Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Anaitasuna bertsoz beteko du Nafarroako Txapelketaren finalak abenduaren 2an

Iruñeko Anaitasuna kiroldegiak jasoko du abenduaren 2an Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala. Antolatzaileen arabera, 2.000 ikusletik gora espero dituzte, Nafarroan bertsolaritzak duen egoera osasuntsuaren isla dela nabarmenduz.

Nafarroako Txapelketaren finalean arituko diren zortzi bertsolariak, gaur Anaitasunan.
Nafarroako Txapelketaren finalean arituko diren zortzi bertsolariak, gaur Anaitasunan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak abenduaren 2an (17.00etatik aurrera) Iruñeko Anaitasuna kiroldegia bertsoz betetzeko helburua izango du. Txapelketa urriaren 7an abiatu zen Iruritan eta ondoren Vianan, Uharten, Leitzan, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan egin ditu kanporaketak.

«Bi hilabetez, Nafarroako eskualde ezberdinak zeharkatu ditu txapelketak, bertsogintza hona eta hara hedatuz, eta harekin batera euskara bera eta euskarazko kultur sorkuntza herrialdean barna zabalduz. Bide horretan, 1.700 lagun baino gehiagok egin dute momentuz bat txapelketarekin. Horiei gehitu beharko zaizikie finalerako espero ditugun entzuleak, 2.000 baino gehiago izango direnak», adierazi du Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidente Nerea Bruñok ostiral honetan egin duten aurkezpenean.

Ibilbide honetan Nafarroa bertsolaritza osasuntsu eta anitz agertu dela nabarmendu du Bruñok, zortzi finalisten argazkiak ere hori islatzen duela gaineratuz. Orain bi urte bi finalista berri izan ziren, orain berriz beste bi daude. «Hori, zalantzarik gabe, bertsolaritzaren transmisioan etengabe egindako lanaren fruitu da, eta poztekoa da, katea ez delako eten», esan du.

Lurraldetasunari dagokionez ere, azken urteotako argazkirik anitzenetakoa dela gaineratu du. Izan ere, eskualde desberdinetakoak dira zortzi finalistak. Honetan ere, bertsolaritza Nafarroa osora hedatzeko azken urteotan egindako lana ikusten dela azpimarratu du.

Parekidetasunari buruz, ez dira hain baikorrak izan. Soilik bi finalista dira emakumeak. «Hau izango da, dudarik gabe, hurrengo urteetako erronka nagusietako bat, txapelketako parte hartzaileen arteko genero arrakala bultzatzen duten arrazoiak identifikatu eta horiei konponbidea jartze aldera», erantsi du Bruñok.

Honekin batera, txapelketa antolatzeko auzolana eta lankidetza ezinbestekoak izan direla azpimarratu du eta horretan aritu izan diren guztiei eskerrak eman dizkie.

Gauzak horrela, abenduaren 2ko finalean Nafarroan euskara hutsez egiten den kultur ekitaldi handienetakoa dela nabarmendu du. «Bertsogintzaren eta euskal kulturgintzaren aldeko festa handia jasoko du Anaitasunak. Denontzako gozagarria izatea desio dugu», bota du.

Zortzi finalistak

Zortzi bertsolari hauek dira Iruñeko finalean arituko direnak: Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, 1983), Joanes Illarregi (Leitza, 1999), Josu Sanjurjo (Lesaka, 1993), Julio Soto (Iruñea, 1987), Saats Karasatorre (Etxarri Aranatz, 1992), Saioa Alkaiza (Iruñea, 1991), Sarai Robles (Barañain, 1996) eta Xabat Illarregi (Leitza, 2001).

Finalisten artean, bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dutenak, Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Gainerakoak, finalean aritutakoak dira. Julio Sotok hamaikagarren finala du, Eneko Lazkozek zortzigarrena, Joanes eta Xabat Illarregik hirugarrena, eta Josu Sanjurkok eta Saioa Alkaizak bigarrena.

Badira ere txapeldun izandako bi: Saioa Alkaiza egungo txapelduna eta bost txapel dituen Julio Soto (2010, 2011, 2015, 2017 eta 2018).

Gai jartzaileak Ainhoa Larretxea eta Ander Aranburu izango dira eta epaimahaia Aimar Sagastibeltzak, Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak, Mikel Beaumontek, Nere Bruñok eta Saioa Mitxelenak osatuko dute.

Txapel jartzailea Alaitz Rekondo (Lesaka, 1980) izango da. Aurten, hamabi urteren ondoren, Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidentea izateari utzi dio eta finala baliatu nahi dute orain arteko ekarpenari omenaldia egiteko.

