NAIZ

20.000tik gora herritarren babesarekin, euskarazko eredu orokortua eskatu du Kontseiluak

Legebiltzarkideei helarazitako gutunean, hizkuntza eredu zaharkituak gainditzea eta euskara ardatz duen eredu orokortu eta inklusiboa ezartzea eskatu die Kontseiluak. Hezkuntza Lege berriak euskarazko ikasteredua orokortzearen aldeko 20.348 sinadura jaso dituzte ikas-komunitateko eragileek.

Idurre Eskisabel astelehen honetan Gasteizko Legebiltzarrean, bildutako sinadurekin.
Idurre Eskisabel astelehen honetan Gasteizko Legebiltzarrean, bildutako sinadurekin. (KONTSEILUA)

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak eskaera gutun bat helarazi die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako legebiltzarkide guztiei astelehen honetan, 20.000tik gora herritarren babesarekin, Hezkuntza Lege berriak euskarazko ikasteredua orokortu dezala eta etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko tresna izan dadila eskatzeko.

Gogorarazi duenez, 2022ko abenduaren 3an, hezkuntzako, kulturako eta euskararen munduko 211 aditu eta profesionalek sinatutako proposamena plazaratu zen, Hezkuntza Lege berriak jaso beharreko hiru alderdi proposatuz: euskarazko ikasteredua orokortzea, euskal kultura ardatz izango duen curriculuma eta hezkuntza ez-aratua osorik euskaraz garatzea.

Joan den irailaren 12an, proposamen horren gainean hezkuntza komunitatearen arloko sinadura bilketa zabala abiatu zuten Kontseiluak, Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi hezkuntza eragileek eta Steilas, LAB eta ELA sindikatuek, hainbat guraso, langile, ikasle eta irakasleren babesarekin.

Bada, hilabetez luzatu den kanpainak 20.348 herritarren babesa jasotzea lortu du. Legeak eragina izango duen hezkuntza komunitatean presentzialki zein sarean jaso dira gehienbat sinadurak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan, irakasle eta gurasoen bitartez, bai eta euskalgintzaren eta kulturgintzaren arloko eragileen artean ere. Ikas-komunitatearen barruan proposamenak duen babes zabalaren frogatzat jo du Kontseiluak.

Legebiltzarrak Hezkuntza Legearen berrikuntza abiatzea erabaki zuenetik, Euskalgintzaren Kontseiluak «hurbiletik eta arreta bereziz» segitu du prozesua, euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta etorkizuneko ikasle guztiei euskalduntzeko eskubidea bermatzeko neurriak proposatuz, betiere hezkuntza arloko eragile, sindikatu eta adituekin batera.

Proposamen hori modu desberdinetara eraman du Kontseiluak Legebiltzarrera, osoko ekarpen gisa erregistratuz edota lege proiektua zehaztu zenean 33 zuzenketa zehatzen bidez, hain zuzen.

Lanketa horren emaitza da Kontseiluak mahai gainean jarri duen proposamena, etorkizuneko hezkuntza sistemaren hizkuntza eredua jasotzen duena: «Euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakats hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da; are gehiago, hizkuntza eredu orokor eta inklusiboa izango da eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza ofizialen arteko aukeraketaren arabera».

Laburbilduz, «ikasleen hizkuntza segregazioa eragiten duten gaur egungo eredu zaharkituak gainditzea eta euskara ardatz duen eredu orokortu eta inklusiboa inplementatzea» proposatzen da, «euskara gutxien dutenei gehiago ematea izan dadin iparra».

«Kezka larria»

Eskisabelek adierazi duenez, «ezin dugu ezkutatu azken asteetan kezka larria piztu digutela egun indarrean diren hizkuntza ereduak legearen hitzaurrean berariaz jaso eta hiru hizkuntzen izaera bideratzailea ezartzeko zuzenketek».

Izan ere, bere iritziz, milaka haur eta gazteri euskararen ezagutza nahikoa lortzea ukatzen dien ereduak «oztopo handi bat dira euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa lortzeko, euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta, ondorioz, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzeko».

«Kezka handia eragiten digu, halaber, zuzenketa horrek bide eman dezakeelako hezkuntza sistemako hizkuntza ereduen gaineko eztabaida, soziala eta politikoa beharko lukeena, epaitegietara eramateko. Eta, badakigu, egungo oldarraldi judizialaren testuinguruan aukera horrek zer esan nahi duen», ohartarazi du.

Duela bi aste Bilboko kaleetan bildutako jendetza gogora ekarri du Eskisabelek: «Hezkuntza eragile nagusien, gehiengo sindikalaren eta gaur Eusko Legebiltzarrera ekarri ditugun milaka sinadura horien babesean, legebiltzarkideei helararazteko eskaera zehatza erregistratu dugu: aintzat har dezatela ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ezinbestekoa dela bide horretan arrakastatsuena izan den eredutik abiatzea, hau da, euskara ikas eta irakats-hizkuntza izan duen eredutik».

«Finean, Hezkuntza Legea ikasle guztiak euskaraz jabetzeko duten eskubidearen berme izan dadila, eta justizia sozialaren eta gizarte kohesioaren alde eginez, eman diezaiela euskara gehiago gutxien dutenei», gaineratu du.

ELAren elkarretaratzea

Bestetik, ELAk elkarretaratzea egin du Legebiltzarraren aurrean alderdie eskatzeko ez dezatela Hezkuntza Legea onartu.

Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunak salatu duenez, «EAEko lege proiektu horrekin ikasleak ez dira elebidun izango, ez da curriculum propioa garatzeko aukerarik eskainiko, eskola publiko burujabea sortzeko pausurik ez da emango, ezta merkantilizazioa mugatzeko ere, eta lan baldintzak zehaztu gabe geratuko dira».