NAIZ

12 urteko semea ondoan zuela mendizale zuberotar bat hil da Pirinioetan

Balaitus mendia igotzen ari zela izan zuen istripuaren ondorioz, 47 urteko altzürüküarra zendu zen igandean. 12 urteko semea ondoan zuela amildu zen. Larunbatean, berriz, Eguersibarreko mendizale bat Monte Perdidon hil zen.

Balaitus eta Frondiellas tontorrak, Pirinioetan.
Balaitus eta Frondiellas tontorrak, Pirinioetan. (JVELILLAGIL | WIKIMEDIA COMMONS)

‘La Republique des Pyrennees’ egunkariak baieztatu ahal izan duenez, igandean Pirinioetan hil zen mendizalea zuberotarra zen.

Balaitus mendia igotzen ari zelarik istripua jazo zuen mendizaleak 47 urte zituen eta Altzürükükoa zen. 12 urteko bere semearekin joan zen mendira zuberotarra. 50 bat metro inguruko altueratik erori zen eta horren ondorioz zendu zen.

Mendizalearen semeak bertatik bertara ikusi ahal izan zuen ezbeharra. Alta, telefonoak estaldurarik ez zuenez, ezin izan zuen berehala istripuaren berri eman.

Menditik jaitsi arte ezin izan zuen laguntza eskatu. Bidean zihoala, beste mendizaleekin egin zuen topo eta haiek lagundu zioten beheranzko bidea egiten, Jendarmeriaren zerbitzuei ahalik eta azkarren istripuaren berri eman ahal izateko.

Jendarmeek helikopteroa bidali zuten shock egoeram zegoen gaztetxoaren bila.

Alta, sorospen zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin istripua izan zuen mendizalea salbatzeko. Balaitusen zendu zen mendizale altzürüküarra.

Dolua dago herrian

Euskadi Irratian eginiko adierazpenen bidez, Altzürüküko auzapezak Jean Karrikaburu doluz mintzatu da gertatukoari buruz.

Zuberoako herrian samin handia eragin duela mendizalearen heriotza gaineratu du Karrikaburuk.

Herri agintariak eman duen informazioaren arabera, istripua pairatu zuen mendizaleak kranpoi bat galdu ondoren amilduta erori zen.

Egun gutxitan mendian gertatu den bigarren heriotza da mendizale zuberotarrarena.

Larunbatean 52 adineko mendizale nafar bat hil zen Ordesako natur-parkean gertaturiko istripuaren ondorioz. Eguesibarrekoa zen ezbehar horren ondorioz hil zen mendizalea.