NAIZ

Kolektibo feministek mobilizazioak deitu dituzte Baionan eta Hendaian

Emazteen kontrako bortizkeria salatzeko eguna kari, mobilizaziorako deia egin du Nous toutes Pays Basque kolektiboak. Baionan bihar, larunbatean, 17.00etan da hitzordua, Herriko Etxean. Hondarribia eta Irungo talde feministekin antolaturiko martxa, berriz, 16.30ean abiatuko da Hendaiatik.

Herriko Etxetik aterako da larunbatean Baionan deituruko mobilizazioa.
Herriko Etxetik aterako da larunbatean Baionan deituruko mobilizazioa. (Bob EDME)

Emmanuel Macron 2017an Eliseora heldu zenetik Estatu frantsesean 850 emazte erailak izan direla oroitarazita, emazteen aurkako bortizkeriari aurre egiteko harturiko neurrien eskasia salatu dute Azaroaren 25eko hitzorduari begira Ipar Euskal Herriko talde feministek.

Horrendako, emazteen kontrako bortizkeriari aurre egiteko eguna «erresistentzia, elkartasun eta aldarrikapen espazio» bilakatzeko deia egin dute.

Nous toutes Pays Basque kolektiboaren baitan bildutako talde feministek «mobilizazio masibo baterako deia» zabaldu dute ohar baten bidez.

Manifestazio nagusia Baionan iraganen da. Azaroaren 25ean, 17.00etan, Herriko Etxeko plazatik abiatuko da emazteen aurkako indarkeria salatzea xede duen martxa.

Beste hitzordu bat Hendaian emana du Bagera elkarte feministak. Ekimena 16.30ean hasiko da Hildakoen Monumentoan.

Bidasoako eskualdean

M8 Asanblada Feminista Bidasoaren izenean antolaturiko ekimena Hendaiatik eta Hondarribitik abiatu ondoren Irunen izanen du helmuga.

Hiru kokapen horiek aintzat izanen duen ekintzaren bidez «pornoa eta prostituzioa indarkeria matxista direla» salatuko dute talde feministek.

Hendaiako ekimenaren bukaeran mezu baten lehen zatia osatuko dute. Lekuko batean sartuko dute eta handik Hondarribiko elkarretaratzera eramango dute.

Beste hainbeste eginen dute Hondarribiko hitzorduaren amaieran. Hau da, bigarren zatia irakurri eta Hendaiatik jasotakoarekin batera, lekukoa Irunera eramango dute.

Irunen, 19.00etan deituriko elkarretaratzean plzaratuko dute mezua bere osotasunean.

Beste hainbat ekimen

Mobilizazioekin batera beste hainbat ekimen iraganen dira Ipar Euskal Herriak. Hala bi eguneko egitaraua prestatu du Nous toutes Pays Basquek.

‘Bortxaketa kultura amaitu’ lemapean azaroaren 24. honetan, Planning Familialek Lapurdiko hiruburuan duen egoitzan tailer bat antolatu du, 18.00etan. Ondoren, Valerie Rey-Robert idazle feministak hitzaldia eskainiko du.

Bestalde, ohar baten bidez jakitera eman duenez, azaroaren 25ean egun osoko egitaraua antolatu du Baionako erietxeko biktimologia unitateak Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren egoitzan.