NAIZ

Ortzadarra ikur, heldu den maiatzaren 12an ospatuko du Seaskak 41. Herri Urrats Senperen

Iaz izandako euriteari aurre eginez euskaltzaleek emandako erantzuna eskertu ondoren Herri Urratsen 41. edizioko data jakitera eman du Seaskak. Ipar Euskal Herriko ikastolek antolaturiko besta nagusiaren hitzordua 2024ko maiatzaren 12an emana da Senperen.

Seaskako eta Herri Urrats elkarteko ordezkariek 2024ko maiatzaren 12an iraganen den Herri Urrats aurkeztu dute Baionan.
Seaskako eta Herri Urrats elkarteko ordezkariek 2024ko maiatzaren 12an iraganen den Herri Urrats aurkeztu dute Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

«Maiatzaren 12an Senpereko lakua berriz euskaltzalez beteko duela» hitzeman du astearte honetan Seaskak ondoko Herri Urrats jaialdia aurkezteko eginiko agerraldian.

Iaz izandako euriteak erdizka zapuztu bazuen ere Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikastolek antolaturiko besta nagusia, kosta ahala kosta elkartasuna adieraztera bertaraturiko jendearentzat esker oneko hitzak izan dituzte, azaroaren 28. honetan Baionan Seaskako ordezkariek.

«Araba gunea erdigune hartuta milaka euskaltzale hurbildu ziren zeruari begiratu gabe ikastolen besta handia ospatzera eta sostengua adieraztera», nabarmendu dute, «besta tippi erraldoi horrek malkoak irribarre bihurtu zituela» gaineratuz.

Baldintza zailetan ere jendeak adierazitako sostenguak edizio berri bat martxan emateko orduan «indar are handiagoa» eman diela aitortu dute Herri Urratsen antolatzaileek.

Dagoeneko egutegian data sartzeko gomendioa eman dute, erran bezala, 2024ko maiatzaren 12an berriro ere Senpereko aintzira milaka eta milaka euskaltzaleen elkargune bilakatzeko parioa berretsi duelako Seaskak.

Edonola ere, sostengu ekonomikoa biltzea ez dela lehentasun bakarra agerian jarri du prentsaurrekoan Peio Jorajuriak, beste behin ere ikastolen garapena baldintzatzen duen ‘Falloux legea’ bertan behera uztea galdetu duela.

Kolegio berria, ‘Falloux legea’-ren mehatxupean

Seaskako lehendakariak salatu duenez, baliabide publikoak egitasmo pribatuetara bideratzea debekatzen duen lege zaharra aitzakia gisara baliatzen du frantses Estatuak ikastola berriak sortzeari trabak ezartzeko asmoz.

Astearte honetako agerraldian eraso horren azken adibidea eman dute ezagutzera Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikastolen federazioko arduradunek.

Hain zuzen, aintziratik oso gertu, Senperen Seaskak altxatu berri duen bosgarren kolegioa diruztatzea izan zen laino beltzen artean igaro zen iazko Herri Urratsen helburu nagusia.

Alta, ikasleriaren etengabeko hazkundeari erantzutera etorri zen eraikin berriaren gainean arrisku berria irudikatu da geroztik.

Hala Estatuak Senpereko Herriko Etxearen gainean presioa ezarri du.

Aurreko udal gobernuarekin 99 urterako kontratua adostu zuen Seaskak, ikastetxe berriaren etorkizuna bermatzeko epe luzerako alokairu enfiteutikoa deritzona baliatuz.

Pirinio Atlantikoen Prefeturak, ordea, akordioa hautsiz lurrak erostera behartu nahi du Seaska.

Estatu delegazioak argudiatu duenez, udal batek ezin du ondasunik bideratu kolegio bat irekitzeko, bigarren hezkuntza maila departamenduaren eskuduntza delako.

Frantziar Hezkuntza Kodeak argiki adierazten badu ere sare publiko frantsesetik kanpo jarduten duten bigarren mailako ikastetxeek ahal dutela «estatu, eskualde, departamendu eta baita herriko erakundeen sostengua jaso ere», Prefeturak emandako traba berriari nola aurre egin hausnartu beharko dute Seaskako ordezkariek eta Senpereko Herriko Etxeak.

Etchegaray, Beskoitze auzia bideratzeko ahaleginetan

Senperen Prefeturaren jokabideak sor dezakeen oztopoari gehitu behar zaizkio Beskoitzen ikastola berria eraikitzeko udalak ezarritako trabak.

2.500 lagunek blokeo hori altxatzea galdetu zuten joan zen azaroaren 18an Beskoitzen.

Auzia hori bideratzeko nahian bitartekari gisara jokatzeko Julien Charles prefetak agertu zuen prestutasunak ez du krisia konpontzen lagundu.

Are, Baionako suprefeturak uko egin dio bilera bat antolatzeari, neurri handi batean prefetak emandako hitzaren balioa gutxietsiz.

«Senperen trabak, Beskoitzen deus», laburbildu du Seaskako lehendakariak estatu ordezkariak euskararen alorrean harturiko jokabideari buruz.

Anartean, Euskal Elkargoaren lehendakariak Jean-Rene Etchegarayk elkarrizketa bultzatzeko egitasmoa eman du martxan eta, France 3 telebistak zabaldu duen albistearen arabera, proposamenak ez du begi txarrez hartu Beskoitzeko Udalak.

Etchegarayen urratsa eskertu eta Beskoitzeko ikastolaren gainean sorturiko gatazka hori bideratzeko duen borondatea berretsi du gaurko prentsaurrekoan Seaskak.

Hain zuzen, 2024ko Herri Urratsen lorturiko ditu etekinak Beskoitzen ikastola berria eraikitzeko erabiliko dituztela baieztatu dute Seaskako ordezkariek.

Erromako zubia, itxaropena berriz pizteko

Iazko Herri Urrats ilundu zuen aroak eta geroztik azaleraturiko gatazka zahar eta berriek oraindik ere zerua hodeiez estaltzen dute oraindik.

Izan ere, itxaropenari bide bat eman nahi dio Seaskak, heldu den maiatzaren 12an Senperen antolatuko duen besta nagusi horretatik hasita.

Horrendako, ‘Ortzadarra’ izanen da 41. Herri Urratsen leloa eta iruditegiaren baitan ‘Erromako zubia’ izenarekin ere ezaguna den fenomenoak zentzu guztia hartuko du.

«Zubiaren eta ortzadarraren sinbolismoa batuz, euskararen eta ikastolen mugimenduaren aniztasuna eta batasuna» nahi dute azpimarratu antolatzaileek.

Finean, beste albistea eman dute. Euripean bada ere, iaz Senpereko oholtzara igo zen Neoma taldeak onartu du Ipar Euskal Herriko ikastolek hurrengo Herri Urratsen kanta egiteko luzaturiko gonbidapena.

Heldu den martxoan ezagutzera emango du abestiaren sorkuntzan buru-belarri sartuta dagoen zazpi emaztez osaturiko taldeak.