Finalaren datuak

Bi atal izango ditu finalak. Lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dute. Bigarren atalera, aldiz, lehen atalean puntuaziorik altuena lortzen dutenak pasako dira, eta haiek jokatuko dute buruz burukoa. Bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela.

Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu daitezke. 20 euroko prezioa dute sarrera arruntek, 17 eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 15 eurokoa 18 urtetik beherakoen kasuan. Finalaren egunean bertan Anaitasunako leihatiletan erosi ahalko dira ere, arratsaldeko hiruretatik aurrera.

Saioa zuzenean jarraitu ahalko da ETB4n, 16.45etik aurrera. Bertsoa.eus eta eitb.eus webgunetan ere ikusteko aukera izango da. ETB1ek, gainera, buruz burukoa eman du, diferituan, 21.00etatik 22.00etara.

Finalisten iritziak

Eneko Lazkozentzat interesgarria dator finala. Honekin batera, lehian arituko direnen argazkia aldatu dela gaineratu du. Maila altukoa ikusten du finala eta pozik da herritik, Etxarritik, bi parte hartzaile daudelako. «Ez da oso herri bertsozalea, eragiteko balioko duela espero dugu», esan du. Finalean aritzeko gogotsu eta pozik da, gora egiten duen bide baten urrats berria dela nabarmenduz.

Joanes Illarregirentzat ere Nafarroako finala edizio batetik bestera aldatu egiten da eta hori herrialdeko bertsolarita osasuntsu dagoelaren seinale da. Horren eredu gisa ikusle kopuruak urtetik urtera gora egiten duela aipatu du. Poza, ilusioa eta gogoarekin doa finalera. Gogotsu, pozik eta anbizioarekin dagoela gaineratu du.

Josu Sanjurjorentzat txapela eskuratzeko hautagai ugari dago eta horrek finalari morbo punttu bat jartzen dio. Antolatzaileek egindako lan eskerga eskertu nahi izan du. Lesakar bakarra da finalean. Urtetan herri horretatik finalista mordoa izan direla kontuan hartuta, presio puntu altuarekin dagoela onartu du. Dena den, pozgarritzat jo du finalistak eskualde desberdinetakoak izatea.

Julio Sotorentzat hau mailarik altueneko finala izan daiteke, finalean arituko den zortzikotea ikusita. «Inor mindu gabe, noski», adierazi du. «Bigarren zaharrena naiz, gaztea izan arren», gaineratu du. 2006ko finalean, Elizondoko Lur aretoan 600-700 ikusle inguru izan zirela gogoratu du. Garai hartan izugarrizko arrakasta izan zen. Orain, berriz, 2.000 ikusletik gora aurreikusten dira Anaitasunan. Hori gauzak ongi egiten ari direlaren seinale dela esan du.

Saats Karasatorrek finalarengatik urduri xamar dagoela onartu du. Lehen finala du eta horretan lehiatzea ez dakiela zer den azaldu du. Dena den, pozik da oholtzan lehiakide izango dituenekin aritzeko aukera izango duelako. Anaitasunan bilduko diren entzuleen artean, bertsolarien artean bezala, aniztasuna nagusi izango dela nabarmendu du. Final honek Sakanako eskoletan izaten ari den eragina ere azpimarratu du.

Saioa Alkaizak aurtengo txapelketan inoiz baino jende gehiago etorri dela nabarmendu du. Lehen aldiz Iruñerriko hiru finalista izatea garrantzitsutzat jo du. «Txapelketa hegoaldatzen ari da», bota du, beste eskualde batzuetara hedatzea espero duela gaineratuz. Pozik azaldu da ere finalistak gazteak direlako. Emakumearen presentzia urriarekin (zortzi finalistetatik bi) kezkatua azaldu da, eta autokritika egin behar dela esan du. Finalari begira, gogotsu da. Kanporaketetan nahi zuena ematerik ez duela lortu onartu du eta Anaitasuna sorkuntzaren egun eder bat izatea espero duela gaineratu du.

Sarai Roblesentzat oso garrantzitsua da Nafarroako Txapelketaren historian Barañaingo lehen finalista izatea. Barañaingo eta Iruñerriko bertso eskolekin batera egin duela bide hori esan du. «Oso pozik nago, oraindik ez naiz urduri. Helduko zait urduritasuna», adierazi du.

Xabat Illarregirentzat ere finalisten zortzikotea talde ederra da. 2019tik finalaren argazkia asko aldatu dela azpimarratu du. Final on bat eskaintzeko bertsolariak talde bezala joan behar direla Anaitasunara erantsi du. Honekin batera, txapela eskuratzeko faborito argirik ez duela ikusten esan du.