Josu Ozaita

Arabako mahastietan barrena

Orain sasoi ederra da Arabako Errioxa bisitatzeko. Parajeak eder daude garai honetan.
Orain sasoi ederra da Arabako Errioxa bisitatzeko. Parajeak eder daude garai honetan. (GAUR8)

Ezagutzen dut jendea, hegazkina hartu eta munduko herrialde ugari ezagutzen dituena: Thailandia, Berlin, Mexiko, Erroma, Cancun... baina, ostera, ez dira inoiz Arabako Errioxan egon. Baditut lagun batzuk, urtero Cambrils edo Saloura joaten direnak oporretara; inoiz ez dute Arabar Errioxa zapaldu, ordea. Beste batzuk, autokarabana edo furgoneta dute; ez zaie inoiz bururatu Arabako mahastietan barneratzea. Bai, batzuk egon dira, baina autobusean joan, upategi bat ezagutu eta mozkortu ostean, presaka itzuli dira erdi mareatuta. Goazen txoko berezi hau ezagutzera, merezi du eta!

Euskal Herriko eremu kuttunetako bat dut eskualde hau, eta izugarri gozatu nuen Barandiaran Fundazioak emandako bekari esker bertan burututako ardo kulturari buruzko ikerketan. 11.000 biztanle pasatxo dituen kuadrillan, 13.344 mahasti hektarea daude, 25.754 partzeletan banatuta. Pentsa, hektarea bat baino gehiago biztanleko!

Paisaia bizia

Orain garai ederra da hurbiltzeko. Mahatsondoek mahatsa eman eta ardogileek jaso ondoren, kolore ederrak ditu paisaiak. Gorrixka, marroia, berde itzalia, laranja horitua... eta pixkanaka hostoak lurrera. Baso txiki bat bezala, bonsaiak diruditen mahatsondo zaharren mahastian. Bertaratzeko, Herrerako portutik jaitsi zaitezke, eta errepide alboko balkoian geldialdia egin, mahastien itsaso zabalaz gozatzeko. N-232 errepidea hartuta ere, ederra da Bastidatik barrena sartzea, autoan zoazela alboetan dauden mahasti desberdinez gozatzeko. Eremu honen berezitasuna badira bere mahastiak ere: eremu txikiak dira, arbasoengandik belaunaldiz-belaunaldi jasoak. Asko zaharrak dira, duela hamarkada batzuk landatutakoak, gaurko mahastizainen aitona-amonek sartutakoak. Mahatsondo bakoitza desberdina da, forma desberdinak hartua, eta horrek paisaia bereizi egiten du. Gaur egun, badaude ilaretan eta alanbreen laguntzaz sorturiko mahastiak, mekanizaziorako aproposak direnak, baina mahasti zaharren estetikaren aurrean, itzalean geratzen direnak. Ardogileekin berriketan, mahatsondo zaharrek mahats gutxiago ematen dutela diote, baina kalitate handiagokoa.

Udazkenean paisaia hori topatuko dugu. Neguan, aldiz, mahatsondoak biluztuko dira, paisaia zuri-grisagoa bilakatuko da, eta hotza sartuko zaigu barreneraino. Udaberrian, lehen eguzki izpi epelen laguntzaz, hosto berdeak ateratzen hasiko zaizkie, lurra eta klima uztartuta, beraien izaera erakusten hasiz. Ondoren, mahatsondoak zintzilika... eta berriro, ziklo berdina; paisaia bizia.

Mahatsondo horietan, eskualdea osatzen duten 15 herri txikietako biztanleak aritzen dira lanean. Garaian garaiko lanak egin, eta herrian elkartuko dira ardotxo edo kafe bat hartu eta gorabeherak komentatzeko. Zerura begiratuko dute, beraien lanak antolatzeko. Eta mahatsak mahatsondoetan daudenean, zerura begiratuko dute berriz, batzuetan urduritasun handiarekin, urte osoko lana mahatsondo horietan biltzen baita, eta honenbestez, ogibidea. Ardogintza da eskualdeko motorra, beste ofizioak ere ardoak blaitzen dituelarik: diseinu grafikoa, aholkularitza bulegoak, jatetxeak, turismoa...

(Josu OZAITA)

Hainbeste urtetan mahastiekin lan egiten ibili eta gero, ezin jubilatuta dabiltzan adineko ugari ezagutu ditugu. Jaten eman dieten ingurunea maite dute, eta mahasti artetik oinez ibili ezin duten egunean hilko direla esan digute askok. Urte luzez egon dira mahastiekin kontaktuan, eta ezin utzi, mahastietara egunero joateak ematen dielako halako sosegua, patxada. Hura da haien lorategia. Mahastia uztea, askorentzat, heriotza soziala litzateke. Euren pentsio txikiak duintzeaz gain, orain upategiko kargua duten seme-alabei lagundu diezaieketela sentitzen dute hala, ahal duten hori egiten dute esperientziari esker ikasitako jakituria aplikatuta, eta garai batean beraien guraso eta aitona-amonek mahasti horiek landu zituztenez, haiengandik gertuago senti daitezke. Mahastiek asko suposatzen dute beraientzat, eta naturak bizirik dirauen bitartean sentitzen dira bizirik beraiek ere.

