Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Zaintzaren ibilbidea, egoiliarretatik haur eskolara, isildutako ahotsak aditzeko

Bozgorailuek ernatu gaituzte. Greba feminista orokorra da eta dardara bat ari da hiri eta herri koskorrak astintzen, baita ttikiak ere. Beran, adibidez, zaintzaren ibilbidea egin dute, eta jende puska bildu da isiltzera ohituta daudenen borrokak ezagutzeko. Arratsaldean, Elizondon da hitzordua.

Uxane eta Maddiko langileak, testigantza ematen, Berako zaintzaren ibilbidean.
Uxane eta Maddiko langileak, testigantza ematen, Berako zaintzaren ibilbidean. (M. I. G.)

Goizeko bostak dira Berako industriagunean pikete informatiboak agertu direnean, Botxotik abiatuta. Lantegiak ez dira gelditu baina zaintza kolektiboaren aldeko aldarriak entzun dituzte behintzat. Handik Sunbilla aldera jo dute grebalariek eta N121A errepidea moztu dute 7.30ean. Hogei minutuz eutsi diote eta ilarak sortu dituzte. Ez dute arazorik izan foru poliziarekin.

 

N121A errepidea moztu dute Sunbillan.

 

Egun berezia izan da haurrentzat ere, hezkuntza zentro gehienek gutxieneko zerbitzuak soilik eman baitituzte. Komertzioei dagokienez, aunitzek ez dute ireki eta grebarekin bat egiten dutela adierazteko kartela eskegi dute atean.

Euskal Herriko eta Berako lurrak dardaratzen ari da greba, eta ez egun batez bakarrik. Prestaketa luzea eta hagitz emankorra egin da, zaintzaren erranahia bera aztertzetik gu guztion bizitzetan eragina duen sistema kolonial, arrazista, kapitalista eta heteropatriarkalaren ondorioak ulertzeraino. Egiten hasitako bideari segitu beharko zaio, pausoz pauso irauliz, egunez egun eraldatuz.

Berako mugimendu feministaren eta zaintza langileen arteko sareak sendotzeko balio izan du grebak. Azaroaren 17an mahai-inguruan bildu ziren bost zaintzaile eta horri jarraituz zaintzaren ibilbidea egin da Azaroaren 30 honetan, herriko hainbat borroka ezagutzeko.

Egoiliarrena, errealitaterik gordinena

Udaletxearen arkupeetan zen zita. Jende ugari elkartu da, eguraldi txarra ikusita espero zitekeena baino gehiago. Gure etxeetan lanean ari diren emakume egoiliarrak aditu ditugu lehenbizi. Haiena da egoerarik gordinena. «Zaintzen nuen gizonak ez zidan lo egiten uzten», hasi da kontatzen emakume etorri berri bat. «Gela berean egiten genuen lo, ohe banatan. Aunitz kexatzen zen. Aukera zuenean, galtzerdiak jartzen nizkionean adibidez, titiak ukitzen zizkidan. Ipurdia ere bai. Eta gauza nazkagarriak erraten zizkidan».

Gero bertze lan bat izan zuen. Hor lau urtez iraun zuen astelehenetik igandera lanean, atseden egunik gabe. «Paperik ez nuenez eta jasotzeko baldintza bezala hori jarri zidatenez onartu egin nuen. Amaieran estresatua nengoen, lehertuta, ia erotuta».

Halako egoera batean gure burua imajinatzen ote dugun galdetuz, Legia karrikan barna Jesusen Bihotzako haur eskolara segitu du martxak. Askotariko jendea dago, haur txikiekin etorri diren familiak, ikasle gazteak, jubilatuak, emakumeak eta gizonak. Jesusen Bihotzan ez diete atea ireki. Hortaz, zinta laranja utzi diete atarian eta Uxane eta Maddi zentroetara jo dute. Hauetan ere xingola ikusi dugu.

Grebalariek txokolate beroa eta bizkotxoa eskaini diete, eta Aroa eta Aitziber langileek zer eskatzen duten eta zein baldintzatan ari diren lanean esplikatu dute. Eskaera nagusia zerbitzuak publikoak izatea da.

