NAIZ

Arriskuan dagoen igaraba Gipuzkoako arro guztietara zabaldu dela berretsi du Aldundiak

Orain arte desagertutzat jo izan den animalia, igaraba, Gipuzkoako ibai arro guztietan berreskuratu dela berretsi du Foru Aldundiak. «Fototranpeo» bidez lortutako irudiek espezie mehatxatu honen familia talde bat erakutsi dute eta ugaltzen ari direla baieztatu.

Igarabak Gipuzkoan, fototranpeo bidez lortutako irudietan.
Igarabak Gipuzkoan, fototranpeo bidez lortutako irudietan. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, igaraba, espezie mehatxatua eta orain arte desagertutzat jo izan dena, herrialdeko ibai arro guztietan berreskuratu da. Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak «fototranpeo» bidez berriki lortutako irudiek igaraben familia talde bat erakusten dute: «Ugaltzen ari dela berresten duen froga argia dugu».

Igaraba (Lutra lutra) ugaztun erdi urtarra da, mustelidoen familiakoa, eta «galzorian» dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoaren arabera. Ohitura urtarrak edo erdi urtarrak ditu, eta arrainez, karramarroz eta intsektu txikiez elikatzen da batez ere. Espezie hori asko bakandu zen Gipuzkoan joan den mendearen erdialdean, kutsaduraren ondorioz, eta desagertutzat jo zen hirurogeiko hamarkadan, Oria ibaiaren ertzean (Lazkao, Itsasondo...) azken aleak ehizatu zirenean.

«Familia talde hori ikusteak, azken urteotan lurraldeko arro guztietan jaso diren datuekin batera, frogatzen du, zalantzarik gabe, igaraba Gipuzkoara itzuli dela; albiste bikaina, inondik ere, hamarkadak baikeneramatzan haren zain», adierazi du Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak.

Nabarmendu duenez, espezie honen presentziak garrantzi handia du, ur-masen egoera ekologiko ona islatzen duen «bioadierazletzat» hartzen baita.

«Hamarkada bat pasatxoan espeziea berreskuratu egin da, ekialdetik mendebaldera zabalduz, eta horrek erakusten du ingurumenaren eta ibaien egoera hobetu egin dela, garatutako proiektuek horretan lagundu baitute», azpimarratu du Arrutik.

Gipuzkoako ibai ekosistemak berreskuratzeko lanen zati handi bat Europar Batasunak finantzatutako proiektuen bidez gauzatu da. Aldundiak nabarmendu duenez, 2011. urteaz geroztik, etengabe, Bidur, Guratrans, H2O Gurea eta Life Irekibai proiektuen bidez, sakon aztertu da Bidasoa, Urumea eta Oria ibaien hidrogeomorfologia, presak kendu dira, arrainentzako pasabideak eraiki dira eta Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak ekintza ugari egin dituzte elkarrekin, arriskuan dauden beste espezie batzuk babesteko. «Espezie inbaditzaileak desagerrarazteko ere lan egin da eta espezie exotikoen ordez ibaiertzeko basoko landare autoktonoak jarri dira», azaldu du.