Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Elkarrekin sistema salatu eta bizitza besarkatzeko egun handia

Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatu eta hamaika eragilek babestuta, zaintzak eta denon bizitzak erdigunean paratu dira azken asteotan herriz herri egin diren denetariko jardueretan. Orain, egun handia heldu da.

Azaroaren 30eko greba aurkezteko agerraldi jendetsua, joan den urrian Hernanin.
Azaroaren 30eko greba aurkezteko agerraldi jendetsua, joan den urrian Hernanin. (Jon URBE | FOKU)

Euskal gehiengo sindikalarekin batera erregistratutako grebak aldarrikatzeko balioko du. Feminista izanen da, sistema kapitalista, heteropatriarkal, kolonialista eta arrazista salatzeko. Orokorra, hainbat mugimenduren artean aliantzak indartzeko.

Apustu handia da greba orokorrik apenas egiten den sasoirako, zer eta ikusezina den baina gure bizitzaren zutabe den zaintza plazara ateratzeko. Paradoxikoa izanen da zaintzaile aunitzek eta aunitzek ezingo dutela grebarik egin, ezta mobilizazioetan parte hartu ere, ezingo diotelako zaintzeari utzi. Ezinbertzeko zaintzaileak dira, etxeko langileak, zerbitzu minimoetan ariko direnak, egoera prekarioagatik grebara joan ezingo direnak, egoera administratibo irregularrean daudenak…

«Greba garrantzitsua da gure eskubideak baliatzeko. Emakume guztiok indarrak batu eta greban parte hartu behar dugu, bakoitzak ahal duen bezala, gure ahotsa entzun dadin»

 

Paradoxa hori agerian jartzea bera bada kontzientzia hartzeko modu bat. «Greba egin ezin dutenengatik ere atera behar dugu kalera», animatu dute. Greba egunean lanera joatera behartuta daudenei zapi laranja jartzea proposatu diete, besoan, diadema gisa zein lepoan. Zapiak erresistentzia sinbolo dira borroka ugaritan. Gurean ere, greba honen aurrekari diren 2018 eta 2019ko lanuzteetan zapi moreak erabili ziren.

Sindikalistak, Iruñean greba erregistratzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Egun bakar batetik harago

Azaroaren 30a inflexio puntu gisa ezarri da, nahiz eta grebaren helburuak eta ekintzak ez diren egun bakarrera mugatzen. Zaintza eskubide kolektiboa lortzeko lur kantitate handiak irauli behar dira eta guztion beharra izanen da goldean aritzeko. Ostegunean, goldearen ildo edo erreka erakusteko aukera izanen dugu, goldatzaren parte izateko. Baina prozesu osoa baloratuko du Euskal Herriko mugimendu feministak: antolakuntza, aktibazioa, saretzea, politizazioa, interpelazioa eta aliantzak. 

1.500 atxikimendu baino gehiago jaso ditu grebak. Langile guztiak daude deituta lantokiak hustu eta kaleak betetzera. Baina hortik harago doa deialdia. Greba hau prozesu baten mugarria da.

 

Egunak dira horma, farol, hesi eta leihoak kartelez josiak ditugula; egun batean pegatina ttiki batzuk, hurrengoan  oihal erraldoi bat, egunez egun, bizitzaren besarkada goxoak. Zaintzaileak aditu eta gaiaz solas egin da topaketetan; herri batzar mistoak osatu dira greba antolatzeko; sektorez sektore manifestuak adostu dituzte; agerraldiak egin dituzte deialdiarekin bat eginez EHUko zein Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle, irakasle eta langileek.

Leioako ikasle eta langileen agerraldia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Grebarekin bat egin zuen Bilbon Azoka Gardenak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Denon onerako da

Guztioi berdin eragiten ez badigu ere, guztion onurarako greba dela adierazi dute. «Zaintza guztion ardura da, zaintza lanak aitortu eta banatu egin behar dira. Emakumeok planto egiten ari gara, gizonek dagokien ardura hartzeko». 


Hiru zatitan banatuko da eguna: goizaldeko piketeak, eguerdiko etxeko langileen ekimena eta arratsaldeko manifestazioak. Hego Euskal Herriko hiriburuetan izanen dira mobilizazio nagusiak, baina eskualdez eskualde ere zabalduko dira.

 

Eguna bera hiru zatitan banatuko dute: goizaldeko piketeak, eguerdiko etxeko langileen ekimena eta arratsaldeko mobilizazioak. Horra hitzordu garrantzitsu batzuk: 7.00etan errepideak blokeatuko dituzte Durangalde osoan eta Atxondon ekimena eginen dute EHNErekin. Lea-Artibain, Gardotzako industriagunean pikete zaratatsuak izanen dira. Bilbon manifestazioak eginen dituzte zutabeka. 

A30, HEGO EUSKAL HERRIKO HIRIBURUETAN:

Iruñea: 18.00etan, Antoniutti parkean
Donostia: 18.00etan, Antiguako tunelean
Gasteiz: 18.00etan, San Anton plazan
Bilbo: 17.30ean, Jesusen Bihotzean

 

Oñatin piketeak izanen dira industriaguneetan; Hernanin errepideak itxiko dituzte; eta Donostian, 7.30ean, Antiguako Psikologia Fakultate parean errepideak hartuko dituzte zaintzako elementuekin eta 8.00etan Martuteneko kartzelan irakurketa eginen dute. Iruñean piketeak izanen dira eta Gasteiz ere bai,  Michelinetik eta Mercedesetik hasita.

Eguerdian, Durangon Barandiaran zahar-egoitzatik kalejira eginen dute zaintza-langileekin; Bilboko udaletxean eta Atzerritarren Bulegoan performanceak eginen dituzte. Donostian udaletxetik abiatuta, instituzioetatik pasako dira etxeko langileekin. Iruñean elkarretaratzea eginen dute Aldundian eta Gasteizen ekintza bat antolatu dute Zumakadi kaleko Lanbidetik hasita. 

«Zaintza lanak kolektibizatu eta berriz antolatu behar dira. Lehentasuna da zaintza-langileen esplotazioa eta prekarizazioa bukatzea ere». 

 

Arratsaldeko manifestazio nagusiak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izanen dira baina, horietaz gain, eskualde eta herri ugaritan ere antolatu dituzte, gehienak seietan. Durangon, Markina-Xemeinen eta Gernika-Lumon. Zumaia, Arrasate, Hernani, Errenteria, Ordizia, Urretxu eta Zumarraga eta Tolosan.

Eibarren 12.30ean da manifestazioa eta Hondarribian, 17.30ean. Nafarroan, Elizondo, Altsasu, Irunberri eta Tuteran dira hitzorduak, 18.00etan. Lizarran 19.00etan elkartuko dira, eta Tafallan, 19.30ean. Araban, 18.30ean Agurainen izanen da manifestazioa eta 19.00etan, Laudion.