Mahastizain eta ardogile hauek, emakume zein gizon, eta hauen ondorengoak dira bertako herritarrak, baita bizimodu hobe baten bila etorri diren mahastietako langileak ere. Euren seme-alabak eskola eta ikastoletara eramaten dituztenak, parkean egoten direnak, bertako dendetan erosten dutenak, tabernako lagunartean gozatzen dutenak, beraien herri txikietako mugimenduan, edo udalean bertan, parte hartzen dutenak. Gaur egun, Arabar Errioxa bizia izateko, ezinbestekoa da bertako upategi txikiak eta mahastizainak osasuntsu egotea.

Upategi bakoitza mundu bat

Paisaiaz gozatu ostean, Guardia herrian sartu gara. Gaur egun turismoaren gotorleku bilakatu bada ere, Erdi Arora bidaiatzea modukoa da bertan paseatzea. Herri honen azpialdean, “Recoveco” ardoa edaten egon gara Gil Berzal upategian, Jose Luis eta Gloriarekin. Beraiek diote Guardian txerriak ibiltzen zirela libre eurak haurrak zirenean, mandoak zirela garraiobide... Tertulian gustura gaudela, Saul semeak ardogintza lanak utzi eta gonbita egin dit mahastira berarekin hurbiltzeko. Liluratuta utzi nau bertan: bere aitonak landatu zituen 80 urte dituzten mahatsondoak testigu, bertako ardogintzaz hitz egin dit. Hainbatek produktu kimikoak erabiltzen dituztela dio, hori dagoela normalizatuta. Bera amorratu egiten du horrek, eta bere aitonaren mahastizaintza tradizionala defendatzen du, produktu kimikoak iritsi aurrekoa. «Hori da tradizionala, Josu», bota dit. Mahatsondoen artean belarra hazten uzten du, ekosistema bultzatzeko mahastian, naturak bere txokoa izateko. Haize hotzak zirikatzen gaitu, eta mahastian duten “guardaviñas”-ean sartu gara. Halako harrizko eraikin mordoa mantentzen da eskualdean: bere garaian, mahastiak zaintzeko omen ziren, batez ere mahats garaian. Ondoren, mahastiko lanetan aritu ostean, zerbait jan eta babesteko. Gaur, ondare materiala dira, nahiz eta behar adineko baliorik ematen ez zaien. “Alma pura” ardo botila ireki du eta kopa batean edan dugu: Kantabria edo Toloño mendilerroaren nagusitasunaren azpian, tertulian aritu gara.

Handik, Villabuena herrira joan gara. 300 biztanlera iristen ez den herrian, 40 upategitik gora omen daude. Kondairak dio biztanleko upategi gehien duen herria dela munduan. Nabari da: etxeetako baxu guztiak upategi dira, ia. Nabari da atmosferan ardoa dela erdigunea.

(Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Candido Besa upategira sartu gara, Esti eta Lontxorekin egotera. Upategian barneratu eta urteko zikloa azaldu digute, euren ibilbidea, bizi filosofia, eta baita eskualdean pil-pilean dauden gaiak ere. Kezkatuta daude, herriko populazioa zahartzen ari da, upategiak banaka-banaka ixten... eta haserretu egiten dira upategi erraldoien jokaldiekin eta ondorioekin. “Bihotzekoa” ardoa dastatu dugu, ardogile baten emozioak azaltzeaz gain, herri, lur eta mendilerro baten eraginak azaltzen dituena.

Lantziegon, iluntzean, Mozo upategiko Itsasorekin egon gara. Kanpotik herrira itzuli eta ardoa berrinterpretatu zuten. Gazte garaian alde egin zuten, orain sustraiturik daude erabat, ardoaren kulturatik ezin askatu. “Herrigoia” eta “Malaspiedras” dastatu ditugu. Beraien ibilbideaz hitz egin dugu, herri txikietako bizitzaz, eta baita emakumeak traktorean ikustera ohitzen ari den gizarte baten aldaketa mantsoez ere.

Arabako mahastietan barrena

Paisaia eder horretan, tarteka zeruan putreak ikusten dira. Adineko mahastizainaren zain, diru faltaz itota dabilen edozein ardogile, zalantzan barneratu edo nekatu dena... biktima izango dute. Inbertsio funtsak dabiltza ingurumarian, edozein momentutan eraso egiteko; dirua soilik helburu. Ikerketa egin genuen urtean, duela bost urte, 353 upategi zeuden. Gaur, 262 upategi daude. Familia upategiak ixten ari dira, eta horrek eragina du eskualdeko bizitzan. Hauek egiten baitute herria. Guri ere badagokigu biodibertsitate kultural hau mantentzea.

Familia upategi bakoitza mundu bat da, museo etnografiko txiki baten antzekoa. Bertan dauden tresnak, egiturak, egiteko moduak... eta bertako ardogileek bertako historian barneratuko zaituzte: milaka istorio txiki, bizimodu mota, filosofia, natura-kultura... Harremanak bultzatzeko gune, makina bat elkarrizketa egosten diren espazio, belaunaldien arteko kate, milaka istorioren bilgune. Eta hauetako bat ixtean, Arabako Errioxak zati bat galtzen du. Ezin dut ekidin: ardoa erostean, askotan, Arabar Errioxakoa erosteaz gain, upategi txikia dela ziurtatzen dut.