NAIZ

Mikel Zabalza Herri Ekimena: «Benetako egia judizial bihurtzeko bidean urratsak behar dira»

Dozenaka lagun bildu dira Altzan Mikel Zabalza oroitzeko eta omentzeko. 38 urte pasatu dira Guardia Zibilak erail zuenetik. «Denbora asko oraindik egia aldarrikatzen ibiltzeko, justizia exijitzeko, erreparazio osoa eskatzeko. Baina tamalez egia eta justiziaren aldeko lana halakoa da», adierazi dute.

Donostian egindako omenaldiaren argazkia.
Donostian egindako omenaldiaren argazkia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Mikel Zabaltza oroitzeko eta omentzeko ekitaldi bat egin dute larunbat honetan Donostiako Altza auzoan. Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideek gogoratu dutenez, 38 urte pasa dira Guardia Zibilak erail zuenetik. «Denbora asko oraindik egia aldarrikatzen ibiltzeko, justizia exijitzeko, erreparazio osoa eskatzeko. Baina tamalez, egia eta justiziaren aldeko lana halakoa da».

Ohar batean adierazi dutenez, «egia, herritarrok ezagutzen duguna, benetakoa, egia judizial bihurtzeko bidean urratsak behar dira». Eta bide horretan PSOEk egin beharreko lana nabarmendu dute: «Galdetu, interpelatu, eta duten zorra kitatu. Besteak beste adierazpen argiak eginez, eta une honetan torturatzaileei babesa kenduz, sekretuak altxatuz. Denis Itxaso eta bere alderdikideek zor historiko bat dute».

Nabarmendu duten bezala, «argi ilunak izan dira 2023 honetan». «Argia ikusten dugu Nafarroan Torturatuen Sareak burutzen duen lanaren berri dugunean. Aurten, bultzatzen ari diren ikerketak emandakoaren berri izan dugu. Lan talde zabala osatu da eta dagoeneko 56 lagunen kasuak identifikatu dituzte. Izkutatuta eta ixildua zen errealitatea azaleratu dute, lagun askok haien barruan gordea zutena ateratzea, publiko egitearen urratsa eman dute. Eta hori zinez berri ona da. Haiek, biktima gisa behar dute. Guk, herri gisa egi hori behar dugu».

«Jaurlaritzak ere ekimen ofizial bat egin du, Estatuaren bortizkeriaren 66 biktimei aitortza emateko. Beste urrats bat norabide onean. Halako gauzak entzun ditugu Nerea Melgosa kontseilariaren ahotik zein Juana Balmaseda batzordeburuaren ahoetatik: ‘Berandu entzun dugu eta berandu hasi gara ekimenekin’, ‘asko falta da egiteko’, besteak beste ‘artxibo ofizialen desklasifikazioa’ edota ‘isiltasun konplizeak haustea’. ‘Autokritika’ egin behar dela diote. ‘Biktimen bisibilizazioan urratsak eman behar, anestesiarekin bukatu... gizarteari zor diogulako’. Oso hitz egokiak eta beharrezkoak, txalotu beharrekoak», gaineratu dute.

«Ziur aski Iñigo Urkulluren ahotik entzunda indar gehiago izango zuten, irismen zabalagoa, baina gai honekiko bere konpromezuaz zalantzak ditugu. Halako une inportantea izan behar zenera berandu iritsi, amaitzen ari zela hain zuzen, eta ezer ez aipatzeko. Gainera, ekimenaren izenburua ‘Verdad, memoria, reconocimiento, garantía de no repetición’ zen. ‘Justizia’, izenburuan ez zen. Nazio Batuek eta organismo guztiek ‘egia, justizia eta erreparazioa’ren beharra azpimarratzen dute halako egoerentzat. Baina hemen ahaztu egiten zaigu. Zergatik? Beraz bai, informean zioten bezala ’asko falta da egiteko’. Hobe esanda: asko falta zaizue egiteko».

Gogoratu dutenez, Jose Ignacio Fernandez Guaza ultraeskuindarraren adierazpenak ere irakurtzeko aukera izan dute: «Gerra zikinean barruraino sartuta, guardia zibilarekin zuten harreman ezin hobea aitortu zuen: ‘Teníamos carta blanca’ zioen; eta kuartelei buruz ‘eran nuestras casas’. Amaitzeko, Manuel Sanchez Corbi koronela, 1998an Kepa Urra torturatzeagatik kondenatua izan, eta Aznarrek indultatutako guardia zibilak, Espainiako Azitegi Nazionalaren domina jaso du: zilarrezko gurutzea. Honek berriz zera oroitzen digu: Euskal herritarrak torturatzea saritua dela».

«Ez da ahaztua eta aitortza mailak irabazten doa»

«Ikusten duzuen bezala, argiak eta ilunak. Halaxe beste urte batez bidean topatzen duguna. Baina sasi guzti horien artean bidea egiten segitzen dugu eta Mikelen gaiak ere bere bidea egiten segitzen du. Ez da ahaztua eta aitortza mailak irabazten doa. Ostegunean aurkeztu den liburuak horren bidean urrats garrantzitsua da», azpimarratu dute. 

Eta ekimen gehiago izango direla iragarri dute.  Izan ere, bi urte barru 40 urte beteko dira Mikel Zabalza torturatu eta hil zutenetik, eta Altzako Mikel Zabalza Herri Ekimenak «modu berezian lantzeko asmoa du eta denon parte hartzearen bidez ideiak ekartzea bultzatuko du une inportantea bihurtzeko. Beste mugarri bat bide luze honetan».