 

 

San Jose adinekoen egoitzan, langileak eskerrak ematera atera dira, jasotako babes guztiagatik. Haiek ere lanean ari dira, halabeharrez. Adierazi dutenez, hurbilean norbait tokatu arte ez gara gai egunero egiten duten lana ulertzeko. «Pandemian gehixeago ikusi zen, baina bakarrik atera ginen aitzinera. Gauza bat da telebistan ikusten dena eta bertze gauza bat errealitatea».

 

Adinekoen egoitzako langileekin solasean. (M.I.G.)

 

Zaintzen dituzten pertsonei begiratu ahal izateko denbora behar dute, horrek erran nahi duen guztiarekin. «Beren beharrei erantzun nahi diegu merezi duten bezala. Zaintzea ez da garbitzea eta elikatzea bakarrik. Ikusten ez diren beharrak dituzte».

Landa eremuko emakumeak

Handik Altzateko plazara segitu du zaintzaren ibilbideak. Han, espazioa hartzea izan da lehenengo lana, trafiko handia pasatzen baita bertatik. «Zaintza bizitza duina eraikitzeko oinarria da. Gaur egungo sistema ekonomikoak ez ditu zaintzaileak kontuan hartzen, ez baitu aitortzen zer garen: interdependenteak eta naturaren osagaiak», irakurri dute agirian, ehun lagun baino gehiagoren aitzinean.

 

Altzateko plazan irakurri dute zaintza ibilbidearen mezua. (M. I. G.)

 

Euskal Herriko landa eremuko emakumeak goraipatu dituzte. «Bizia sostengatzeko beharrezko elementuen lotura argiago ikusten da landa eremuan: ingurua, herria eta komunitatearen arteko lotura», adierazi dute.

Lan ordainduan ari direnez gain, ekitaldian gogoan izan dituzte beren bizia bertzeen zaintzari eman dioten emakumeak, batere dirurik jaso gabe.

Hezkuntza zaintzetatik hasten da

Mukixu haur eskolan bukatu da ibilbidea. Urteak dira Nafarroako udal haurtzaindegietako langileak beren zikloa duintzeko lanean dabiltzala 0-3 plataformaren bitartez. «Zaintzen inguruko pedagogia egiten saiatu gara klase politikoarekin. Bide neketsua eta frustrazioz betea izan da, gure errealitatetik urrun agertu baitira uneoro. Ezinezkoa izan da nahi genuen elkarlanerako zubia eraikitzea, kalitatezko zaintzak ziurtatzen dituzten zerbitzuek inbertsio ekonomiko garrantzitsua eskatzen baitute, eta momentuz klase politikoak ez du horren aldeko apusturik egin nahi», azaldu dute.

 

 



60 eguneko greba gogor bat daramate motxiletan, greba batek politikariak ernatuko zituen esperantza izan zuten. «Zoritxarrez, berriz ere kale egin zuen gure saiakerak. Nahiz eta grebari esker hobekuntza txiki batzuk izan gure zerbitzuan, behar dugunetik urrun gabiltza oraindik».

Horregatik, Azaroaren 30 honetan ere politikariengana eta administrazio publikoarengana zuzendu dira, Udalarengana eta Nafarroako Gobernura, berriz ere entzun ditzaten, elkarlanerako zubi hori poliki-poliki eraikitzen has daitezen. «Ez dugu diskurtso politik entzun nahi; ekintzak eta erabaki ausartak behar ditugu. Ez dugu etsiko, eta ez gara gauza bera errepikatzeaz nekatuko: hezkuntza zaintzetatik hasten da», azpimarratu dute.

Manifestazioa, Elizondon

Arratsaldean, Elizondon da hitzordua, bertako plazan elkartuko dira, 18.00etan, inguruko bailaretako herritarrak, manifestazioa egiteko.

Kotxe karabanan abiatu dira Beratik, Lesaka, Etxalar, Berrizaun, Sunbilla, Doneztebe, Oronoz, Arraioz eta Irurita pasatuz, eta baita Saratik ere, Zugarramurdi, Urdazubi eta Amaiurren barna.

[ZUZENEKO JARRAIPENA]