NAIZ

Euskal identitate migratuen bizipenei erreparatzeko instalazio interaktiboa, Errenterian

Badalabekin elkarlanean sortu dute Euskozenoak, SOS Arrazakeriak eta Dejabuk ‘Hizkuntzak, Gorputzak eta tarteko zirrarak’ instalazio artistiko interaktiboa. Bisitariek euskal identitate migratuen bizipenei erreparatu eta etorkizuneko euskal komunitatearen inguruan esperientzia bat bizitzea du xede.

Badalab laborategian euskal identitate migratuen bizipenei erreparatzeko instalazio interaktiboa bisita daiteke aste honetan.
Badalab laborategian euskal identitate migratuen bizipenei erreparatzeko instalazio interaktiboa bisita daiteke aste honetan. (Mikel BLASCO)

‘Hizkuntzak, Gorputzak eta tarteko zirrarak’ instalazioa aurkeztu du Badalab  Errenteriako Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak. Bertan, artefaktuekin interakzioan jarri ahalko da bisitaria, euskal identitate migratuen bizipenei erreparatu eta etorkizuneko euskal komunitatearen inguruan esperientzia bizitzeko. Bisitak Joxepa Antoni Aranberri anitzenea eraikinean izango dira, aste honetan Ostegun eta ostiralean 17.00etatik 19.00etara eta larunbatean, aldiz, 10.30etik 13.00etara. Irekia eta doakoa da ekintza eta ez da izenik eman behar.

Badalab, Euskozenoa euskal nortasunaren inguruko hausnarketa plataforma, SOS Arrazakeria eta Dejabu Antzerki Konpainiaren elkarlanaren emaitza da ibilbide interaktiboa. Lehen belaunaldiko hainbat migratzaileekin sortutako material eta testuak baliatu dituzte. Artefaktuz artefaktu, bisitaria euskal komunitatearen barruan dagoen aniztasun linguistiko-kulturala gerturatu ahalko da, hainbat hizkuntzarekiko ditugun pertzeptzio eta aurreiritziak behatzeko eta, batez ere, etorkizuneko euskal komunitatearen inguruan birpentsatzeko.

Joxepa Antoni Aranberri

Aurkezpenean azaldu dutenez, ibilbidea osatzen duten artefaktuen oinarri dira bi galdera nagusi: «Zein da euskal komunitatearen baitan dagoen aniztasun linguistiko-kulturala, zelan zeharkatzen gaitu horrek eta nola hasi gaitezke etorkizuneko askotariko euskaldunak irudikatzen? Nola lagun lezakete diziplina artistikoek geroz eta aldakorragoa den errealitatean hiztun gisa ditugun bizipen, kezka, desira zein erronkak gorpuzten?».

Ibilbide interaktiboaren kokapena ez da kasualitatea; Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea eraikineko komunitatearen elkarbizitzari aitortza egin nahi dio instalakuntzak, eta herriko hizkuntzen eta pertsona anitzen topagune izaera hartu nahi du.