NAIZ

2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztunak 3.600 sarrera ditu, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez

Lakuak, Danobatgroupek eta Elhuyarrek 2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztuna aurkeztu dute, 3.600 sarrerarekin, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Tresna dinamikoa eta irekia da, erabiltzaileen iruzkinekin eta proposamenekin zabaltzeko. Edonork eskura dezake 2030agendahiztegia.eus webgunean.

Lakua, Danobatgroup eta Elhuyarreko kideak, 2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztuna plazaratzen, Donostian.
Lakua, Danobatgroup eta Elhuyarreko kideak, 2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztuna plazaratzen, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztuna aurkeztu dute Lakuak, Danobatgroupek eta Elhuyarrek Donostian. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko hiztegi oso bat da, eta garapen jasangarrirako helburuen esparruko terminoak eta definizioak jasotzen ditu.

Jonan Fernandez Lakuako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia; Idoia Bustinduy Danobatgroupen komunikazio arduraduna; Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusia; eta Klara Ceberio  Elhuyarreko Hizkuntza Baliabideen Arloko arduraduna izan dira ekitaldian.

Hiztegiak garapen jasangarrirako 17 helburuekin lotutako 3.600 kontzeptu jasotzen ditu. Informazio hori edonork eskura dezake 2030agendahiztegia.eus webgunean.

Hiztegian jasotako hitz bakoitzari dagokionez, erabiltzaileek informazio hau aurkituko dute: definizioa, terminoak eta eremua. Webguneko terminoak, definizioak eta interfazea hiru hizkuntzatan aurkezten dira: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Gainera, webguneak informazio osagarria eskaintzen du, baita gai horrekin lotutako beste hiztegi batzuk kontsultatzeko aukera ere.

Proposamenak egiteko aukera

Hiztegiak aukera ematen du, halaber, kontzeptu-fitxa sare sozialetan zabaltzeko, baita haren edukiari buruzko oharrak edo proposamenak egiteko ere. Horrekin guztiarekin batera, bilatutako terminoak zuzenean kontsulta daitezke beste hiztegi batzuetan: Zientzia eta Teknologiako Hiztegi Entziklopedikoa, Elhuyar Hiztegia eta Wikipedia.

Termino bat bilatzean erantzunik aurkitzen ez bada, erabiltzaileak proposamen bat egin ahal izango du termino hori hiztegian sartzeko. Hiztegi honek baliabide bizia eta dinamikoa izan nahi du, erabiltzaileek webgunearen bidez egin ditzaketen iruzkinekin eta proposamenekin hobetu eta zabaldu ahal izateko irekia.

Nazio Batuen esku

Proiektua sustatu duten hiru erakundeek Nazio Batuen esku, zehazki, Bilboko Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzaren esku jarri dute hiztegia.

Proiektua Danobatgroup makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren industria-taldeak hasi zuen. Jasangarritasun estrategia abian jartzean, arlo horretan terminologia lantzeko beharra hauteman zuen, eta glosario bat egin zuen gaztelaniazko eta ingelesezko terminoak eta definizioak jasotzeko.

Ondoren, Danobatgroup taldeak planteatu zuen terminologia hori euskarara ere eraman behar zela, eta Elhuyarren aholkularitzara jo zuen.

Proposamena Lakuako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiari aurkeztu zitzaion. Eta proiektua 2030 Agendaren hiztegi gisa zehaztu zen.