Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Elkarrizketa
Maite Reizabal Arregi
‘Enpresabidea’-ko zuzendaria

«Gure izaerari eutsi, eta hazten jarraitu nahi dugu, erreferente izan»

2022n sortu zen ‘Enpresabidea’, euskaraz tokiko ekonomia eta enpresa munduari buruzko informazioa eskaintzen duen egunkari digitala. Hasieratik sartu zen Maite Reizabal, ekonomiaz beste modu batez aritzeak eta proiektu berri bat martxan jartzeko taldean egoteak erakarrita. Zuzendari dabil orain.

Maite Reizabal Arregi, NAIZekin elkarrizketan.
Maite Reizabal Arregi, NAIZekin elkarrizketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Maite Reizabal Arregi (Donostia, 1993) Komunikazioan graduatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta irakasle izan da bertan. Ikerketaren eta komunikazio instituzionalaren alorretan aritu da Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuan, kazetari ere bai ‘Irutxuloko Hitza’-n eta ‘Mundo Deportivo’-n.
Hasieratik batu zen ‘Euskarabidea’ idatzizko egunkari digitalera, eta zuzendaria da orain.

2022ko apirilaren aitzinetik, euskarazko informazio ekonomikoak bi iturri mota zituen, hedabide jeneralistak eta argitalpen espezializatuak. Hutsunea zegoen erdian, espezializatutako kazetaritza eta dibulgazioan, eta hori betetzeko abiatu zen ‘Enpresabidea’, Kataluniako “VIA Empresa” erreferente zuela.

 

Etxekoa
«Egunerokoan ekonomia arrotz ikusten dugu. Aldiz, erabaki askotan dago: erosketetan, hipoteka bat sinatzean, nomina bat jasotzean...»

 

«Hazkundea ezin da soilik BPGaren baitan neurtu, badira beste alderdi batzuk: gizartearen ongizatea, zein puntura arte ari garen gizarte jasangarria eraikitzen...», adierazi digu Reizabalek. Ekonomiaren ikuspegi zabal hori da proiektuaren bereizgarrietako bat. Bestetik, «egunerokoan ekonomia arrotz ikusten dugu. Aldiz, erabaki askotan dago: erosketetan, hipoteka bat sinatzean, nomina bat jasotzean...». Hori helarazi nahi digu egunkariak herritarroi, erabakiak ahalik eta askeen hartu ahal izateko.

Enpresa ehun zabala

Euskal Herrian enpresa ehun oso zabala dugula ikusaraztea da beste xede bat: «Industriak pisu handia du, zerbitzuek ere bai. Zaintzari lotutako sektorea indartzen ari da, beharragatik eta garrantzi handiagoa ematen diogulako ere bai. Tokikoak ere hor daude: bere herrian balioa sortu nahi duen denda txiki bat, informatika enpresa bat edota Araban zigarro puntak birziklatuz eta eraikuntzarako zelulosa lortuz ekonomia zirkularra egiten duen proiektua».

Hori guztia euskaraz egiten dute. «Ekonomia gaiak euskaraz jorratzeko bide asko dago egiteko, egiten ari gara eta erronka izaten ari da, oraindik ere askorentzat arrotza baita euskaraz ekonomiaz aritzea».

 

Feminista
«Gaietan gehiago heldu behar diogu zaintzari, indarkeria matxistaren kontrako borrokari, aniztasunari... Gurean idazten duten adituen artean ere parekidetasuna bilatzen dugu».

 

Sorreratik dute ikuspegi feminista, jorratzen dituzten gaietan eta lantaldean. «Gure esparrua oso maskulinizatua dago oraindik eta ez dugu beti lortzen ahots parekidetasuna. Erronka da, egunero. Gaietan gehiago heldu behar diogu zaintzari, indarkeria matxistaren aurkako borrokari, aniztasunari... Gurean idazten duten adituen artean ere parekidetasuna bilatzen dugu».

Hartzaileen artean, ekonomiaren dibulgazioari heldu nahi dioten herritarrak, egunerokotasunean erabaki ekonomikoak hartzeko tresnak behar dituztenak, eta enpresa ehuna dituzte. «Lanorduetan irakurtzen da bereziki ‘Enpresabidea’, eta lanerako tresna gisa erabiltzen du askok».

Rikardo Arregi Saria

Jaioberriak ziren Rikardo Arregi Komunikazio saria jaso zutenean. «Etorkizuneko amets bezala ikusten genuen, baina zazpi-zortzi hilabeteko ibilbidearekin saria jaso genuen. Hauspoa izan zen. Berretsi zigun benetako ekarpena egiten diogula gizarteari».

Egunerokotasunean, lau kide ari dira lanean, Donostiako Miramon pasealekuko Tandem eraikinean: Karolina Sainz de Bikuña gerentea, Joanes Marquet kazetaria, Borja Cardenas estrategia digitalean aditua eta Maite Reizabal bera. Pilar Kaltzada proiektuaren sortzailea eta Nico Cuenca orain arteko koordinatzailea ere nukleoaren parte dira. Kolaboratzaile sare zabala dute, kazetari eta adituek osatua. Zuzendariaren iritziz, bi profil horiek uztartzea da ‘Enpresabidea’-ren gakoetako bat.

 

Maite Reizabal Arregi hasieratik izan da proiektuaren parte. (Gorka RUBIO / FOKU)

 

Egunkariak bere izaera eraiki du eta horri eustea da asmoa. Aldi berean, hazten jarraitu nahi dute, «publiko berrietara iritsi, erreferente izan».

Doan irakur daiteke, astelehenetik igandera, enpresabidea.eus estekan edota egunero posta elektronikoan buletina jasota.

Elkarrizketaren eguneko bi nabarmenduek ederki erakusten dute egunkariaren lana: alde batetik, Argentinako hauteskundeen emaitzari eta etor daitekeenari heldu diote; bestetik, bajak nola kalkulatzen diren azaldu dute.