NAIZ

Arabako ESIko kafetegiak Serunion enpresari esleitu izana salatu du Osasun Publikoa Aurrerak

Osasun Publikoa Aurrera plataformak «harridura» agertu du Arabako ESIko ospitaleetako kafetegien ustiapena Serunion enpresari esleitu diotelako eta Osakidetzaren «kudeaketa arduragabea» salatu du.

Txagorritxu ospitalea, Gasteizen.
Txagorritxu ospitalea, Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako ESIko kafetegien ustiapena Serunion enpresari esleitu izanaren berria aztertu ondoren, Osasun Publikoa Aurrera plataformak salatu du Osakidetzaren «kudeaketa arduragabea» eta zerbitzu guztien kudeaketa publikoaren alde, kafetegiak barne, agertu da.

Plataformatik ohar batean azaldu dutenez, «harridura» sentitu zuten albistea irakurtzerakoan. «Argi daukagu Sektore Publikoko Kontratuen Legearen espiritua preziorik onenean kalitaterik onena lortzean datzala, baina badakigu kasu honetan aurkeztu diren enpresa guztiei puntuazio bera eman zaiela, menuaren eskaintzari eta kalitateei dagokienez, eta azken erabakiak prezioa bakarrik hartzen zuela kontuan», adierazi dute.

Horregatik, Osakidetzaren «kudeaketa arduragabea» salatu nahi izan dute «ospitaleetako langileen eta pazienteen senideen elikadura bezalako gai batean»; izan ere, «sentsibilitate handiko gaia» dela uste dute, eta «ondorio izugarriak ekar ditzake».

«Ez dugu alarmismoan erori nahi, baina badakigu kostuak merkatzeko langileak gaizki tratatzen direla edota zerbitzuaren kalitatea murrizten dela, Serunion enpresa eskola jantokiekin egiten ari den bezala, eta horrek izugarri kezkatzen gaitu», kritikatu dute.

Osasun Publikoa Aurrera plataformak Arabako ESIak eskaintzen dituen zerbitzu guztien kudeaketa publikoaren aldeko apustua egiten du, kafetegiak barne, baina hala ez den bitartean, «zerbitzu horiek eskaintzeko kontratatzen diren enpresei ahalik eta kalitate kontrol handienak» eskatu dizkiete, «gure osasuna lehena baita, eta enpresa esleipendunaren aurrekariak ikusita, arrazoiak ditugu uste izateko ez dela lehenesten ari».

Hain zuzen ere, ostegun honetan jakinarazi zen Lakuako Hezkuntza Sailak hiru espediente ireki dizkiola Serunion enpresari, hainbat ikastetxetako menuetan hautemandako «kalitate» arazoengatik jarritako salaketen ondoren. Espediente horietako bat 40.000 euroko isunarekin amaitu da. Besteen artean, arazoak anteman dituzte Durana, Zigoitia eta Murgiako eskoletan, baita Hernanikoan ere.