. Lasterketa hasi den momentutik Joanes aho zabalka sumatu du Enekok. Joanes: ‘Mantsogi joatea dela buruhauste/ karakolek aurretik pasatzen gaituzte/ arriskurik dagonik ez zazula uste/ radarrak karreretan itzaltzen dituzte’. Eneko: ‘Baina presa bizitzan ez ote da karga/… / xuabe pasa kurba ta xuabe jaitsi malda/ ez iristea baino hobea ez al da?’.

Hamarreko ttikian, Joanes eta Josu bikain aritu dira elkarrengandik urruti bizi den bikote gisa, nahiz eta lesakarrak gaia ez ongi ulertu. Batean edo bertzean baina elkarrekin bizitzea proposatu dio leitzarrari. Joanes: ‘Horren maiteminduta dauden bi mutiko/ kupidok ez ditunak atzean utziko/ jakizu maitasuna ez dela betiko/ eta gerta daiteke aspertu ta kito/ orain egarriz egon baina gero ito’. Josu: ‘Euskal Herritik nago urrun edo kanpo/ lanera joan nintzen onartu beharko/ Joanes nik oraindik maite zaitut asko/ baina hiri hontatik enaiz aterako/ ongi dakizu dela aldi baterako’. Joanes: ‘Baina sei urte joan dira honezkero/ Berlinen zure pisu, etxe ta bulego/ ba proba egitea baduzu espero/ proba egingo dugu hilabetez edo/ ta erabakia hartu probatu ta gero’.

Eki eta Enekoren saioa ere biribila. Psikologoak dira eta elkarrekin kabinete bat dute. Hemendik aitzinera terapia online egitea proposatu dio Enekok Ekiri.

Eneko: ‘Nahiz ta zerbait hurbildu beraienganaino/ ez naiz inoiz iritsi besarkatzeraino/ pantaila ekar dezagun bion erdiraino/ gure lana ez al da helduta honaino/ gaizki dagoenari entzutea baino’. Eki: ‘Bai, baina jende asko etortzen da grabe/ ta nik hurbildu nahi dut xuabe-xuabe/ eta benetan jarri pertsonaren pare/ baina zu horren kontra zabiltza halare/ gauz asko entzuten da ezer esan gabe’.

Puntuka

Puntuka, Josu eta Mikel hagitz gustura aritu dira elkarrekin bizi diren lagunen gisan, eta entzuleak halaxe aditu ditu. Lagun bati presazko zerbait suertatu zaiola eta, bere hiru seme-alabak beren etxean utzi ditu arratsaldea pasatzen. Nozilla bokata, Play Stationa, pizza, denetarik baliatu dute arratsaldea azkar bukatzeko.

Joanes eta Ekiri, aldiz, atrakzio parke batera joateko sarrerak oparitu dizkiete bilobek. Sekula ez dira halako batean egon eta sartu berri dira. Irrigarri eta bizi aritu dira: ‘Xanbala ez al da ba altura gehiegi/ bai ta arriskutsua iruitzen zait niri/ ezin diegu beti bilobei segi/ zeren bihotzeko bat ez dugu zilegi’. ‘Oraindik gazte gara hemen gelditzeko/ bi hilabete falta berrehun betetzeko/ bi hilabete falta ta jubilatzeko/ ai ene, ez gara adinez antzeko’.

Zirrikitutik begira

Ateko zirrikitutik begira ari zara. Sorpresa hartu duzu’ izan dute ganbarako gaia.

Beñatek publikoarengana iristea lortu du beharragatik okupa bilakatu den familia baten istorioarekin. Iruñerriko udaltzainak gau eta egun zelatan dituzte, janaria eskas, baina aitzinera doaz: ‘Segiko dugu mundu hontako zirrikituak zabaltzen’.

Ekik xume, polit eta sinesgarri josi du bere kontakizuna. Harritua dago gaurkoan ez dagoelako bronkarik sukaldean. Hona bigarren bertsoa: ‘Zeren gutxitan egoten dira hizketan ta begi alaiz/ gure etxea betea baita behar ez luketen epaiz/ eta ezin dut lotara joan ta ametsetan sartu garaiz/ ze sukaldetik oihu dexente nire izena entzun, Aitz/ eta beheraino jeitsi ondoren berdina sentitu dut maiz/ haien oihuak entzun ta gero erruduna sentitzen naiz’.

Josu Sanjurjo arriskatu egin da ganbarakoan, eta ongi atera zaio, ikusi egin dugu ama bere pisura sartzen, eta hunkitu gara. Txalo beroz eskertu du publikoak lesakarrak saio osoan egin duen lana. Hona bigarren eta hirugarren bertsoak: ‘Ireki diot, barrura dator, paratu diot arreta/ balkoira joan gara goxoki ta piztu dut zigarreta/ galdetu diot: non dago aita?/ kasu hauetan normala baita/ hautsia dute oreka/ hauxe erran dit: nazkatua naiz, limiteraino tarteka/ beraz banoa, etxe hartatik zurera isil-gordeka/ dirua gutxi, ilusio asko, zure adinean izan beharko/ nahiz hutsik duzun maleta/ zoriontasunez beteta’. ‘Beraz etorri ta jarri goxo, irizpidez irizpide/ atera diot edredoi zaku garbitutako maindire/ hauxe amatxo da zure gela/ beraz egingo dugu horrela/ nahiz etxea dugun nire/ a ze uneak dauden aurretik, garai berri eta lige/ hau izan bedi modernitate deseraiki baten bide/ beraz horrela egongo gara gure irri ta gure algara, berriz izan zaitez libre/ ama edo pisukide’.

Enekok intrigari eutsi dio bere kontakizunean, jakin nahi genuen nor ote den bere urtebetetzean estalita datorrena lore sortaren atzean. Madrilen bizi den alaba da. Hona hirugarren bertsoa: ‘Oso gustora bizi da bera Madrilen barrena/ hango unibertsitate, hango kale ta taberna/ beregana joaten zait dexentetan oroimena/ aspaldi zen etxeraino gerturatu zen azkena/ besarkada bat eman dit, eta musu bat hurrena/ zorionak, aita!, esan dit, malkotan hustu naiz bela/ hau da inoiz jaso dudan oparirik ederrena’.

Mikelek ez daki atea irekitzera helduko den, bikoteak maitale bat baitu etxe barruan. ‘Harremanetik kanpokoa dena eramatea ohera/ hori ez al da bikoteari egin nion gauza bera’, amaitu du bigarren bertsoa. Eta hala biribildu hirugarrena: ‘Eta zergatik ezkutaketan behin ta berriz biok ekin/ orain bakoitza joan dadila maitatzen duenarekin’.

Joanes, bikain, goizeko lauretan pixale jaiki eta gurasoen gelan zelatan dagoen haurraren begirada ekarriz. Musuka ikusi ditu. Hona azken bertsoa: ‘Sei urte eta hau bizitzea ene hauxe dugu marka/ gure etxean ez da izaten aldiro giro aparta/ ohikoak izaten dira oihuak eta zarata/ goxotasunik ez den tokian umearentzako kaka/ ikusi ditut maindire azpian doazela pixkanaka/ isil-isilik pausu motxean noa nere gelaraka/ hemen nagola ohartuz gero oihuz hasiko dira ta’.