NAIZ

Abortuari gerra Errusian, krisi demografikoari aurre egiteko

Errusiak abortua debekatu nahi du klinika pribatuetan, jaiotza tasaren beherakada iraultzeko asmoz, adituen eta ekintzaileen artean politika demografiko horrek kritika gogorrak eragin dituen arren.

Jendea oinez elurpean Kremlinaren inguruan.
Jendea oinez elurpean Kremlinaren inguruan. (Natalia KOLESNIKOVA | AFP)

«Denok dakigunez, eta gure Gobernuak ere badakienez, debekuak ez du abortuen kopurua murrizten, ezta jaiotza tasa handitzen ere», ohartarazi du Leda Garinak, ‘Evaren saihetsak’ proiektu feministaren sortzaileak.

Garinaren iritziz, murrizketek infantizidioak areagotzea dakarte, eta «sexualitatearen gaineko kontrola indartzea» baino ez dute bilatzen, emakumeengan «lotsa eta beldur» sentimenduak sortzeko.

«Errusiaren historian abortuaren erabateko debekualdia egon zen, eta ez zen ondo amaitu, jaiotza tasa debekuaren ondorengo lehen urtean bakarrik igo zen, gero emakumeak egokitu egin ziren, hau da, haurdunaldia eteteko legez kanpoko moduak aurkitu zituzten», gaineratu du Yulia Karpusjina aktibistak.

Ikerketa ofizialen arabera, 2030ean errusiar biztanleria 143,2 milioikoa izango da, 2012tik izan duen mailarik baxuena, eta 2046an 138,7 milioi pertsonakoa izango omen da.

Aurretiazko iragarpen hori Krimeako penintsula erantsia barne hartuta egin da (ia 2 milioi pertsona), baina ez ditu kontuan hartu 2022an Errusiak bereganatu zituen ukrainar eskualdeetan bizi zirenak (Donetsk, Lugansk, Zaporiyia eta Jerson).

«Makila magikoa»

Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, Errusian, 953.000 haur pasatxo jaio ziren, aurreko urteko aldi berean baino 31.000 gutxiago. Eta urte osoan 1,2 milioi izango dira, krisi larria bizi izan zuen 1999. urteko haur kopuru bera. Egoerak okerrera baino ez du egingo datozen urteetan, Gobernuaren ustez.

Jaiotza tasen jaitsiera geldiarazteko, «makila magiko» bat behar da, Eliza Ortodoxoko buru den Kirilen arabera. Eta hori, patriarkaren iritziz, haurdunaldiak borondatez eteteko debekuarekin iritsiko da.

«Populazioak gora egin dezake, makila magiko baten bidez bezala. Gai hori konpontzen badugu, emakumeak aborturik ez egiteko konbentzitzen baditugu, estatistikak (demografikoak) gorantz joango dira», ziurtatu zuen.

Duela bi aste, Kirilek klinika pribatuetako abortuak mugatzeko eskatu zien diputatuei.

Klinikak debekura aurreratu dira

Legea onartu baino lehen, zentro mediko asko hasi ziren zerbitzuen zerrendatik haurdunaldiak eteteko aukera kentzen. Orain arte, gutxienez bost eskualdetako klinikek egin dute bat debeku horrekin.

Mordoviako errepublika, Errusia europarrean, aitzindaria izan da «abortua bultzatzeagatik» isunak inposatzen, eta Tver eskualdea atzetik joan zaio, abortua eragiteko sendagaien gaineko kontrola indartuz.

Estatistika ofizialen arabera, urtero 400.000 haurdunaldi eteten dira Errusian, 1990eko hamarkadarekin alderatuta ia bost aldiz gutxiago.

Zulo demografikoa

Alexei Raksha demografo independenteak azaldu duenez, Errusiako biztanleriaren egungo beherakada saihetsezina zen, 1990ean jaiotako emakumeak adin emankorrera iristean herrialdea «zulo demografikoan» erori zelako.

«Errusian 2010etik behera egiten du erditzeko adinean dauden emakumeen kopuruak, eta hori 90eko hamarkadako krisi demografikoaren ondorioa da», adierazi du.

Horrela, 1987tik 1999ra (Sobietar Batasunak eztanda egin zuen aldian), Errusian jaiotzen kopurua erdira murriztu zen, urtero 2,5 milioitik 1,25 milioira.

«1990eko hamarkadan eta 2000ko hamarkadaren hasieran neska gutxiago jaio ziren, eta orain, berriz, adin emankorrera iristen ari dira», adierazi du.

Horregatik, aditu honen kalkuluen arabera, 2030ean Errusian ugaltzeko adinean dauden emakumeen kopurua 2010ean baino %40 txikiagoa izango da.

«Begira Poloniaren adibideari. Zein zorrotza den abortuaren aurkako legeria baina ez du bere helburua bete. Poloniako jaiotza tasa Errusiakoa baino baxuagoa da», azaldu du, eta gaineratu orain behar dena «biztanleriaren diru-sarrerak handitzea eta desberdintasunaren maila murriztea» dela.

Era berean, Karpujina aktibistak «ezein legek ezin duela jaiotza tasa nabarmen igo» ohartarazi eta mundu osoan behera doala gaineratu. Eta Estatuak herritar gehiago behar baditu, «bizi itxaropenaz arduratu behar du, eta ez beste herrialdeekin gerrak egiteaz».