Iraitz Mateo

‘Nor’ liburuak irakurlearen ispilu izan nahi du nortasunaren eraikuntzan

Gazteentzako eleberri ilustratu gisa etiketatu daiteke ‘Nor’, baina astelehenean egindako aurkezpenean, hori baino gehiago dela esan dute proiektuko kideek. Irati Goikoetxeak idatzi eta Irrimarrak ilustratu du, Popatik eta Bizipoza taldeen bi abesti eta Mayor sexologoaren epilogoa ere badaude.

Irati Goikoetxea ‘Nor’ liburuaren aurkezpenean.
Irati Goikoetxea ‘Nor’ liburuaren aurkezpenean. (Jon Urbe | FOKU)

Ohiko liburu bat baino gehiago da ‘Nor’, «hausnarketarako espazio aske bat» da Irati Goikoetxearen esanetan. Gazteei zuzendutako eleberri ilustratua da, baina astelehen goizeko aurkezpenean ohartarazi dute herritar orori egingo liokela ekarpena liburuak, zer pentsatua eman behintzat bai. 1545 argitaletxeak Naizen elkartearekin batera kaleratutako liburua da, eta aurkezpenean izan dira Goikoetxearekin batera Aingeru Mayor, epilogoa idatzi duen sexologoa, eta Xabi Salaberria argitaletxeko kidea. Karmele Gorroña ‘Irrimarra’ ilustratzailearenak dira irudiak.

Sormen prozesu «intentsoa» izan da Goikoetxearen ustez, baina behin baino gehiagotan errepikatu eta eskertu duena «talde lana» izan da. Urte eta erdiko ibilbidea igaro da ideia liburu bihurtzeraino, eta bidean asko hausnartu eta eztabaidatu dutela kontatu dute.

Ez da ohikoena idazleek beraiek proposatzea titularrak, baina Salaberriak hala eskatuta, horixe egin dute Goikoetxeak eta Mayorrek; eta akaso beraiek baino hobe ez du inork laburtuko egindako lana. Goikoetxeak, baten faltan bi bota ditu: «Espazio aske bat hausnarketarako», lehendabizikoa, eta «‘Nor’ identitate eraikuntza konszientea askatasunez egitea da, zoriontsu izateko».  Mayorrek bere epilogoko ideia bati jarraiki erantzun du «izan ahal izateko, ikusia izatea garrantzitsua da».

Eta horiek dira gutxi gehiago liburuan lantzen diren gai nagusiak, 14 urteko bost gazte dira protagonistak eta «arnas beharrean» sentitzen dira; Goikoetxeak kontatu du isipiluari begiratzen ez direla ausartzen protagonistak, erantzun gabeko galdera asko dituztela eta. Beraien nortasuna garatze bidean topatutako galdera, oztopo, irrika etabarrak kontatuko ditu liburuan boskoteak.

Bost protagonista, hamaika ikuspegi

Atal bakoitzak protagonista baten edo biren izenak ditu: «Pertsona bakoitzari bere momentua eta espazioa eman nahi genion», eta Goikoetxeak aurreratu du ez dituela pertsona horiek aurkeztuko, «bakoitzari bere nortasunaz hitz egiteko espazio askea utzi behar zaio».

Goikoetxearen ustez bere belaunaldia «kontzientzia handiegirik gabe» iritsi da helduarora, eta bide horretan, ‘Nor’, «identitatea eraikitzeko askatasuna eta maitasuna lantzea» da, beraiek egin gabekoa hurrengo belaunaldiei gerturatzeko asmoa du. Enpatia, errespetua, beldurra, irainak, adiskidetasuna, familia, kalea zein eskola oso presente dauden liburua da.

«Izan ahal izateko ikusia izatea beharrezkoa da, eta aldi berean begiratzea ezinbestekoa da», esan du Mayorrek. Epilogoan ere ideia hori nabarmendu du, eta hitz jokoak baliatu ditu horretarako: «Ikusteko begiratu, begiratu ikusteko, ikusi zaintzeko, zaindu maitatzeko… hitzen segidak sortzen hasi nintzen».

Azken atala berezia da, «bidea irekitzen duten galderak» direla esan dute, eta bertan, irakurlearentzat baliagarriak izan daitezkeen galderak jasotzen dira, baina argi utzi dute ez dela liburuaren ulermena lantzeko atal bat, hausnarketarako tartea sortzekoa baizik. Eta Goikoetxeak zehaztu du erantzunak ez duela horrenbeste axola, «gonbita egiten dugu erantzunen bilaketa horretara». Irakurtzeko modu asko daudela ere aipatu du, atal bat irakurri eta horren inguruko hausnarketen atalera jo, osoa irakurri eta ondoren joan, aurrera eta atzera ibili ataletan zehar...

Taldean hausnartzea eta sortzea

1545 argitaletxeak Goikoetxeari ideia proposatu zion, baina lan talde bat sortu zuten berehala ideia horiek mamitu, hausnartu, eztabaidatu eta fintzen joateko. Horri eskertuta dago idazlea, eta aurkezpenean azaldu du «forma erabaki ostean, gozamen hutsa» izan dela idazketa prozesua.

Lan taldeko lagun askoren hausnarketak jasotzen ditu liburuak, «detaile txiki zaindu asko daude, lanketa oso aberatsa izan da» onartu du. Irudiari dagokionean ere Irrimarrari ideia aurkeztu aurrez asko pentsatu zutela esan dute, «ilustrazioek hitzari laguntzeaz gain, zerbait gehiago esatea nahi genuen, eta bikain ulertu zuen nahi genuena».

Sormen prozesu berezia izan du ‘Nor’ liburuak, izan ere, 2017an sortu zen Oiartzunen 1545 argitaletxea, Eneko eta Xabi Salaberria anaien literatur zaletasunetik abiatuz, eta beste hainbat proiekturekin zebiltzala, gazteentzako eleberri ilustratuaren ideia izan, eta Goikoetxearekin jarri ziren harremanetan. Piztumeta 2022 ekimenera aurkeztu ziren Naizen elkartearekin batera jarri zuten martxan proiektua.

Goikoetxeak «oraindik idatzi gabea zegoenean ere irakurleek izandako prestutasuna» eskertu du; izan ere, crowdfounding bat jarri zuten martxan proiektuaren ideiarekin, eta 231 ekarpen jaso zituzten bertan. Duela gutxi hasi dira liburuak etxeetara iristen, eta feedback ona jaso dutela kontatu dute.