Arnaitz Gorriti

Dusko Ivanovic: «Garaipenek ez gaitzatela engaina, jokalari gehiagoren bila jarraitzen dugu»

Mike James eta Kemba Walkerren AS Monako dator ostiral gauean Buesa Arenara, «Euroligan dagoen talderik fisikoenetakoa eta onenetakoa», Dusko Ivanovicen hitzetan. Garaipen bolada onari jarraitzeko «aurrera begiratzea» beste biderik ez du ikusten Montenegroko entrenatzaileak.

Monakoren aurka inork gogotsu jokatzekotan, hori Chima Moneke izango da.
Monakoren aurka inork gogotsu jokatzekotan, hori Chima Moneke izango da. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Dusko Ivanovic laugarren bider Saski Baskoniara iristeak mesede bat damaio klubari: ia zernahiri buruz galdetu dakioke, Felix Fernandez edo Josean Kerejetari galdezka jardun beharrean. Hala, beste klub batzuetan zerbait jazotzen bada presidenteak edo direktibako bururen bat kazetarien aurrera nahitaez azaldu behar den artean, Saski Baskoniak nahikoa du Dusko Ivanovic prentsaurrera aterata.

Hala, ostiral gauean 20.30etan AS Monakoren aurka jokatu beharreko demaren bezperan, gasteiztarrak jokalari gehiago ekarri nahian jarraitzen dutela argitu du Montenegroko entrenatzaileak. «Ez gaitezela engaina aurreko partidak irabazi ditugula-eta, taldeak merkatuan begira jarraitzen du jokalari gehiagoren bila», onartu du.

Harrigarria da, nolabait esatearren, baieztapen hau. Izan ere, ez dirudi uneotan jokalari gehiagoren beharrik lukeenik Saski Baskoniak, Nikos Rogkavopoulos izan ezik, gainontzeko hamabi jokalariak prest izango baititu Ivanovicek ostiralean Montekarloko taldeari aurre egiteko. Are gehiago, itxura denez, Rogkavopoulosen zuntz haustura bide onetik ari omen da osatzen eta, hala, berandu baino lehen kantxara itzultzeko moduan egongo omen da, baina nolanahi, gasteiztarrek merkatuan zer ikusiko jarraitzen omen dute. Harrigarria, diru kontuetako mugen erruz aldaketa hauek oso kontuz egitera ohitu baita Saski Baskonia. Hala, uneotan jokalari zerrendan dagoen inori bajarik eman ezean, aurrenekoz hamalaugarren jokalari bat pilatuko luke talde gasteiztarrak fitxaketaren bat eginez gero.

Tokitan geratu da Joan Peñarroyaren azken neurketetako panorama, zeinetan zazpi edo zortzi jokalari bakarrik eraman ahal izan zituen jokatzera, edo Dusko Ivanovicek aurtengo ACB Ligan zuzendu zuen aurreneko neurketa, non Joseba Kerejeta eta Vit Hrabar gazteak eraman behar izan zituen taldea osatuko bazuen!

Aurrera jarraitu behar da, ordea, aurrera eginda bakarrik ikusiko delako Baskoniak jokalari berririk ekarriko ote duen ala ez, edota bolada honek segida noiz arte izango duen. «Ez dut taldea lehen nola zegoen ezta orain nola gauden aztertu nahi. Taldeak garatzen jarraituko badu eta aurrera egingo badu, aurrera begiratu behar du. Aurrerantz begiratzen badugu, izango dugu hobetzen joateko tartea», adierazi du Bijelo Poljeko entrenatzaileak.

Eskarmentua

AS Monaco aurkari berria da Euroligan, baina dagoeneko gainontzeko partehartzaileen errespetua bereganatu du. Diruz galanki jantzita dator Sasa Obradovicek zuzentzen duen taldea eta hala, Mike James, Elie Okobo, Jordan Loyd eta batez ere NBAko izar izandako Kemba Walker bezalako jokalariak ditu.

Dusko Ivanovicek berak ederki ezagutzen du Montecarloko taldea, urriaren 18an arerio izan baitzuen, Izar Gorriko entrenatzaile zela artean. Egun hartan 76-82 nagusitu ziren Obradovic eta enparauak. Artean Kemba Walker Euroligan debuta egin ezinik zebilen arren, eta aurreneko laurdena Belgradekoen alde 23-14 amaitu bazen ere, Mike James, Alpha Diallo eta Elie Okoboren eskutik buelta eman zion Monacok neurketari.

«Partida honen aurrean jokalari bakoitzak defentsan duen erantzukizun indibiduala oso garrantzitsua da. Fisikoa eta talentua uztartuta, Euroligako talderik onenetakoa da, eta hiruzpalau jokalari, James, Loyd, Okobo... bat baten aurkako jokaldien bidez neurketak desorekatzeko gai dira. Monaco da, izan ere, "argiketa" –‘isolation’ delakoa– gehien darabilen taldea bere erasoetan. Horregatik, defentsan laguntzak egitea ezinbestekoa bada ere, jokalari bakoitzak bere erantzukizuna barneratu behar du. Eta erasoan, berriz, pazientzia izan, une oro zer egitea nahi dugun eta zer bilatzen dugun jakinda», laburbildu du Ivanovicek.

Azkenik, ostiraleko partida norbaitentzat berezia izatekotan, norbait hori Chima Moneke da. Pasa den denboraldia gogorra izan zen nigeriarrarentzat eta Monacon beste urtebeterako kontratua bazuen ere, taldeak udan kontratu hori etetea erabaki zuen, jokalariak «Euroligarako mailarik» ez zuela argudiatuta.

Ondorioz, Monekek bere sumina Saski Baskoniako jokalari gisa egin zuen aurkezpenean bertan garbi azaldu zuen. «Asko daukat erakusteko. Barrez ikusten nauzue, baina barrutik haserre bizian nago», esanda aurkeztu zuen bere burua. Are gehiago, joan zen ostiralean Asvel Villeurbanneren aurka egindako partidari esker jardunaldiko MVP saria eman zioten nigeriarrari. «Esan dezatela berriz ere ez dudala mailarik», idatzi zuen orduan hegal-pibotak sare sozialetan.

«Badakit berarentzat partida berezia dela», onartu du Ivanovicek Monekeren harira. «Ondo ari da lanean, baina badakizue, batzuetan zerbait hainbeste desio duzunean, gehiegizko gogo horrek ez dizu egin beharreko hori behar bezala egiten uzten eta okerrago moldatzen zara. Halakoetan patxadaz jokatu behar da eta espero dut Chimak berak ere horrela jokatuko duela», borobildu du Montenegrokoak.